Bihar

Goizalde Landabaso / 2014-12-02 / 272 hitz

Metroa. Igande eguerdia. Lauzpabost urteko mutikoa, gurasoekin. Senideren baten etxera, ziurrenen. Ama serio begiratzen du semeak, buruan darabilena haraindiko zeozer balitz lez. Metroaren isiltasun ezerosoa koskatu du ahots finak. Ia gaur bihar ote den galdetu dio mutikoak. Amak, apatz, bihar lo baten ostean etorriko dela esan dio. Mutikoa suak hartu du. Ez zaio erantzuna gustatu. «Atzo esan zenidan gaur izango zela bihar; beraz, bi bihar daude!??», diotso ernegatuta. Ama mutu geratu da, eta Aitari begiratu dio. Aitak atzerantz begiratu du; han, nonbait, erantzunen bat agertuko den itxaropenean. Ez da agertzen, baina. Eta umea gero eta suminduago dago.

Lauzpabost urteko umeak ez daki galdera batzuek ez dutela erantzunik. Galderek, sarri, ez dutela jarraitutasun logikoak eskatuko lukeen ihardespenik. Okerrago; maiz, ez dugula jakiten zein ote den erantzuna. Guk ere, heldu ahalguztidunok, zalantzak ditugu; inork erantzuten ez digun itaunez josiak gaude. Guk ere inpotentzia sentitzen dugu. Frustrazioa. Ezintasuna. Guk ere erantzunak nahi ditugu, baina dagoeneko badakigu ez aitak eta ez amak ez dituztela izan ditzakegun zalantza guztien gakoak. Lauzpabost urteko umearen amak jakin badakien moduan. Badaki berak uste baino lehen bizitzak harrapatuko duela semea; beharbada, une horretan bertan harrapatu du dagoeneko. Badaki ezin izango duela salbatu, ez beti. Sekula heltzen ez den bihar horri aurre egiteko tresnak eman beharko dizkiola. Azaldu beharko diola bihar beti izango dela lo bat harago, beti atzemanezin. Lauzpabost urteko xalotasunean ez daki bere mundu perfektua hautsiko dela, eta amak ez dio azaldu nahi munduaren anabasa daramagula gure baitan. Momenturen batean zerbait apurtuko dela, eta galderen ondorengo mututasunera ohituko dela.

Amak umearen aurpegia laztandu du, eta galdera inozoren bat egin dio. Zorrotik atera duen goxokiarekin baretu nahi izan du ezinbestean datorrena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude