Borondate onari gorazarre

Juan Luis Zabala / 2013-11-20 / 678 hitz

Literaturako Euskadi sariak jaso dituzte Saizarbitoria, Sudupe, Olaso, Odriozola, Mendiguren eta Turtle, Zaldua eta Pinillak.
Idazten eta irakurtzen jarraitzeko arrazoiak izan behar dute sariek, Urkulluren ustez.

«Liburu hau borondate onez idatzia da, irakurle». Michel de Montaignek Essays obraren hasieran ezarritako aipu hori gogora ekarriz hasi zuen atzo Ramon Saizarbitoriak Euskadi Literatura sarien banaketa ekitaldiko hitzaldi laburra. Aipu horrekin hasten da, hain zuzen ere, Saizarbitoria Euskadi saria irabazteko balio izan dion nobela, Martutene, aurretik Max Frischen Montauk hasi zen bezala. «Martutene ez da nobela politiko bat», jarraitu zuen Saizarbitoriak, «baina pertsonaiak errealitate politiko batean bizi dira, politika bizi dute eta hausnarketa politikoak egiten dituzte. Miopea naiz eta horregatik oker nago akaso, baina irudipena dut ideologia oso desberdinetako irakurleek errespetuz onartu dutela Martutene; Martutene-k politikoki duen borondate ona agerian dagoelako akaso. Eta gogoa nuen esateko, esperantza piztu baitit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela hain urrun. Esan dezadan bide batez sinetsita nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua izango duela horretan». Donostian egin zen sari banaketa ekitaldia, EHUren Gipuzkoako Campuseko Karlos Santamaria Zentroan, ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua zirela, saritu guztien parte hartzearekin.

Saria eman diotenei ez ezik, euskal idazleei, argitaletxeei, literatur kritikariei eta irakurleei ere eman zizkien eskerrak Saizarbitoriak, atal bakoitzean izen bat nabarmenduz: idazleen artean, Koldo Izagirre, bereziki Martutene idazterakoan eman zion laguntzarengatik; argitaletxeen artean, Erein eta Ereineko kide eta langile guztiak, «konplexutasuna haize kontra dabilen garaian» hain lan konplexua argitaratzeagatik; kritikarien artean, Joseba Gabilondo, Martutene argitaratu berria zelarik hari buruzko liburu bat atera zuelako, eta baita urrun bizi delako ere, Michiganen (AEB); eta irakurleen artean, irakurle klubak oro har eta 111 Akademia bereziki.

Jon Sudupek, euskarazko saiakeraren arloko Euskadi sariaren irabazleak, Oi Europa! bere lan sarituak «europeismoa gainbeheran dagoen honetan» Europa defenditzen duela ekarri zuen gogora. «Europak izaera hibrido, konplexu eta malgua du. Hori izan da eta izango da Europa: herritar desberdin askoren etxe komuna; ideia, gizaki eta merkantzien zirkulazio librea». Europaren aldeko aldarria egin zuen Sudupek, Hans-Georg Gadamer filosofo alemanaren hitzak gogoratuz bere hitzaldiaren amaieran: «Europaren zeregina denek denengandik ikasteko artearen transmisioa da».

Xabier Olasok, haur eta gazte literaturako Euskadi sariaren irabazle izendatutako Tximeletrak poema liburuaren egileak, «beren lan jardunean pasioz, dedikazioz eta konpromisoz ari diren guztiak» izan zituen gogoan, eta esan zuen denek jaso beharko luketela sari bat gutxienez. Berak jasotako saria «pertsona anonimo horiei guztiei» eskaini zien. «Isiltasunaren oihartzunean dira handi».

Ilustrazio arloko Euskadi sariaren irabazleak, Elena Odriozolak, gogoratu zuen bere obra saritua —Jorge Gonzalvo idazlearen Tropecista ipuina ilustratuz Barbara Fiore Editora argitaletxearentzat egindakoa— paper zuriko geruzak bata bestearen gainean kokatuz egina dela. Lana teknika hori erabiliz egingo zuela erabaki ondoren, ilustrazio bakoitzean ahalik eta geruza gutxien erabiltzea erabaki zuen. «Absurdoa dirudi, baina agian konplikatzea da bizitza errazteko modu bakarra», komentatu zuen. «Hemen gaude, geruzak kentzeko. Eguneroko bizitzan ere horixe egiten jarraitzeko asmoa dut» .

Euskararen aldeko aldarria

Iñaki Mendiguren eta Sarah-Jane Turtle senar-emazteek, itzulpen arloko sariaren irabazleek, Arrasate eta Debagoieneko bizilagunak izan zituzten gogoan, beste jende askoren artean, eskualdeak une ekonomiko zaila duela gogoratuz; 15 urtez han bizi izan ziren, eta eskualdeari lotuta sentitzen dira. Mendigurenek gogoratu zuen ikasketak gaztelaniaz egin zituela halabeharrez, baina esan zuen ez dela horregatik kexatzen. «Horri esker Ramiro Pinillaren liburuak irakur ditzaket zuzenean. Pena handia ematen dit, ordea, jende askok Ramon Saizarbitoriaren liburuekin gauza bera egiterik ez izateak». Bide beretik, Turtlek esan zuen, bera ingelesa izanik, euskaraz ikasi izana oso lagungarri izan zaiola Euskal Herrian hobeto integratzeko. Elkar besarkatuz amaitu zuten beren agerraldia.

Iban Zalduak, gaztelaniazko saiakera arloko saritu gisa, saria eman dion liburuak —Ese idioma raro y poderoso— bi albiste nagusi dakartzala komentatu zuen: lehena da inoizko literaturarik onena egiten ari dela gaur egun euskaraz; bigarrena, hori lortu dela justu literatura lehen izandako prestigioa eta erreferentzialtasuna galtzen ari denean.

Ramiro Pinillak, gaztelaniazko literaturaren arloko sarituak, 15 urterekin idazten hasi zen garaiko «plazera» gogoratu zuen, eta pozgarritzat jo harrezkero horretan jarraitzeko aukera izana.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Gustav Flauberten aipu batekin eman zion amaiera ekitaldiari, atzo banatutako sariek idazten eta irakurtzeko jarraitzeko arrazoiak izan behar dutela esan eta gero: «Irakurleak bere ilusioak lausengatuko dituen obrak nahi ditu».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude