Bihotzerrea eta errefluxua saihesteko

Jabier Agirre / 2014-03-25 / 900 hitz

Hamar pertsonatik batek jasaten omen dute, astean behin gutxienez, urdailean, bularraldean edo eztarrian erredura moduko bat. Digestio urinek hestegorrian barrena atzera egiten dutelako gertatu ohi da.

Bihotzerrea sintoma oso usua da, jan-edanean gehiegikeriak egiten ditugunean azaltzen dena. Baina, nolabaiteko maiztasun edo erregulartasunarekin agertzen hasten denean, litekeena da errefluxu gastroesofagikoa izatea arrazoia, urdaileko paretak pixkanaka hondatzera irits daitekeen gaitza hain zuzen ere. Horregatik, etorkizunean larriak izan daitezkeen lesioak baztertzeko, bihotzerreari hasiera-hasieratik aurre egitea komeni da.

Urdaileko urinen akzioa

Jatean, elikagaiak ahotik faringera, eztarrira pasatzen dira. Hestegorrira doaz ondoren, eta urdailera iristen dira azkenik. Han urin gastrikoekin nahasten dira. Urdailak badu urin horietatik babesten duen mukosa-mintz bat, baina ez hestegorrian, ez faringean, ez ahoan ez dago horrelako mintzik. Urdaileko azidoak, bere jarduna betetzen duen lekutik irten, atzera egin eta horietatik pasatzen bada, organo horien paretak narritatu eta poliki-poliki kalteak eragingo ditu.

Zergatik gertatzen da?

Urin gastrikoek atzera egitea arrazoi askogatik gerta daiteke:

Hestegorriko esfinterrarekin arazoak badaude. Hestegorriaren eta urdailaren arteko lotura ixten duen muskulu horrek tonua galtzen duenean, edo lotura hori behar bezala ixten ez denean, errefluxua gertatzen da, eta urdaileko urinak esfinterra zeharkatu eta hestegorrira pasatzen dira.

Hiatoko hernia. Kasu horretan urdailaren zati bat bularralderantz desplazatzen delako gertatzen da urinen «ihesa».

Sintomak.

Ohikoenak bi dira: bihotzerrea bera eta erregurgitazioa. Horiez gain, ez hain usuak edo deserosoak baina, hala ere, aipatzeko modukoak dira eztula, itomen-sentsazioa, irensteko zailtasunak eta bularraldean sentitzen den mina, kasu batzuetan eztarriraino zabal daitekeena.

Ondorioak.

Errefluxua askotan gertatzen bada, hainbat lesio sor daitezke: esofagitisa, hestegorriko paretak estaltzen dituzten mintzen inflamazioa; hestegorriko ultzerak, odoljario digestiboak eta denetan larriena; eta Barrett-en hestegorria izenarekin ezagutzen den lesioa, hestegorriko minbizia izateko arriskua gehitzen duena.

Bihotzerre-sentsazioa arintzeko

Sintomak noizean behin agertzen direnean, otordu astun eta oparoen ondorioz, adibidez, ez dago arrazoirik aparteko arazo bat egon daitekeela susmatzeko. Beraz, aski izan daiteke prebentzio-mailako neurri batzuk hartu eta gure bizimodua eta ohiturak pixka bat zuzentzearekin.

Saiheska lo egin

Ahoz gora lo egiteak janariak ahora itzultzea errazten du. Horregatik, hobe da lotarakoan beste jarrera batzuk hartzea. Oheburua hamabost bat zentimetro igotzea ere gomendatzen da, ohearen atzeko hanken azpian altxagarri batzuk jarriz, edo burko egokiak erabiliz, ahoa urdaila baino goragoko mailan egoteko.

Gutxi jan

Urdaila gehiegi betetzea nahi ez badugu, onena kopuru txikiak jatea da, eta egunean bost otordu egitea, eguneroko jana bost txanda horietan banatuz. Eta batez ere afaria bukatu ondoren hiru ordu pasatzen uztea gomendatzen da, lotara joan baino lehen.

Kontuz gainpisuarekin

Bakoitzaren gorpuzkerari dagokiona baino gehiago pisatzeak abdomen barruko presioa gehitu eta errefluxua errazten du. Zenbait kasutan bost kilo inguru galtzeak sintomak ia erabat desagertzea dakar.

Arropa zabala eta lasaia erabili

Gerrikoek, eta baita gerrialdea gehiegi estutzen duten jantziek ere, presioa eragiten dute sabelaren gain, eta errefluxua izateko arrisku gehiago dago.

Erretzeari utzi

Tabakoak listu-jarioa murriztu eta hestegorriko esfinterraren dilatazioa errazten du. Ikerketetan frogatu izan den bezala, erretzeko ohitura da bihotzerrea izateko arrisku-faktorerik garrantzitsuenetarikoa.

Botikak zaindu

Herritarrek oso maiz erabiltzen dituzten analgesiko batzuek —azido azetilsaliziliko edo aspirinak, ibuprofenoak nahiz naproxenoak— gaitz honen sintomak areagotu ditzakete. Bihotzerrea izaten dutenek hobe lukete, beraz, parazetamola erabiltzea aurreko analgesiko horien ordez. Eta pastillak hartzerakoan ur ugarirekin batera hartzea da modurik egokiena.

Ariketa neurtu

Abdomeneko presioa gehituko duen edozein ariketa fisiko edo kirol murriztu behar da, otordua egin eta ondorengo bi orduetan batez ere.

Jan-neurririk egokiena

Sintoma horrek, bihotzerreak alegia, lotura zuzena du elikadurarekin. Jan-edanari arreta berezia eskaini behar zaio, horregatik, eguneroko menuak prestatzerakoan:

Fruta. Ananak bromelina ugari dauka. Entzima horrek gantzak metabolizatzen laguntzen du, digestio egokia erraztuz eta urdaileko azidotasuna murriztuz. Platanoak edo bananak ere oso gomendagarriak dira, urdaileko pH-a normalizatzen dutelako. Sentibera samarrak diren pertsonetan zitrikoek —laranja, pomelo, mandarina eta antzekoek— molestiak areagotu ditzakete, eta horregatik eguneroko jan-neurritik baztertzea komeni da. Fruta-piezak osorik jateak molestiak eraginez gero, saiatu arraspatuta edo zatituta jaten, edo egosita prestatuta bestela.

Esnekiak. Esneki osoak gaingabetuekin ordeztea gomendatzen da, azkenekoek gantz gutxiago dutenez errazago digerituko ditugulako. Gazta onduekin kontu berezia izan behar da.

Haragia eta arraina. Haragi giharrak, hegaztikiak eta arraina dira talde horretako aukerarik onenak. Eta sukaldean aritzeko orduan, hobe da egosita edo plantxan prestatzea, frijituta edo ogi-irinetan pasatuta baino. Koipe asko duten haragiak eta hestebeteak saihestea gomendatzen da.

Barazkiak. Erraz digeritzeaz gainera, eragin alkalinizatzailea dute. Horregatik ezin hobeak dira urdaileko azidotasuna neutralizatzeko. Hala ere, badira urdaila narrita dezaketen zenbait barazki: tomatea, tipula, baratxuria edo piperra, esaterako. Horiek ez erabiltzea komeniko litzateke.

Gozoak. Ahalik eta gehiena murriztu behar dira. Gehienek azukre finduak eta gantz saturatuak dituztenez, sintomak okerragotu egin ditzakete.

Edariak. Ura da onena. Eta okerrenak, kafea, te beltza, alkohola eta edari gasdunak

——————–

Trastornoa kroniko egiten denean

Kasu horretan, medikuarengana joatea izango da hartu beharreko lehen neurria, adituak diagnostiko egokia egin dezan: gastroskopia bezalako probekin, edo urdail barruko pH-a neurtuz. Behin arazoa detektatu ondoren, kasu bakoitzean tratamendu egokia jarriko du medikuak.

Antiazidoak. Sodioa, kaltzioa, magnesioa edo aluminioa bezalako osagaiei esker, urdaileko azidotasuna neutralizatzea lortzen dute, erresumina arinduz, eta gainerako molestiak baretzen dituzte. Normalean ez da errezetarik behar botika horiek erosteko, eta ondo erabiliz gero eraginkorrak diren arren, gehiegizko dosian hartuz gero arazoa larriagotzera ere irits daitezke, urdaila azido gehiago jariatzera behartzen baita. Horregatik, medikuak kontrakorik agintzen ez badu behintzat, neurrian eta noizean behin bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Gaur egun badira botika finduagoak: hala nola bigarren tipoko histamina-hartzailearen antagonistak, Zantac; edo protoien bonba inhibitzen dutenak, Omeprazol.

Kirurgia. Zenbait kasutan, beharrezkoa izango da ebakuntza kirurgikoa, ohikoa izaten den kokagune anatomikotik kanpo dagoen urdaila jatorrizko bere lekura eramateko, edo herniak eragindako bestelako akats eta arazoak konpontzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude