Kimika eta homeopatia

Marian Iriarte / 2014-11-02 / 334 hitz

Ez naiz oraingoan hasiko homeopatiaren alde ala kontra ikuspegi mediko batetik. Hori adituei utziko diet. Gaurkoan, kimikako ikasleek homeopatiak esaten dituen hainbat gauza zalantzan nola jar ditzaketen azaltzen saiatuko naiz. Alorreko argitalpen batean duela gutxi artikulu bitxi bat aurkitu dut, bitxia esaten dut irakasle naizen aldetik, nire ikasleei molekulak eta antzekoak azaltzeko aukera ederra ematen baitu.

Homeopatiaren oinarrian funtsezko bi ezaugarri daude, batetik gaitza sorrarazten duen berberak gaitz hori sendatuko du, eta bestetik toxina, gaitz-eragile edo dena delako hori, gero eta kantitate txikiagoan egon, are eta eraginkorragoa izango da.

Lehenengo ezaugarria alde batera utziko dut, baina bigarrena ezin da bere horretan utzi.

DBHko ikasleei kimikaren lehen ezaguerak azaltzen zaizkienean, zaila egiten zaie askotan molekula baten tamainaz jabetzea, hain txikia da-eta. Kimikariek molekulekin ez aritzeko, beste kontzeptu bat erabiltzen dugu gure eguneroko lanean, eta mol esaten diogu horri. Ez dut irakurlea aspertu nahi, eta ez dut zehatz-mehatz mol bat zer den azalduko, adibide pare bat baino ez dut jarriko. 18 g ur mol bat dira, edo 58,5 g gatz arrunt (NaCl) beste mol bat, edo 46 g etanol mol bat dira ere bai, …. Eta zertarako mol kontzeptua erabiltzea? Mol bat esaten dugunean, badakigulako zehazki zenbat molekula dauden bertan, beti berdin, 6,02. 100000000000000000000000000000000 …, hogeita hiru zero ipini arte. Askotxo, ez? Bada, bai. Molekulak oso txikiak baitira.

Homeopatiaren oinarrietako bat sendatuko gaituen gai hori ahalik eta diluituena egotea da, eta horixe azaltzen dute sendagaiaren izenaren aldamenean agertzen diren zenbakiak, 5C, 10C, …… C horrek diluzio bakoitza 100 zatitan egiten dugula esan nahi du, hau da, jatorrizko sustantziaren zati bat, 100 zatitan disolbatuz, eta 5 edo 10 aurretik jartzeak diluzio hori zenbat aldiz errepikatu behar den azaltzen du.

Ez dut proposatutako praktikak zehazki azalduko, baina laborategian egin daitekeen sintesi sinple baten ondoren, nanopartikula urre bakarra lortzeko hasierako erreaktiboetatik abiatuz nahikoa da 15 aldiz 1:10 diluzioak egitea, eta aldiz, homeopatiaren aita den Hahnemannek bere sendagaien eraginkortasunik handiena beste 45 aldiz diluituta lortzen dela esaten du.

Norberak erabaki dezala 45 aldiz gehiago diluitutakoan zenbat urre dagoen disoluzio horretan

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude