Erosotasunetik altxatu beharra

Iker Tubia / 2014-10-25 / 959 hitz

Teknologien garapenarekin batera, eguneroko jarduerak anitz erosoago bihurtu dira. Horri lotuta, sedentarismoa agertu da. Haren erruz, gaixotasun asko sor daitezke, eta jadanik urtean 5,3 milioi lagun hiltzen dira horregatik. Egunean 30 minutuz jarduera fisikoa egitea da gakoa.

Sedentarismoa XXI. mendeko epidemia izan zitekeen». Gizarte modernoetan «ohitura kaltegarria» bada, gutxienik. Hala uste du Jabier Agirre medikuak. Izan ere, garaiak abiadura bizian aldatu dira, baita teknologiak ere. Gizakiei erosotasuna eskaintzen diete autoek, igogailuek, etxeak garbitzen dituzten robotek, laneko makinek eta abarrek. Alta, garapena bortitzegi egin da, gizarte garatuetan eta hiri handietan batez ere. Horrek gaitz berri bat sortu du: sedentarismoa. OME Osasunerako Mundu Erakundeak dioenez, urtean 5,3 milioi lagun hiltzen dira haren erruz. Jarduera fisikorik eza da hiltzeko arrisku faktoreen artean laugarrena, eta gaixotasun kroniko askoren eragile. Neurriak hartzea beharrezkoa da, beraz. Lehenbiziko gauza ipurdia altxatzea da.

Poliki-poliki gizartea sedentario bilakatuz joan da, industrializazioa hasi zenetik. Azken urteetan abiadura handiz, gainera. Sedentario bihurtu zen gizakia nomada izateari utzi zionean. Hala da antropologiaren ikuspuntutik. Baina ez da hori sedentarismo terminoak hartu duen adiera. Ikertzaile askok erabili arren, ez dago kontzeptu horren definizio unibertsalik, aitzitik. «Gorputzak behar duen gutxieneko lan fisikorik eza da sedentarismoa. Gutxiengo batzuk behar dira gorputza egunero martxan jartzeko, lanean», azaldu du Iñaki Arratibel kirol medikuak. Antzeko bidetik jo du Sara Maldonado antropologoak. «Jarduera fisikoa gihar eskeletikoak eragindako edozein gorputz mugimendu da, eta gastu energetikoarekin batera definitzen da». Gastu energetikoa, gihar eskeletikoaren erabilera eta jarduera fisikorik eza dira, beraz, sedentarismoaren gakoak. «Badago gastu energetikoaren eta gihar-erabiliaren atalase kritiko bat, eta betetzen ez denean, giharraren atrofia eragiten du eta norbanakoa sedentario definitu liteke».

Antropologoak azaldu du nondik heldu den sedentarismoa. Neolitoko iraultzaren ondoren, eta bereziki Industria Iraultza eta Aro Modernoaren ondoren, dietan eta bizi-estiloan aldaketak egin zituzten gizakiek. «Teknologia modernoek eta motorrean oinarritutako garraio sistemen garapenak eguneroko jarduera fisikoaren intentsitatea eta denbora murriztu dute. Horrela bihurtu gara Homo sedentarius». Azken 50 urteetan bereziki handitu da sedentarismoa, eta osasunerako arazo larri bihurtu da. Aldaketa azkarregia izateak eragin du hori. «Gure genomak ez du astirik izan egokitzeko, eta, ondorioz, gaixotasun kronikoak agertu dira: kardiobaskularrak, hipertentsioa, bi motatako diabetesa, minbizi batzuk, osteoporosia…».

Urbanizazioaren eta teknologien gehiegizko zabaltzearen ondorioz egiten dute gizakiek ariketa fisiko gutxiago. «Teknifikazioarekin, lan fisikoa, gorputza mugitzera behartzen zuen lana, gutxituz joan da», esan du Arratibelek. Alemanian biztanleek egiten zituzten lanak aztertu zituzten. Orain dela ehun urte oso jende gutxik egiten zuen lan arina, eta gaur egun, kontrara, jende gutxik egiten du lan astuna. Lan mota ez ezik, garraioak ere badu eraginik. Lanera oinez joatea ez da arruntena, garraio publiko zein pribatuek erosoago egiten dute bidea.

Bizi-erritmoak ere eragin du, egungo gizarteak ahalik eta azkarren egin nahi baititu jarduerak, baita toki batetik bestera egin beharreko lekualdatzeak ere. «Gizarte hiritar modernoetan autoak daude toki askotan. Lehen, umeak oinez joaten ziren eskolara; gero, autobusez; orain, gurasoek autoan eramaten dituzte, eta gaztetxoak haien motoan doaz». Are gehiago, maila sozialak gora egiten duen heinean gizentasunak ere halaxe egiten du, Agirre medikuak esan duenez.

