Eleberri beltzaren bidetik

Elixabet Epelde / 2013-12-10 / 443 hitz

‘Herensuge gorriaren urtea’ kaleratu du Eneko Aizpuruk, protagonista Mikel Egileor kazetaria duen bigarren lana.

Lapurretak, iruzurrak, eta gazte baten bahiketa. Nobela beltz klasikoaren elementu guztiak ditu Eneko Aizpuruaren (Lazkao, Gipuzkoa, 1976) Herensuge gorriaren urtea (Erein) eleberriak. Nobela beltza errealitatea islatzeko erabiltzen duela azaldu du egileak. Gizarteari disekzioa egiteko modu bat dela dio, gizarteko arazoak plazaratzeko era, alegia.

Aizpuruaren bigarren eleberria da Herensuge gorriaren urtea. 2011n Errauts (Erein) nobela argitaratu zuen, eta oraingo honetan orduan hasitako bideari eutsi dio. Protagonista bera dauka liburuak: Mikel Egileor kazetaria. Oraingoan, baina, egunkaritik kaleratu eta freelance moduan ari da lanean. «Detektibe klasikoaren ezaugarriak ditu Egileorrek. Lanetik bota dute, bizimodu nahiko erasana dauka… Finean, gizartera egokitu gabeko pertsona da». Hain zuzen ere, pertsonaia nagusiaren nortasunak nobela bera definitzen duela azaldu du Aizpuruak.

Goierrin kokatu du istorioa, eta Herensuge gorriaren urtea eleberrian kontatzen duen istorioaren arabera, bero-bero dago giroa. Lapurretak, iruzurrak eta erasoak direla-eta herritarren arteko giroa gaiztotu egiten da, eta dirua ebasteko asmoarekin gazte bat bahitzen dutenean eztanda egiten du egoerak. Herritar askok justizia euren kabuz egiten ahaleginduko direla aurreratu du Aizpuruak, gertakariaren arduradun jotzen duten Beasaingo errumaniar ijito baten etxeari su emanda. Errumaniarra desagertu egingo da. Gertakari horien guztiak ikusirik, Egileorrek ikerketa abiaraziko du; Aizpuruak berak adierazi duenez, «ezusteko ugari» topatuko ditu bidean.

Izenburua ere ikerketa horren nondik norakoetatik datorrela argitu du bestalde Aizpuruak, errumaniarraren etxeari su eman dionak lepo ondoan herensuge gorri baten tatuajea baitauka. Hura aurkitzea Egileorren obsesio bilakatuko dela azaldu du.

Erritmo biziko kontakizuna

Elkarrizketei pisu handia eman diela kontatu du idazleak, eta erritmo biziko nobela idatzi duela, eserialdi batean irakurtzeko modukoa. Drama eta umorea uztartu dituela ere adierazi du, negarra eta barrea txanpon beraren bi aldeak direla baitio.

Aizpuruak kontatu duenez, beti izan da nobela beltzaren irakurle sutsua, eta baditu hainbat ideia Egileor pertsonaiarentzat. Errauts eta Herensuge gorriaren urtea saga baten hasiera izatea nahi duela gaineratu du.

Ereinek duela urte gutxi martxan jarri zuen Uzta Gorria bildumaren baitan argitaratu ditu bi eleberriak Aizpuruak, eta Javier Diez Carmonaren E-King gaztelerazko nobelarekin batera aurkeztu dute. Izan ere, Ereineko editoreen hitzetan, Euskal Herrian afizio handia dago nobela beltza irakurtzeko. Horrexegatik erabaki zuten duela lau urte Uzta Gorria bilduma martxan jartzea, hemengo idazleek sortzen dituzten eleberri beltzak argitaratzeaz gain, klasikoak itzultzeko.

Ereinek argitaratutako azken liburuen artean nabarmendu beharreko beste bat Toti Martinez de Lezearen Itahisa eleberri historikoa da. Bizkaia eta Tenerife (Kanari Uharteak, Espainia) artean kokatuta dago eleberriak kontatzen duen amodiozko istorioa, XIX. mendearen hasierako urteetan. Oraingoz, nobelaren gaztelaniazko bertsioa baino ez du argitaratu Ereinek, jatorrizkoa, baina 2014ko udaberrian euskarazko itzulpena kaleratuko du. Horrez gain, Nur pertsonaiaren saileko hamargarren liburua eta ume txikientzako Érase una vez saileko aurreneko zortzi liburuak ere kaleratu ditu Martinez de Lezeak, Erein argitaletxearekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude