Gurutzearen zama uzteko sasoia

Mikel Asurmendi / 2014-05-25 / 437 hitz

  • Izenburua: Jainkoaz beste. Aberriaren idolatria
  • Egilea: Luis Haranburu Altuna
  • Argitaletxea: Hiria

Saio landua eta irakurtzeko erraza duzu Jainkoaz beste, Aberriaren idolatria, baita egokia ere. Euskaldunon historia eta ideologiak jorratzen ditu, abertzaleena oroz gainetik eta ezker abertzale/ETAren binomioarena bereziki. Erlijioak eta jainkoak abertzaleengan duten munta azaltzen du, hots, euskaldun fededun izanaren ondorioa. Errelatoen beharra dugun garaion, gure pentsamenduaren errelatoa berritzen laguntzeko saioa.

Liburuaren funtsean sakondu aitzin, ohar pare bat:

1) Saioa landua da, baina merezi luke «orrazketatxo»-ren bat gehiago idazketa —akats ortografikoez ari naiz— txukunagoa izateko. Ez da liburu eta argitaletxe honen gabezia soilik, besteen liburuetan ere lanketa eskas hori agerikoa da usu.

2) Luis Haranburu Altuna da egilea (Alegia, Gipuzkoa, 1947), eta komenigarria da bera ez estigmatizatzea. Hots, Haranburu Altuna erlijioan, abertzaletasunean edota marxismoan hezi izan arren —Mikel Azurmendi, Jon Juaristi, Jon Sudupe… eta beste zenbaiten artean, bat-bedera eta inor inorekin nahastu barik—, saiogilea jeltzaletasunarekin eta ETAren tasunekin biziki kritikoa —bilakatu— da. Hain kritiko ere, ezen eta abertzaletasunaren «etsaia» izatearekin estigmatizatuta dago —eta daude—. Horiek horrela, bere pentsamendua edota liburuak «errefusatuak» izaten dira hainbat abertzaleren aldetik. Hartaz, horrek liburuaren irakurketa eta balioa baldintzatzen dituelakoan nago.

Segi nadin liburuaren azaletik beretik: Felix Likiniano anarkistak asmatu anagrama (ETAren anagrama: sugea eta aizkora) eraldatua ageri da: gurutzeak hartu du aizkoraren tokia. ETAren anagrama Higiaren koparen plagioa iruditzen zait. Berau farmazeutiko lanbidearen ikur ezagunenetako bat da. Kopan edo kalizan kiribildutako sugea ageri da. Sugeak boterea irudikatzen ei du, kaliza erremedioen ikurra delarik.

ETAren anagrama «aizkora beste sendo eta sugea zuhur antzo» definitu zuen norbaitek. Saiogileak gurutzearen (boterearen) zantzuak antzeman ditu aizkorarenean. Alabaina, saioa ongi ulertzera, euskaldunon erremedioa ez dira ez aizkora ez gurutzea.

Edonola den ere, saioak kontrobertsiarako ematen du, askorako eman ere. Eta horretarako Doctor Ecclesiae, hots, Elizak ditu doktoreak. «Gure» eliz eta kapera barrutietako pentsalariengan pentsu dut. Komeniko litzaiguke arrazoiz adina zentzu izatea, eta, ideietan bat egin beharrik gabe, euren arteko eztabaida emankorrak gauzatzea errespetuz.

Jainkoaz beste. Aberriaren idolatria saio kritikoa da abertzaletasunaren ondorioekin. Ezkerreko abertzaletasunaren jardueraren (ETAren indarkeriaren) okerrari egiten dio arbuiorik handiena, baina saioa hori baino askoz gehiago da. Euskaldunon erlijioaz gain, geure —pertsonon— askazia, emozioa, kontzientzia eta memoria lantzen ditu, ondo landu ere. Euskaldunon jainkoa du jomuga bereberki. Eliza katolikoaren izaera ederto agertu eta bere amaiera iragartzen du. Haatik, galdera hauxe pausatzen du amaieran: «Erlijiotik aterakoan zer?».

Hona nire aburua: «Gure» kaperetako doktoreek auguratu dezaketenaz beste, zer egin dezakegu hiritartasuna aitortu gabeko herritarrok? Hasteko, on egingo liguke aberriaren idolatriari uko egiteak. Jainkoaz beste egitea zailagoa daukagu, naski. Kristautasunaren aurretiko jainkoengana atzera itzultzea ezinezkoa zaigu. Anartean, Zesar berriei aitzi egiten edota haien aurkako borrokan errenditzen konformatu beharko dugu.

Kontrobertsiarik kontrobertsia, osasungarria deritzot saio honi ekitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude