Alde irrealaren isla erreala

Mikel Asurmendi / 2014-04-13 / 446 hitz

  • Izenburua: Odolaren deia
  • Egilea: Iñaki Irasizabal
  • Argitaletxea: Elkar

Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) genero beltzaren eleberrigile zaildua dugu, thriller hagitz interesgarriak egindakoa. Mendaroko txokolatea nobela kari ezagutu nuen nik, pertsona nahiz idazle legez. Horrela idatzi nuen orduan: «Ezohikoa da idazle hau. ‘Ohiko ikasketak’ burutu ostean, hala kazetaritza nola soziologia, industriagintzan ari delako, ‘lan arruntean’ dihardu alegia. Horrek ematen ei dio sosegua eta behar duen oreka idatzi ahal izateko. Lanaren ukitu beltza antzeman zaio Iñakiri eskuetan, fisikoan zein fikzioan». Irasizabal langabezian dago egun.

Mendarako txokolatea gustatu zitzaidan, baita Odolaren deia ere. Nobela xumeak direlako apika, eta neroni genero horren ezagule mugatua naizelako. Irasizabalek bi ezaugarri biltzen ditu eleberrigile gisa: bere pertsonaiak Bilbon bizi dira, eta Bizkai aldeko —Gamiz eta Fikako kasuon— ezaugarriez osatuta eta deskribatuta daude. Euskaldun petoak dira, hots.

Nobelari ekin aurretik, euskal nobelagile biren esanekin akordatu nintzen. Bi anai nobelaren egilearena, bat: «Honezkero ez zait pertsonaiaren deskribapen fisikoa narratzea interesatzen…» —buruz ari naiz, beraz baliteke idatzia hitzez hitz zuzena ez izatea—. Martutene-ren egilearena bestea: «Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko».

Odolaren deia-ren trama Bilbon gertatzen da. Pertsonaia nagusiak —bi anaiak— Bizkaian barna dabiltza joan-etorrian. Protagonista, Gorka, Zazpikaleetako soto batean bizi da, zulo-zuloan. Hala ere, liburuaren azalean ageri lez, teilatura igo ohi da. Hiri beltzean egunez bizitako nahigabeak alde zaharreko teilatuei —eta hiriko gauari— begira itotzen ditu.

Anaiaren ustekabeko deia jaso du Gorkak: «Zer nahi duk?» itaun lehorraren ostean, «aita hil duk» berria jaso du. Gorkak ez du deia «gustukoa» izan, noski. Deiak baina odolaren deia dakar! Azken hamar urteetan bizkar emanda bizitako bi anaiaren arteko berbak izan dira.

Odolaren deia thrillerra da, nobela beltza. Hainbatetan genero gutxietsia. Haatik, bere xumean eta laburrean, eleberrigileak hiriaz nahiz pertsonaiez egiten dituen deskribapenak gustuko dauzkat oso, euskaldun peto-petoenak nahiz kanpotik etorrita euskaldun bihurtutakoenak. Trama bilbatzen duten pertsonaiek ongi islatzen dute gure mundua. Kontakizunaren intriga bizirik mantentzen duen leitmotiv-az gainera, nobelak genero beltzaren alde humanoa nahiz soziala ederto islatzen dizkigu: familia bat jendartean, anaia arrakastatsua eta anaia frakasatua.

Kontrastasun gutxiko mundua da gurea, erreala sarritan irreala da. Odolaren deia-k irrealaren alde erreala eskaintzen digu. Mundu errealaren zuria nabari da beltzean, edo mundu beltza zurian. Gustatu zait, berbarako, pertsonaiek Unamuno Plazan hitzordua izatea. Miguel Unamunokoak burua altxatuko balu, irreala hein batean erreala ere badela ikusiko bailuke.

Ez naiz generoaren bereziki maitalea, baina tarteka-marteka laketgarri zait berarekin oheratzea. Ez ohi naiz sarri jardun, eta onartu behar dut tramaren edo pertsonaien aldaeraren batzuek coitus interruptus-en bat eragin didatela. Berbarako, akabukoak (116. o): «Telefonoa. Mugikorra —nirea da hitzaren etzana— igotzen nuen teilatura aspalditik. Zenbakia begiratu nuen: Nadia», dio Gorkak.

Edonola den ere, Iñaki Irasizabal eleberrigileak genero beltzaren titulua merezi duelakoan nago. Gorkari bezala, onena desio diot. Hau da, langabeziatik irtetea nobelak idazten jarraitzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude