Donostiaren 1813ko erreketa, orduko Europako testuinguruan

Juan Luis Zabala / 2014-10-04 / 438 hitz

Gertakaria ez da Independentzia Gerrako pasarte bat, Gerra Napoleonikoetakoa baizik, Fito Rodriguezek ‘Gontz garaia’-n dioenez.

Eguraldian galerna den parekoa da gontz garaia historian, aldaketa dakarren fenomeno nabarmena, ikusgarria. Hortik hartu du izenburua Fito Rodriguezen (Gasteiz, 1955) Gontz garaia (ipuinak kontatzen ez dituztenei) saiakerak (Utriusque Vasconiae). «Niretzat, gontz garaia da duela 200 urte, Gerra Napoleonikoen garaian, hemen gertatutakoa», azaldu du Rodriguezek. «Pribatizazioei dagokienez, XIX. mendean lurrak pribatizatu ziren, komunalak desagerraraziz; XX. mendean pribatizatu dira industria handiak; eta XXI. mendean egitura finantzieroak ari dira pribatizatzen, adibidez kutxak. Garai bakoitzak bere ardatza du, baina zenbait garaitan, gontz garaietan, dena batera azaltzen zaigu, eta hori da hemen duela 200 urte gertatu zena».

Donostiaren 1813eko erreketa eta orduan izandako sarraskiak aipatzean, Espainiatik begiratuta, gerra hari Independentzia Gerra deitu izan zaiola ekarri du gogora Rodriguezek. «Baina kasu bakarra da, zeren Espainiatik kanpo gerra napoleoniko bat da. Horrelako gertaera historikoak ez lirateke zokokeriatik aztertu behar. Donostian eta Bosniako Travnik hirian gauza bera gertatzen ari zen duela 200 urte. Baina Travniken Napoleonen estatua ikus daiteke, hango lurrak Inperio Austriar-Hungariarretik askatu egin zituela gogoratuz. Donostian gertatu zena ulertzeko, Europa osoan gertatua ulertu behar dugu, ez soilik Espainiaren ikuspuntutik begiratuta eta Independentzia Gerra moduan ulertuta, gerra napoleoniko gisa ulertuta baizik».

Donostian gertatu ziren sarraskiak gogorrak izan baziren ere, aintzat hartu behar da, Rodriguezen ustez, azal horren azpian, sakonean, «ideien eta kulturen arteko borroka» bat zegoela. «Iraultzaren bandera hartu eta Europan zabaltzen saiatu zen Napoleon. Zabaldu ahala, enperadore bihurtu zen, eta bera hil ondoren berrezarpen monarkiko eta borbondarra etorri zen. Napoleonen funtsezko garaipena, ordea, ez zen izan militarra izan, juridikoa baizik: kode napoleonikoa. Napoleonek bakar batean batu zituen aurretik zeuden gizarte estamentaleko zuzenbide motak, eta berdintasuna geratu zen handik aurrera ardatz gisa gizartea antolatzeko. Nahiz eta berriro monarkia ezarri, nahiz eta berriro ere aristokraziak indarra hartu, juridikoki gizartea erabat aldatua geratu zen betiko, berdintasuna zelako zuzenbide egitura berrian oinarrizkoa».

Mendeurrena, aurten

Euskal Herriaren ikuspegitik, gerra ez zen bukatu 1813an, 1814an baizik, «Baiona errenditu zenean», Rodriguezen ustez. «Bitartean gerra egon zen Euskal Herrian. Beraz, Euskal Herriaren ikuspuntutik ez zen iaz izan 200. urteurrena, aurten baizik».

«Zenbait gauza ulertzeko bestelako begiradak behar ditugu, literaturaren barruan daudenak baina fikzioarekin zerikusi gutxi dutenak», Rodriguezen ustez; hots: saiakerarenak. PEN Club nazioarteko idazle elkartearen izena, jatorriz, «Poets, Essayists, Narrators»-etik («Poetak, Saiakeragileak, Narratzaileak») eratorritako akronimoa dela ekarri du gogora. «Hemen ematen du idazleak direla fikzioa edo poesia egiten dutenak, baina badaude saiakeragileak ere». Hortik dator Gontz garaia liburuaren azalean parentesi artean irakurtzen den azpi-izenburua: Ipuinak kontatu ezin dituztenei; Jasmila Zbanic zuzendariaren Za one koji ne mogu da govore / For Those Who Can Tell No Tales filmaren izenburutik hartua (Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldiko Sail Ofizialean estreinatua).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude