Irakurlea, irakurtzen

Iñigo Astiz / 2014-01-14 / 1.741 hitz

Euskal literaturaren irakurleak 15.000-20.000 izango direla dio Harkaitz Zubiri soziologoak. Baikor izateko motiboak badaude, adituen ustez, eta baita kezkatzeko ere.

Irakurle sutsuenak 15.000 edo 20.000, ohiko irakurle moderatuak 40.000, eta tartekakoak 100.000 edo 150.000. Eta gutxi gorabeherako soslaia dator gero: gipuzkoarra edo bizkaitarra, nagusiki, 25 eta 54 urte artekoa, emakumezkoa, unibertsitate ikasketak egindakoa. Horra, Euskal literaturaren irakurlearen erretratu robota. Literatur sistema osoko elementurik ezezagunenetariko bat da. Ez dago hari buruzko ikerketa zehatzik, eta hurbilpenez aritu da horregatik Harkaitz Zubiri idazle eta soziologoa. UEUk kaleratzen duen Uztaro aldizkarirako egin du argazkia. Aurrez egindako ikerketen ondorioak baliatu ditu horretarako. Gurutzatu egin ditu ikerketa soziolinguistikoak eta kultur kontsumoari buruzkoak. Gutxi gorabeherakoak dira emaitzak, ezinbestean. Lanbrotsua da erretratua —Zubirik aitortu du—, baina erretratu bat da, halere. Oraingoz ez dago zehatzagorik. «Ez litzateke zaila irakurlearen profila zehazteko ikerketa egitea, baina oraindik ez da egin». Euskal literatura hasi baino ez da egin irakurlea irakurtzen.

Kezka badago. Hainbat idazleren kalkuluen aipamenak bildu ditu Zubirik, adibidez. Eta deigarria da zifra dantza. Bernardo Atxagak, Erlea aldizkariaren azken aurkezpenean, esan zuen euskal literaturaren irakurleak 1.700 zirela, Euskal Editoreen Elkarteko datuek 2009an zioten 41.000 zirela, baina Jon Alonsok dio 12.000tik gertuago ibiliko direla, eta Iban Zaldua idazleak Ese idioma raro y poderoso liburuan kopurua 10.000 ingurukoa izango ote den dio, argitaletxeen datuak erabilita. Susmoak dira denak, Zubirik azaldu duenez. Datu zehatzik ez: «Kezka badago, baina azterketarik ez da egin. Produkzioari buruzko ikerketek badute tradizioa. Hor daude urteroko publikazioei buruzko Joan Mari Torrealdairen eta Juan Luis Zabalaren zerrendak. Gazteen irakurzaletasuna ikertu du Mari Jose Olaziregik, eta hezkuntza alorrean literatura ikertu du Idurre Alonsok. Badira inkesta batzuk ere, beste gauza askoren artean irakurlearen gaia landu dutenak, baina erabat doitu gabe. Badago hor hutsune bat. Zerbait espezifiko falta da». Motzean: orain arte inork ez dio zuzenean aurpegira begiratu irakurleari.

Euskarari buruzko ikerketekin egin liteke paralelismoa. Hizkuntzaren ezagutza izan da kezka iturria denbora luzez, baina ezagutza hedatu ahala beste kezka iturri bat agertu da euskalgintzaren agendan: erabilera. Eta antzera literatura produkzio eta kontsumoarekin ere. «Ezagutzatik erabilerara doan tarte horretan, gauza asko gertatzen dira, eta literaturan horren antzeko zerbait gertatu da, bai. Produkzio datuekin batzuk egongo dira pozik, eta beste batzuk ez, baina nik uste dut ez gaudela alor horretan oso kezkatuta egoteko moduan. Kontrara. Nik uste dut oso momentu polita dela euskal literaturarentzat. Lau belaunaldi badabiltza idazten aldi berean, eta tarteka oso lan politak ateratzen dira. Momentu paradoxikoa da, zeren, justu hori gertatzen denean, literatura oro har sozialki eta kulturaren munduan espazioa galtzen ari da. Aldi berean, ez dakigu horrek zuzenean zerikusirik duen irakurle kopuruarekin edo ez. Gauza bat da sozialki lekua galtzea, eta bestea da irakurleak galtzea».

Daturik ez du, baina irmoa da Zubiriren susmoa. Egun inoiz baino irakurle gehiago ditu euskal literaturak. Orain baino ezin aipatu halako zifrarik: 15.000-20.000 irakurle. Eta azaldu du bere susmoaren oinarria Zubirik. «Ingalaterran edo Errusian, momentu batean literatura izan zen orain AEBetako telesailak diren horren pareko zerbait, edo garai batean Hollywoodeko zinema izan zena. Literatura zen jendeak kontsumitzen zuen lehentasunezko fikzioa. Jendeak irakurri egiten zuen. Klase sozial batzuek hori egiteko ohitura zuten. Baina hemen hori ez da sekula gertatu, eta euskal literaturarekin are gutxiago. Horregatik diot oraingoa izan daitekeela inoiz izan dugun irakurle masarik handiena».

Inoizko masarik handiena

Hurbilpenak izanik ere, zenbakiak ongi daudela dio Zubirik. «Ez dira gutxi. Soziolinguistikoki nola gauden ikusita, meritu handiko zenbakia da». Ez da txarra 15.000 edo 20.000ko kopuru hipotetiko hori. Hipotetikoa izanik ere. Zehatza ez izanik ere. Ongi dago zenbakia, Zubiriren hitzetan. «Badago nukleo esanguratsu bat. Eta euskara hizkuntza gutxitua izanik, hala funtzionatu behar du, bere nukleoak oso ongi zainduz eta hori mimatuz. Eta badago zer mimatu eta zer zaindu. Eta hori ongi eginez gero, badago kopuru horiek egonkortzeko modurik».

Ez da hain baikorra Karlos Linazasoro idazle eta liburuzainaren ikuspegia. 15.000-20.000 kalkulatzen ditu Zubirik. 12.000 Alonsok. 10.000 Zalduak. 1.700 Atxagak. Baina txikiagoa da Linazasororen zifra. Bai bere lanen irakurleei dagokienez, behintzat. Eginak ditu kalkuluak, eta borobila atera zaio zenbakia: 35. Horra haren zenbatekoa. «Maiz esan dut euskal idazle kategoria lortzeko prezeptua ehun irakurle direla, eta, bueno, ba ni oraindik ez naiz iritsi horretara. Saiatzen naiz, baina nahiko gaitz daukat». Ironiaz ari da noski, baina baita benetan ere. Pesimismoa laztantzen dabil haren diskurtsoa tarteka, baina gertutik ezagutzen duenaz ari da. «Nik ez dakit nola mantentzen den hau dena. Nik Tolosako liburutegian egiten dut lan, eta inguru oso euskalduna da hau, eta hamarretik batekoa da euskal literatura irakurtzen dutenen kopurua».

Amildegi bat aipatu du. Bertatik bertara ikusten du egunero. Lantokian bertan. Liburutegian. Linazasorok dioenez, handia da irakurle galera haur eta gazte literaturako apaletatik helduen literaturarako apaletarako jauzian. «Haur eta gazteek asko irakurtzen dute, ikusten da zaletasun hori, baina behin nerabezarora iritsita eten bat gertatzen da, eta jendea ez da gazteen liburutegitik helduen liburutegira pasatzen. Oso jende gutxik egiten du salto hori. Ez dugu lortu hori konpontzerik, eta nik uste dut aukera handia dagoela helduentzat. Sekula baino gehiago. Baina jendea galdu egiten da salto horretan. Jendea erruz galtzen da».

Urria baina maila hobekoa

Baina kontua ez da soilik zenbat irakurtzen den. Garrantzitsua da nola irakurtzen den ere. Ramon Saizarbitoriak, adibidez, horixe nabarmendu zuen iaz Euskadi saria jasotzean. Besteak beste, euskal irakurleari eskertu zion saria horregatik. Irakurleari, batez ere. «Oraindik ere irakurle konprometitua da euskalduna, irakurle desberdina, bere egileak sostengatzen dituena, eta idazleok asko eskertzen dugu hori». Nolabait ere, erdal irakurlea baino irakurleagoa da euskal irakurlea. Hori dio Saizarbitoriak. 111 Akademia irakurle elkartearen lana aipatu zuen adibidetzat, eta irakurle txokoetan egiten den lana. «Badira euskal eremuan literaturazale militanteak». Bat egiten du horrekin Linazasorok, eta hori da haren diskurtsoko tanta baikorra. «Euskarazko irakurlea oso urria da, baina erdarazko irakurlea baino maila hobekoa da».

Irakurle kluben garrantzia azpimarratu du Zubirik. Zenbatekoak utzi eta nolakoez aritu. Alde kualitatiboari ere eman behar zaio pisua, eta ezin irakurlearen erretraturik egin klubak aipatu gabe. «Azken urteetan hori da hemen gertatu den fenomenorik garrantzitsuena. Oso gauza ona da. Nik ezagutzen ditut zenbait irakurle txoko, eta oso gauza onak egiten dituzte». Berrogei klubetik gora daude, guztira, Euskal Herrian. Euskaraz. Sei eta hemezortzi pertsona artekoak maiz. Garazi Arrula itzultzailearena da orain kontaketa. Gasteizko irakurle txokoko irakurle, Arrasateko klubaren gidari, Elearazi.org atarirako kaleratu zituen datuak, eta bat egiten du berak ere Zubirirekin. «Oso lan ona egiten da».

Aniztasunaren kezka

Baina zer irakurtzen da irakurle txokoetan? Horra, Arrularen kezketariko bat. Edo bestela formulatuta: zer literatura eredu indartzen da irakurle txokoetan? Hiru E dira nagusi, Arrulak dioenez: eleberria, egungoa eta etxekoa. Horra lerratzen da literatura, eta ez da susmo soila. Euskal Herri osoko hamar irakurle txokotan azken bi urteetan eginiko irakurketak aztertu ditu Arrulak, eta hori da emaitza: E, E, E. Bestelako generoen kaltetan, eleberria da nagusi irakurle txokoetan (%67). Liburu zaharragoen kaltetan, azken bizpahiru urteetako lanak programatzen dira. Eta euskaraz sortutakoak dira gehienak, itzulpenen kaltetan. Horra eredua.

Baina nola irauli hori? Arrasateko irakurle txokoa gidatzen hasi zenean izaniko buruhausteak aipatu ditu Arrulak ilustrazio gisa. Umore punturik ezkutatu gabe. «Bederatzi liburu hautatu behar dira urteko, baina liburu anitz plazaratzen dira urtero, eta gehitu horri aurretik daudenak. Irizpideak ere ezarri behar dira gero, genero aniztasuna, literatur kalitatea, argitaletxeak ere anitz izatea, jatorrizkoen eta itzulpenen arteko oreka, gizon eta emakumezko autoreak hautatzea, itzulpenen kasuan guztiak ez izatea mendebaldekoak eta anglofonoak… [Barrez]». Guztia bederatzi titulutan. «Noski, azkenean, gauza batzuk kanpoan utzi behar dituzu». Kezka izatea da gakoa, haren ustez. Eta kezka egon badago. «Zaila da aniztasun hori guztia gordetzea, baina beste muturretik ateratzeko ahalegina egin behar da. Kontzientzia astindu beharra dago».

Bat egin du kezka horrekin Linazasorok ere. Dioenez, euskal irakurlea irakurle ona izanik ere, ez da oso irakurle ausarta. Bertan goxo aritzen da maiz. «Beti idazle berak irakurtzen dituzte. Eta hor ere ez dut ikusten ausartzen direnik askorik. Betikoak irakurtzen dira. Sei, zortzi, hamar horiek, eta gainerakoak soberan bezala daude. Eta nik ez dakit sei, zortzi, hamar idazlerekin nola mantentzen den literatura bat. Eskolen zirkuituan ez bazaude, irakurle kluben zirkuituan ez bazaude, zure liburuak ia-ia alferrik daude. Irakurle falta oso nabaria da». Transmisio arazo batez mintzo da Linazasoro. «Idazleen aldetik sekulako ahalegina egin da literatura maila hobetzeko, baina nik irakurleen aldetik ez dut ikusten konplizitate hori. Ez dute halako ahaleginik egin. Guk egin dugu saioa, baina ez dakit besteak egin duen esfortzu hori. Eta hor tartean sartzen dira hezkuntza eta beste hainbat faktore, noski».

Euskalduntasun kupoa

Sakonagora ere badoa idazlea. Literaturak presentzia soziala galduta, nolabait ere, akabo irakurle militantearen sasoia. «Nik uste dut literaturaren funtzioa bertsolaritzak betetzen duela. Bertsotara joatearekin betetzen du jendeak bere herriaren alde kontsumitu beharreko kultura kupoa. Militantzia hori. Eta literaturaren kaltetan da hori. BECera joaten da jendetza, eta bat-batean denok oso euskaltzaleak gara, baina inork ez du liburu bat irakurtzen. Folklore handia dago. Durangora ere zenbat jende joaten da? 100.000 pertsona joan omen dira aurten. Bisitari bakoitzak liburu bat erosiko balu, bakoitzak bakarra, hau la hostia litzateke, hau lehertu egingo litzateke! Zenbat liburu saldu dira? Horietako zenbat irakurri dira? Urteroko martxan ikusten da benetan zer irakurtzen den, eta benetan gutxi da».

Baikorragoa da Zubiri. 15.000 eta 20.000 irakurle sutsu aipatu ditu. Kalkulatuta. Baina oraindik ere ikusten du tarterik hedapenerako. «Gauzak ongi egiten badira, bai», zehaztu du. «Eta ez dut uste orain oso ongi egiten direnik». Eta zer aldatu horretarako? Hiru adar aipatu ditu. Hobetu beharreko hiru alor. Lehena: hezkuntza. «Transmisioaren hezkuntzan bizi gara, eta nik uste dut landu behar dena dela zaletasuna. Kontua ez da idazlerik onenen izenak ikastea garai batean errege godoak ikasten zituzten bezala. Ikasleen artean zaletasuna pizteak behar luke helburua». Bigarren alorra: hedabideak. «Literaturan presentzia publikoa handitzea ongi legoke. Hedabide publikoei eskatu behar diegu lan hori, publikoak diren heinean». Hirugarren alorra: fokuarena. Eta pertsonalagoa da orain iritzia. «Niri ez zait gustatzen nola azkenaldian liburuak baino garrantzi handiagoa hartu duen idazleak. Madonna fenomenoaren moduko zerbait da. Niri gustatzen zaizkit liburuak. Idazlearengan zentratuz gero arreta, liburutik desbideratzen da atentzioa. Baina baliteke zenbait idazlek hartutako estrategia horrek presentzia publikoa irabazi eta horrek mesede egitea ere».

15.000 eta 20.000 artean Zubirik. 10.000 Zalduak. 1.700 Atxagak… Oraindik ere erretratu zehatza falta zaio euskal irakurleari. Baina hurbilpenez bada ere, badoa agertzen. Irakurgarri bihurtzen.

——————
Euskal literaturaren irakurle kopurua

15.000-20.000. Ohiko irakurle sutsuak.

Urtean hamabi liburu baino gehiago irakurtzen dituztenak.

——————

Euskal literaturaren irakurle kopurua

40.000. Ohiko irakurle moderatuak.

Urtean bost eta hamabi artean irakurtzen dituztenak.

———————
Euskal literaturaren irakurle kopurua

100.000-150.000. Tartekako irakurleak.

Urtean bost liburu baino gutxiago irakurtzen dituztenak.

Oharra: Hurbilpena dira datuak. Ikertzaileak iturri hauen datuak gurutzatu ditu, besteak beste: Kulturaren Euskal Behatokiaren kultur praktikei eta ohiturei buruzko ikerketak; irakurketa ohiturak aztertzeko Euskadiko Editoreen Elkarteak, Espainiako Argitaratzaileen Gremio Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ikerketak; eta CIES eta Ikerfel etxeek euskarazko hedabideei buruz egindako hiru ikerketetako datuak.

Iturria: Harkaitz Zubiri, ‘Uztaro’.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.