Spotify musika zerbitzua, orain doan telefono eta tabletetan

Aitor Aretxaga Agirre / 2014-01-08 / 200 hitz

Spotify streaming edo Internet bidez entzuteko gehien hedaturiko musika zerbitzua da, hein batean, abesti eskaintza zabalena daukalako. Edozein abeslari zein kanta entzun daiteke bertan.

Ordenagailurako, telefono eta tabletentzako bertsioak ere aurki daitezke doan. Harpidetza bidez dabilen zerbitzua da, eta doako zein ordainpeko Premium zerbitzuak eskaintzen ditu.

Mugarik gabeko harpidetzagatik hilero ordaintzekoa 9,99 eurokoa da. Hala ere, aldeak gutxitu berri dira. Doako erabiltzaileek, tarteka iragarkiak jasotzearen truke, musika debalde entzuteko aukera zuten ordenagailuan, baina, aldiz, telefono edo tabletatik egiteko, Premium izatea ezinbestekoa zuten. Hori iazko abendura arte izan zen, orain egoera bestelakoa baita.

Bata zein bestea, aldea

Spotify telefono eta tabletetarako doako egin dute, Pandora edo iTunes Radio lehiakideekin parekatuz. Doako erabiltzaileek ere musika soinean eraman dezakete horrela, muga gutxi batzurekin. Premium erabiltzaile gehiago biltzea da asmoa, probatu ostean zerbitzua motz geratu eta ordaintzera animatuko diren esperantzan.

Doako bertsioan, entzuteko musika zerrenda ausazkoa da, eta orduko sei alditan egin daiteke jauzi hurrengo kantura. Premium kontuak, mugarik ez izateaz gain, abestiak deskargatzeko bidea ematen du: konexio txarra dagoenean etenik gabe entzuteko, nahiz Internetik gabeko eremuetan, berdin entzuten jarraitu ahal izateko.

Hori bai, batean zein bestean, ordenagailuan sortutako norbere zerrendak entzun daitezke. Baita artista zehatz baten abestiekin osatutako ausazko zerrendak edo irratiak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude