Homeroren ikasle okzitaniarra

Ion Olano Carlos / 2014-03-23 / 679 hitz

Mendeurrena beteko da etzi Frederic Mistral hil zenetik. Hura izan zen lehen Nobel sariduna eremu urriko hizkuntzetako idazleen artean.

Mistral da oraindik ere Mistral zena. Poeta, hiztegigile eta antzerkigile, finean, trobadore berria. Proventzeraz Frederi, frantsesez Frédéric Mistral (Maillane, Okzitania, 1830-1914). Askoren ustez, hura da okzitanierak inoiz eman duen egilerik gailena. Etzi, hilak 25, ehun urte beteko dira haren heriotzatik. Hori ospatzeko, edo hobeto esanda, horren aitzakian, makina bat kontu antolatu dituzte Okzitanian. Mistralen inguruan hitz eta pitz, liburu artean mauka-mauka, landara ttipi-ttapa eta hitzei txalo-txalo ari dira, besteak beste, Gardanne herrian —okzitanieraz Gardana—. Joan den astean amaitu zen hango Aste Proventzarra, aurtengoan, goitik behera Mistrali eskainitakoa.

Okzitanieraren aldeko Felibrige elkarteak, bere aldetik, hainbat hitzaldi antolatu zituen Arles hirian, joan den martxoaren 15ean; lore-eskaintza eta guzti, Forum plazako estatuan. Bestalde, Ieras hirian —frantsesez Hyeres— zabalik dago Mistralen gaineko erakusketa, heldu den apirilaren 26a bitarte. Han ikus daiteke, bitxikeria moduan, idazleak publizitatean eginiko lan bat: Perou izeneko (Peru ote?) ardogile baten kokadun ardoa iragarri zuen Mistralek prentsan —proventzeraz, noski—. Bitxiena, ordea, zera da: estatubatuarrek erosi zutela Perouren ardo hura, negozioa alegia, eta debeku garaian edariaren formula aldatu behar izan zutela, Merchandise 7X osagai sekretua barne. Bai, irakurle, badakizu zertaz ari naizen.

Dena ala ezer ez

Mendeurrenarekin bat etorriz, martxoaren 25ean La Rampe Trio taldeak emanaldi elebiduna taularatuko du Nimes hirian: Mistral tout ou rien (Mistral dena ala ezer ez). Kabaret poetiko musikatuan entzungo dira idazlearen proventzar kantuak, saineteak, haren lanaren hainbat lagin. Mistralen mundu zabala, haren ibilbidea fintasunez eta umorez adieraztea da hirukotearen asmoa. Lan zaila benetan, ezen ez baita aise laburbiltzen ahal Mistralen ibilbidea eta eragina. Izan ere, amaitu ez den hori, nondik hasi?

Bada, esan genezake Mistralek sortu zuela Felibrige elkartea, beste bost poeta proventzarrekin batera, 1854an. Okzitaniako hizkuntza eta kultura hauspotzeko sortu zuten elkartea, Proventzan «arraza sentimendua» sendotzeko asmoz. Arraza, betiere, «hizkuntzak batzen duen» herriaren zentzuan. Mistralek berak apailatu zuen, lana beltz eginda, proventzera-frantsesa hiztegi bat: Lou Tresor dou Felibrige. Lan horrek duen berezitasuna da okzitaniera modernoaren dialektoak ere biltzen dituela; preziorik ez duen altxorra, hortaz.

Mistral sinetsita zegoen proventzera zela «Europa zibilizatuko lehen literatur hizkuntza». Luma hartu zuen Erdi Aroko trobadoreen antzera, eta are atzerago jo zuen, Greziako klasikoetan klasikoeneraino. Hain zuzen ere, zortzi urteko lanaren ostean, 1859an argitaratu zuen bere lanik laudatuena izango zena: Mirèio (frantsesez Mireille, euskaraz Mireio). Hamabi kantu dituen poema luze horretako laugarren bertso-lerroan, egileak aitortzen du «Homero handiaren ikasle xumea» dela: «Umble escoulan dóu grand Oumèro».

Aparteko lan horri esker jaso zuen nazioartean sona, eta 1904an Nobel saria, Jose Echegaray idazle espainiarrarekin batera. Mistralen kasuan, gainera, hizkuntza minorizatu bateko idazle batek halako sari bat lortzen zuen lehenengo aldia zen, eta bakarra, 1978a arte. Diotenez, saria ez jasotzeko zorian izan zen, Mistralen lanaren suedierazko itzulpen kaskarra tarteko. Kontua da baietz, saria jaso, eta diruarekin Museon Arlaten sortu zuela Arlesen, bertan Okzitaniako folklorea bildu eta erakuste aldera.

Euskarazko Mistral

Nikolas Ormaetxea Orixe-k euskaratu zuen Mireio, «Ormaetxeatar Nikola» izenpetuta, eta itzulpenak Verdes-Atxirika etxearen eskutik ikusi zuen argia 1930ean. Kasualitatez-edo, hara zer dioen itzultzaileak aitzin-solasean: «Mistralen sortzetik eun urtegarrenean emen duzu euskeraz gizon aipatu onen Mireio poema nagusia. Euskeratzea etzait beste munduko lana izan, baño baditu bere oztopoak, batez ere idaz-tankera berri-antza nasten dunean». Poema luzearen erdialdean, esate baterako, Proventzako poetei dei egiten die Mistralek: «Ene gaztetango adiskide mami izandako Provenzako ollerkariak! Nere noizbaiteko kantak entzuten ari zaratenak! […] zuek oro nere adiskide olerkariek, ni goiko galdorrera igo bitartean, eguras ezazute bidea zuen arnas zerutarrarekin».

Euskarazko itzulpen horren erdarazko kritika bat —1931an El Día egunkarian Luis de Jauregui delako batek sinatua— irakur daiteke sarean, hain zuzen, Kritiken Hemeroteka-n. Egungo ikusmiratik bitxia egiten da irakurtzea, kritikariaren ustez Orixe dela «Arrazaren poema handia kantatzeko Jainkoak izendatu duena» (jatorrizkoan, «el predestinado por la Providencia para cantar el gran poema de la Raza»). Armiarma.com atarian bildu dituzte, era berean, euskarazko Mistralen lan guztiak: Orixek itzulitako Mireio eta Maite-mintzoa testuez gain, Santi Onaindiak itzulitako zenbait poema ere irakur daitezke (Eguzkiari abestia, Itxas-ontzia, Alestar neskatxa, Gili-gilia eta Orfeu-ren semeak). Olerti aldizkarian argitaratu ziren, 1983. eta 1985. urteen artean, Onaindiaren itzulpenok. Argi samar dago, beraz: Mistral zena, oraindik ere, bada Mistral.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.