Emma Sallent, Zientziaren historian doktorea: «Ikusezinen artean, ezkutuenak izan dira emakumeak zientzian»

Lander Muñagorri Garmendia / 2013-11-23 / 738 hitz

Emakumeak zientzialari ere izan daitezkeela onartzea asko kostatu zaio gizarteari, baina egun aurrerapausoak egin direla uste du Sallentek. Hala ere, iragana berreskuratzeaz mintzo da.

Fisikako irakaslea da izatez Emma Sallent (Bartzelona, 1970), baina zientziaren historia ikertzen dihardu aspalditik. Joan den urritik Zientziaren eta Teknikaren Historiaren Kataluniako Elkartearen zuzendaria da, eta esparru horretan ari da lanean. Espresuki, emakumeek zientzian eduki duten garrantzia ikertzen ari da azken boladan. «Historikoki bigarren mailara mugatu da emakumeen presentzia», dio. Baina ez da hori okerrena, isekak ere jasan behar izan baitituzte emakumeek: gizonezko trabestiak, oso urduriak, gizon itxura dutenak, gaixoak, gazterik zahartuak, degeneratuak edo hermafroditak. Era ezberdin asko, «mespretxu bakarra» azaleratzeko. Ostegunean Bilbon izan zen, Emakumeek zientzia egiten dute 2013 hitzaldi zikloen barruan.

Zure hitzaldiaren izenburua aintzat hartuz, nork idazten du zientziaren historia?

Zientziaren historialariek. Baina historia idazten duenak bere ideia propioak dauzka, eta bakoitzak bere ideiak adierazten ditu, urruntzeko beharra baldin badauka ere. Eta emakumeek zientziaren historian izan duten rola azaltzean, euren ideologiak ere zuzenean eragiten du. Horregatik, historiaren azalpen hori irakurtzen duenari ideia okerra irits dakioke.

Gino Loria aipatu duzu hitzaldian, emakumeak gutxiesten zituelako. Haren biografia, ordea, emakume batek idatzi zuen.

Bai, hala da. Baina bertan ez du haren ideologiaren inguruko inongo aipamenik egiten. Loriaren ustez, emakumeak gizonak baino gutxiago dira, eta ikasle onak direla onartu arren, gauzak errepikatzen daukaten abilezia nabarmentzen du. Beraz, gauza berriak sortzeko gaitasunik ez daukate haren ustez. Horrez gain, biziotsuak, gaixoak eta beste perbertsio batzuen jabe direla dio. Epaiak oso gogorrak dira, eta pertsona horiek gertatu zena idazten aritu dira urte luzez.

Baina frogekin lan egiten dutela kontuan hartuta, zientzialari batek halako adierazpenak egitea ez al da arraroa?

Bai, baina ezeren aurretik pertsonak ere badira, eta kutsadura sortzeko gai ere badira. Beraz, zer gertatu den jakin nahi izanez gero, iritzi horiek alde batera utzi beharra daukazu.

Aipatu duzu emakumeen zientziaren historia egitearen beharra. Zentzurik badu?

Nik uste baietz. Historia batetik pertsonaia batzuk desagertu badira, eta ekarpen interesgarriak egin badituzte, agian planteatu beharko litzateke hori berreskuratzea, edo ikustea zer gertatu den hor. Horrekin erakutsi dezakezu emakumeek zientzia egin dezaketela, eta belaunaldi berriek pertsonaia horiek modu interesgarriagoan ikusi ahal izango dituzte. Gainera, eskala bat dago, non emakumeek zientzian erakutsi duten era ezberdinean lan egiten dutela. Ikuspuntu maskulinotik ezberdintzen dituzte.

Zein da ikuspegi hori?

Lan egiteko moduan aldatzen da. Gauza bera esaten da beste esparru ezberdinetan ere. Emakumeak, lekuak okupatu beharrean, bertan egoten dira, hobeto antolatzen dira, eta arrisku gutxiagoko jarrerak hartzen dituzte. Lidergo femeninoa alternatiba moduan proposatzen da, eta hori horrela planteatzen baduzu, emakume gehiago agertzeak alda dezake ikusteko modua. Egiteko modua ezberdina delako. Hala ere, ikusi beharko da emakumeen zientziaren historia hori nola egiten den. Zerbait egin duten emakume guztiak berreskuratu behar dira? Zeintzuk dira onak? Zeintzuk txarrak? Horiek zalantzak dira, agian berreskuratuko dugulako baten bat andrea izate soilagatik.

Edozein modutan, argi dago bigarren planoan lan egin dutela.

Bai, eta, gainera, esango nuke emakume askok ezezagutza baten barruan lan egin dutela. Ez emakumeak bakarrik. Zientzian beti gogoratzen dira figura handiak, baina zientzia berez pertsona askok egiten dute, eta horietako asko ez dira ikusten. Hala ere, egia da ikusezinen artean ezkutuago daudela emakumeak. Baina ikusgarritasun bat izan dute, koadroetan. Askotan erabiltzen dugu baliabide hori zientziaren historialariok, eta horietako batzuk ondo ikusiz gero, baditugu pista batzuk jakiteko emakumeek zientziarako lan egiten zutela.

Esaterako?

Koadro horietako batean emaginak azaltzen dira. Betidanik oso femeninoa izan da esparru hori, baina egon zen garai bat gizonak sartu zirena. Beraz, koadroan agertzen da emagina, eta gizon bat forceps batekin. Biolentziarekin sartzen da gizona. Hor ikusten da emakumearen presentzia. Beste batean, geografiako klase bateko irudi bat ere badago, eta eskola ematen gizona ari den arren, emakumea bigarren planoan konpas batekin lanean ikus daiteke. Hor ikus daiteke emakumea dela lana egiten duena. Askotan iturririk ez dago, baina aipatutako horien bidez ikus daiteke hor atzean bazela zerbait.

Gaur egun, ordea, gero eta emakume gehiago ari dira zientzian lanean. Ikusgarritasun hori berreskuratu dute?

Bai, baina oraindik guraizearen efektu handia dago. Ikasleen %60 emakumeak dira, eta nota onenak haiek lortzen dituzte. Doktoregotan eta doktoregoen ondorengo ikerketetan ere emakumeak gehiengoa dira, baina hortik gora hegoak mozten dira. Irakasle edo katedratikoen zenbatekoa ikusiz gero, emakumeen ehunekoak behera egiten du.

Beraz, oraindik bazterkeria badago zientziaren munduan.

Egia da hasieran egiten ziren adierazpen horiek orain ez liratekeela egingo. Publikoki ez, bederen. Baina ikusten dira zenbait gauza. Esaterako, Lagunako Unibertsitateko Kimikako fakultatean egin dute mural bat kimikako pertsonaia nagusienekin. Eta ez da emakumerik agertzen. Adibide sinple bat da, baina oraindik zeregin handia dagoela adierazten du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.