Balantze kaloriko positiboarekin loturik dago sedentarismoa. Hau da, jaten dena erretzen dena baino gehiago izatearekin. Agirrek dioenez, jende helduarengan gehiago eragiten du sedentarismoak haurrengan baino. Txikiak normalean ez baitira geldirik egoten. Estatistikek diote emakumeei gehiago eragiten diela gizonei baino. Nabarmentzekoa da, dena den, hiri guneetan zabaltzen dela batik bat sedentarismoa. «Egia da gizartea zahartzen den neurrian, oro har gutxiago egiten dituela betiko jarduera fisikoak, eta, beraz, sedentarioago bihurtzen dela, baina adinarekin baino gehiago garapenarekin dago loturik».

Ez da, baina, sedentarismoa —ez zuzenean behintzat— urtean 5,3 milioi lagun hiltzen dituena. Haren ondorioak baizik. «Gurpil zoro bat da: sedentarismoak obesitatea dakar, obesitateak hipertentsioa sor dezake, hipertentsio arazoak askotan kolesterolarekin lotzen dira, diabetesa…», esan du Agirrek. Ondorio horiek guztiak oso kaltegarriak dira osasunerako, eta arrisku kardiobaskularrak handitzen dituzte. Horiek dira gaur egungo heriotza arrazoi nagusietako bat, minbizia eta istripuak alde batera utzita. Hauek dira jarduera fisikorik ezak uzten dituen datu esanguratsuenak: bihotzeko arterietako gaixotasunengatik hildakoen %35, kolon ondesteko minbiziengatik hildakoen %32 eta diabetesagatik hildakoen %35 sedentarismoarekin eta gehiegizko pisuarekin zuzenki loturik daude.

Kirola egunero

«Estresak oso bizimodu desegokira eraman gaitu: ariketa gutxi egiten dugu, korrika eta presaka bizi gara, ez gara behar bezala elikatzen —inoiz baino baliabide eta kultura gehiago dago, baina lanaren antolakuntzak ez digu denbora askirik ematen—… bizimodu nahiko aldrebesa daramagu, eta horrek kalte handiak egiten dizkigu», esan du Agirrek. Baina badira sedentarismoari aurre egiteko bideak. Erraz askoak, gainera. Arratibelek eman ditu gako nagusiak: gutxienez 30 minutuko jarduera fisikoa —edozein motatakoa— egin behar da intentsitate moderatuan —ez oso indartsu, baina bai erritmo bizi samarrean—, eta gutxienez astean bost-sei aldiz. Intentsitate pixka bat handiagoetan gutxienez astean hirutan.

Gizartearen zati batek kirola egiten duela azaldu du Arratibelek, baina oro har gutxi egiten dela. «Herrietan eta, agian, jendea gehiago mugitzen da, baina populazio osoa hartzen badugu, arazo bat dugu». Horregatik, kontraesan bat antzeman du: «Jarduera fisikoaren orduak eta garrantzia gutxitzen ari da eskoletan; baina, bestalde, gizartean esaten ari gara kirol gehiago egin behar dela». Erakundeek ematen dituzten aholkuez gain, Arratibelek beste bat gehituko luke: kirolaren sozializazioa, ariketak taldean egitearena alegia. «Asko kezkatzen gaitu kirolarekiko atxikimenduak. Bakarka egitean arrisku gehiago dago jarduera fisikoa baztertzeko, taldean edo lagunekin egitean baino». Horri loturik, jarduerarik egokiena aukeratzeko beharra ere aipatu du: norberak posible duena. Izan liteke denborarengatik, gastuarengatik… Edo, besterik gabe, norberak gustuko duena egin behar du atxikimendu hori sendotzeko. «Arazoa jarraipena eta atxikimendua izaten dira».

Mugitzea ez ezik, Agirrek elikaduraren garrantzia ere aipatu du. Maldonadok dio lehengo biztanleek ez zituztela halako gaixotasunak izaten; beraz, aurreko inguruneko ezaugarri onuragarriak —dietak eta bizi-estiloak— imitatzen saiatzearen alde agertu da. «Bizi-estiloaren aldaketa aldagai batean bakarrik oinarritzea ez da estrategiarik egokiena —hau da, bakarrik dieta, edo jarduera fisikoa aldatzea—. Geneen adierazpen onena aldagai batzuen konbinazioaren bitartez emango litzateke: ariketa fisiko erregularra, estresaren eta haren aldagaien kontrola, eguzkiarekiko esposizio nahikoa, loa egokia, tabakoa eta kutsadura saihestea, elikagai prozesatua saihestea eta elikagai freskoak gehitzea»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.