Barbie edo Lamily

Amaia Espinosa / 2014-12-16 / 460 hitz

Zenbakiek diote orokorrean ume batek egunean 49 iragarki ikusten dituela telebistan eta Gabonak hurbiltzean kopuruak dexente gora egiten duela. Norminanda Montoya irakasleak egindako ikerketa baten arabera, bonbardaketa bortitz eta kaltegarri hau lau eta zazpi urteko umeen artean eman ohi da; juxtu, nortasunari eragiten dion unerik garrantzitsuenean. Bide beretik doa K. O’Bryan psikologoa ere, iragarkiak txikien buruan edozein ideia grabatzeko eta ikasteko tresna eraginkorrak direla dionean. Eta ideien mundo honetan jarrerak eta balioak bat eginda daudenez, ukaezina da jostailuen publizitateak berebiziko eragina duela; hainbat arlotan, eta besteak beste, umeak bere sexua eta bestearena deskribatzerakoan.

Eta jostailuak apartatzeko biderik erabiliena publizitatea izanik, umeek zerbait aukeratzen dutenean, gustatzen zaien ala ez galdetzeaz aparte, zer egiten dugu helduak eta hezitzaile ei garenok? Hartzen dugu denborarik jostailuaren kolore eta preziotik haratago joateko? Jostailuak zein jokoak, onak, dibertigarriak, komenigarriak, egokiak, hezigarriak eta euren gustukoak izatea nahi izaten dugu. Alde batera utzita zein den modernoena; betiko jostailua edo teknologia berrietakoa eta inolako garrantzirik emon barik eskuak, burua edo atzamarrak erabiltzekoak diren, kontziente izan behar dugu zelako tresna potenteak diren gure biharko neska-mutilen nortasuna finkatzeko orduan, biharko gizartearen eraikitzaileen joeretan.

Inoiz erreparatzen dugu Barbie-ren edo Action Man-en alde egiten dugunean zer eredu eskaintzen diogun gure txikiei? Aukera hori egiten dugunean zer pisu dauka sexuak? Kontuan hartzen dugu? Ziur baietz, baina, nolatan? Guztiz erabakigarria da koloreak, printzesak, soldaduak eta abar aukeratzean egiten dugun hautua, eta funtsezkoa jostailu horiek gure seme-alabentzako gurako genukeen gizartea ahalbideratzeko duten balioan sinistea. Gaur egun gurasoek, neska zein mutila izanda, aukera berberak nahi izaten dituzte eurentzat; berdintasuna. Baina berdintasunean eta sexismotik at heztea erronka gogorra da, eutsi egin behar zaion etengabeko prozesua, non umeek zein gurasoek berdintasun horri egokitutako ereduak, hizkuntzak eta balioak ikasi behar ditugun. Ze, sexuen arteko irudikatutako rolak eta erlazionatzeko moduak ezberdinak badira, garapen pertsonala ere ezberdina izango da. Adituek diotenez, umeek jolas eta jostailu, hau da, tresna berberak erabiltzen ez badituzte, ez dituzte gaitasun berberak garatuko, parekotasunerako bidetik aldenduz.

Ahoa bete egiten zaigu gure alabak eta semeak berdinak direla aldarrikatzean, ahalmen eta eskubide berberako pertsonak direla eta ez dagoela inongo arrazoirik ezberdintasun horri eusteko. Eta horrela da; halandaze, kontsekuente izan behar dugu eskaintzen dizkiegun ereduekin eta etxeko jarreretatik euren esku ipintzen ditugun jostailuei zehatz erreparatu. Besterik egin ez badezakegu ere, sexismoa uxatu eta estereotipoak saiheste aldera, komunikabideek eskaintzen dizkiguten irudi publizitarioekin kritikoak izan behar dugu, zuhurtziaz jokatu eta bereizi.

Hausnarketa hauetan nabilela, Lammily panpinaren berri jakin dut; aldaka zabal, pikortsu, takoi bako zapatekin , gerri normala duena… Ekoizleek produktua aztertzeko duten lanetariko bat, txikiei galdetzea izaten da: «Lammily?», — erantzun diete bezeroek— «ni ( neskek) edo nire arreba (mutilek) bezalakoa da; fuertea, pertsona normala ematen duena eta, segurutik, andereño, pilotu edo informatika dena». Hara! Gustatu zait! Ez da iraultzailea izango, baina Barbie eta Action Man buruan dutenentzat, bestelako eredua. Eta Olentzero bidean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude