Arkumea txilindronean

Iker Markinez / 2014-04-05 / 212 hitz

OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:

Bi arkume izter.
Bi tipulin.
Bi azenario.
Lau baratxuri ale.
Hamar piper txorizero.
Tomate heldu bat.
Arabako lau patata.
Basokada bat ardo zuri.
Gatza.
Oliba olio birjina.

• Arkume izterrak erosteko garaian, harakinari eskatu pusketak egiteko.

• Arkume pusketak gatzatu, eta lapiko zabal batean oliba olio zorrotada batekin frijitu, su bizian.

• Bitartean, azenarioak eta tipulinak garbitu eta zuritu. Barazki horiek karratu txikitan moztu, eta, arkumea gorritzen hasten den momentuan, barazkiak gehitu. Jarraian, baratxuri aleak pusketa txikietan moztu, eta, ondoren, bertara gehitu.

• Guztia ongi erregosten utzi, hamabost bat minutuz, su motelean.

• Tomatea ere puska txikitan moztu eta lapikora gehitu. Basokada bat ardo zuri ere lapikora bota. Hamar bat minutuz irakiten eduki.

• Bitartean, patatak zuritu eta pusketatan ebaki. Lapikoan sartu eta ura gehitu, osagai guztiak ongi estali arte. Gatza bota.

• Piper txorizeroak hartu, eta txortena eta barruko haziak ongi kendu. Erditik moztu, eta horiek ere lapikoan sartu. Irakin motela lortzen denean, hantxe eduki ordu eta laurdenez, gutxi gorabehera.

• Ondoren, sua itzali eta epeltzen utzi. Epeltzean, piper guztiak atera eta, labana baten laguntzaz, piper txorizeroek barruan duten haragi guztia azaletik banatu.

• Lortu dugun haragi guztia xehe-xehe egin eta lapikora gehitu.

• Jarraian zerbitzatu nahi bada, berriro pixka bat berotu eta, bero-beroa dagoenean, mahaira zerbitzatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude