Eneko Bidegain, ikerlaria eta idazlea: «Iparraldeak Frantziaren bidez izan du nazio batekiko lehen lotura»

Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2014-04-16 / 963 hitz

Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzen duen liburu bi argitaratu berri ditu Bidegainek; frantses sentitzeko prozesuan faktore garrantzizkotzat du guda.

Ehun urte beteko dira aurten Lehen Mundu Gerra piztu zenetik. Eta gertakaria Euskal Herriko prismatik aztertzen duen liburu bi aurkeztuko ditu aste honetan Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasle eta idazleak (Baiona, 1975). Atzo aurkeztuko zuen lehena, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. 2012an egindako doktore tesia laburtu du Lehen Mundu Gerra ‘Eskualduna’ astekarian izenburupeko liburuan. Astekariak lehen Mundu Gerran Euskal Herriko gizartea frantsesteko prozesuaren eraginaren azterketa bildu du. Bihar Baionan du bigarren hitzordua, Lehen Mundu Guda eta Euskal Herrian (Elkar) liburua azalduko du han. Lehenaren aurkezpena egin ondoren hartu du BERRIA.

Liburu bi aurkeztuko dituzu aste berean, biak I. Mundu Gerrari lotuta. Zein alde dago bien artean?

Ikerketa beretik ateratako bi lan dira aste honetan aurkeztutako liburuak. Gaur [atzo] aurkeztu dudana, doktoretza tesia da, pixka bat laburtuta. Doktoretza tesirako informazio pila kudeatzen da, eta jantzi egin behar duzu gaian. Tesian landutako gaia oso espezifikoa da: Eskualduna aldizkariaren edukien azterketa. Historiaren kontakizuna laburragoa da horretan. Euskal kazetaritzaren historia interesatzen zaionari ere gustatuko zaio liburua, euskal kazetaritzaren atal interesgarria garatzen duelako. Testuak aztertu ditut, eta, hortaz, euskararen aberastasunaz gozatu nahi dutenak ere baditu oso pasarte politak tesian. Akademikoagoa da agian, baina ez dut uste unibertsitatearen mundurako bakarrik denik. Lehen Mundu Guda eta Euskal Herrian historia liburua da, dibulgatzaileagoa. Gerran zentratu edo ikuspegi orokorragoa jaso nahi duenari hau irakurtzeko esango nioke.

Euskal Herriaren ikuspegitik idatzi dituzu biak.

Historia orokorreko beste gertakariez bezala, interesgarria iruditu zitzaidan I. Mundu Gerrako historiaz euskaraz idaztea. Beste hizkuntza batzuetan badaude halakoak, baina ez gaude ohituta euskaraz idatzitako horrenbeste liburu aurkitzera. Euskararen normalizazioa gai orokorretako liburuak idaztetik ere igarotzen da, nire ustez. Beraz, helburu hori bazuen batetik. Gainera, guda ezaguna da Ipar Euskal Herrian, baina nahiko ezezaguna da Hegoaldean. Eta publiko hori ere izan dut gogoan. Herrialde bakoitzak bere ikuspegitik idazten du historia, eta Euskal Herriaren ikuspegitik kontatu nahi izan dut I. Mundu Gerra: nola bizi izan zen eta zein ondorio izan zituen.

Hego Euskal Herrian nazionalismoa garatzen ari zen bitartean, Ipar Euskal Herria gerran izateak zein eragin izan zuen?

XIX. mende bukaeran Europan izan zen nazionalismoaren iratzartzea aztertu dut. Hainbat gertakari izan ziren garai horretan: Frantzia 1870eko gerra galdu ondorengo nortasun krisian murgilduta zegoen; Alemania eta Italia garai horretan eraiki ziren nazio gisa, eta Hego Euskal Herrian ere abertzaletasuna suspertu zen, gehienbat Bilboren garapenarekin batera. Europako testuinguruan kokatu behar da prozesu hori. Baina Ipar Euskal Herria baserri ingurua zen, eta inguru horretan ez zen kontzientzia nazionalik garatu. Herriarekin identifikatzen ziren, nazioaren kontzeptua askoz ere abstraktuagoa zen. Hortaz, Ipar Euskal Herriak Frantziaren bidez izan du nazio batekiko lehen kontaktua. Europan garai hartan zabaltzen ari zen abertzaletasunaren olatua ez zen Iparraldera iritsi.

Eskualduna astekariak guda garaian herritarrei zabaldutako balioek nolako eragina zuten?

Atera dudan ondorioa hau da: astekarian nortasun beraren ezaugarriak dira euskaldun, fededun eta frantses izatea. Ondoren etorritako ehun urteetan Ipar Euskal Herriko mentalitatea nolakoa izan den ikusita, argi eta garbi gelditzen da balio horiek errotu egin direla herritarren artean. Baina horrek ez du esan nahi Eskualduna eragile bakarra izan zenik.

Zein beste eragile dago?

6.000 euskaldun hil ziren 1914ko gerran, eta beste horrenbeste zauritu. Odolaren bidez lotu ziren euskaldunak frantziarrekin. Hau da, etsai komun baten aurka eta frantziarren alde isuri zuten odola, eta horrek lotura bat eragiten du. Ondoren etorritako kudeaketa guztiaren bidez ere lotu zituzten euskaldunak frantses nortasunarekin; besteak beste, pentsioak eta omenaldiekin. Frantses sentiarazteko prozesua konplexua da, baina guda oso faktore garrantzitsua izan da.

Astekaria zergatik, nola eta zertarako inplikatu zen aztertu duzu.

Eskualduna astekari politikoa zen. Frantziako eztabaida politikoan murgilduta zegoenean sortu zen, 1887an: Laikoen edo errepublikarren eta elizkoien arteko eztabaidan. Frantzia nazioaren eraikuntzan murgilduta zegoen garai horretan. Arrazoi materialak ere izan ziren: zentsura eta informazioa lortzeko mugak, besteak beste. Astekaria Frantziaren alde agertu zen nahi zutelako, eta ez zutelako horren aurrean alternatiba garatzeko baliabiderik. Nola egin zuten hori? Goraipamenak eginez. Frantzia aipatzean formula bera erabiltzen zuen beti Eskualdunak: Frantzia gu gara, lehen pertsonan eta pluralean. Irakurlegoa Frantziarekin lotzeko era bat da. Eta azkenik, zertarako? Euskaldunak soldadu onak zirela azpimarratzeko. Euskaldunak frantsesak zirela eta frantsesak fededunak zirela goraipatzen zuen. Kristau eta laikoen arteko gatazkan eragiten zuen horrela.

Historiaren kontakizuna egiten duzu Lehen Mundu Guda eta Euskal Herrian liburuan.

Ez naiz historia militarrean gehiegi sartu; politikoa da nire liburua. Tarte luzea eskaini diot gerra aurreko garaiari: 1914ko gerra aurreko Europaren bilakaera jaso dut, eta Frantziaren eraikuntza nazionalak Euskal Herrian ekarritako ondorioak aztertu ditut. Asko tematu naiz horretan. Gudaren pasarteak ere aipatu ditut. Batez ere, Euskal Herriko soldaduak protagonismoa izan zuten guduetan zentratu naiz. Eta hildako euskal herritar guztien fitxategia osatu dut. Hirugarren atalean gerraren ondorio ekonomiko, sozial eta humanoak jaso ditut. Hegoaldean eta Iparraldean bizitza nola aldatu zen aztertu dut. Hirugarren atal horretan bada interesa jarri diodan kapitulu berezi bat. Gerra ondorengo estatu gabeko nazioen egoera landu dut horretan: sortu ziren estatu berriak, desagertu zirenak eta gaur egun oraindik estaturik gabe dauden nazioen egoera. Iruditu zait Euskal Herriko ikuspegitik interes berezia dugula estaturik ez duten kasuak aipatzeko.

1914ko Guda ez da askotan nazio identitatearen eraikuntzarekin lotu.

Horrek bultzatu ninduen tesi honetara eta nortasunaren gaia aztertzera. Hego eta Ipar Euskal Herriaren bilakaeran, beren menperatzailearekin izandako harremana ulertzea garrantzitsua da. Eta azken ehun urteetako gertakariak ongi ezagutu behar dira horretarako. Ipar euskal herritarrek hainbat guda egin dituzte frantziar armadaren baitan. Baina Hego Euskal Herrian prozesua ezberdina izan da.

Ipar Euskal Herrian nazio identitate frantsesa sendotzeko mugarria izan zen I. Mundu Gerra?

Mugarria baino gehiago, gertakari ikusgarriena da. Aurreko 50 urteak ulertu behar dira horretarako; baita Frantziako Iraultza ere. 1789ko iraultzatik 1870 arte aldaketak izan ziren. Baina hamarkada horretatik aurrera hasi ziren gauzak aldatzen. Ordura arte eskolan eta armadan ikasitakoa odolaren bidez ikasiko dute 1914an. Mundu guda ez zen nazio identitatea sendotzeko lehen kapitulua izan, ezta azkena ere, baina garrantzitsuenetarikoa, bai.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude