Klima aldaketaren landaregrafia

Edu Lartzaguren / 2014-12-10 / 986 hitz

Europako bioaniztasun handieneko bigarren gunea dira Pirinioak, baina orain arte ez da egon mendilerro osoaren landare atlasik. Ipar eta hegoko zazpi erakunde eta berrogei zientzialari aritu dira osatzen, Ihobek koordinatuta. Ezinbestekoa izango da beroketaren eragina neurtzeko.

Hiru mende behar izan ditu loratzeko, baina hemen dago azkenean. Pirinioetako landareak biltzen dituen atlasa osatu eta argitaratu du Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako, Espainiako eta Andorrako zientzialari talde zabal batek. Landareen bitartez, argazkia egin diote mendikateari, Toloñotik (Araba) Creusko lurmuturreraino (Katalunia). Orain, argazki horrek bidea azalduko du jakiteko zer eragin izaten ari den klima aldaketa Europako bazter horietan.

Bioaniztasun handieneko bigarren gunea dira Pirinioak Europan, Alpeen ondoren. 4.500 landare espezie baino gehiago bizi dira Pirinioetan, Europako espezieen herena. Horietako 346 baino gehiago hor bakarrik aurki daitezke, hau da, Pirinioetako endemikoak dira. Botanikariek bazekiten landare espezie asko bizi zirela mendiotan, baina orain lortu dute kopurua zehatz jakitea, Pirinioetako Floraren Atlasa osatzeko hiru urtez eginiko lanari esker.

«Hainbat estatu eta gobernu ibili dira orain arte horretan, eta informazioa oso sakabanatuta zegoen», dio Iñaki Aizpuru botanikariak. Berak koordinatu du Pirinioetako Floraren Atlasa. Orain, «Pirinio guztiak bat bezala» hartu dituzte. Aizpuruk arriskuan dauden landareen eta Europako habitaten inguruan lan egiten du, Ihoben, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Publikoan. Horrez gain, Jaurlaritzaren ordezkaria da Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokian.

Ihobek koordinatuta, lanean aritu dira Barzelonako Institutu Botanikoa, Bartzelonako Unibertsitatea, Pirinio Garaietako Kontserbatorio Botanikoa (Frantzia), Mediterraneoko Kontserbatorio Botanikoa (Frantzia), Pirinioetako Ekologia Institutua (Jaca, Espainia) eta Andorrako Ikasketen Institutua (CENMA, Andorra).

Alpeak dira Europan bioaniztasun handieneko gunea, Pirinioek baino eremu askoz zabalagoa hartzen dutelako eta hango mendiak garaiagoak direlako. Halaber, lehenak izan ziren landarediaren atlasa izaten. «Alpeetan landuago zuten hau, nahiz eta hura ere nazio askotan bananduta egon. Han tradizio handiagoa egon delako», dio Mikel Lorda botanikariak. Iruñeko Nekazaritza eta Basogintza Institutuko katedraduna da, botanikan aditua. Pirinioetako Ekologia Institutuaren bidez aritu da lanean atlasean.

Pirinioetako hegoaldean bazeuden ikerketak, baina oso gutxi iparraldean, Lordaren arabera. «Informazioa oso sakabanatuta zegoen. Bi milioi datu sartu ditugu orain datu basean», dio. «Badirudi lan hauek XIX. mendekoak direla, baina datu hauek oinarria dira, dagoena babesteko eta kudeatzeko gero».

Pirinioetako bioaniztasuna ez da harritzekoa. Bi itsaso lotzen ditu, Atlantikoa eta Mediterraneoa. Mendilerroak klima lehorra du hegoaldean, eta hezea iparraldean. «Hainbat eskualdetako zubia dira Pirinioak, hesi ere bai, baina baita lotura ere», adierazi du Aizpuruk, «hortik dator berezitasuna eta aberastasuna».

Eta Pirinioetako Euskal Herriko aldea bereziki interesgarria da horretan, landare askoren banaketa muga hortxe dagoelako. Munduan Pirinioetan bakarrik dauden landareetako batzuen mendebaldeko muga Nafarroan, Gipuzkoan edo Araban dago. Alderantziz ere, Kantauri aldeko mendietako landare askoren muga hor dago. Zubiaren zubia da Euskal Herria horretan.

Nafarroako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi bazterrak botak oinetan miatu ditu Lordak azken urteotan. Euskal Pirinioaren berezitasuna klima atlantikoaren eragina da, azaldu duenez. «Hemengo landare espezieak berezi samarrak dira horregatik». Pirinio altuenetatik etorritako landareak hazten dira Belagua inguruko Larra aldean, eta, leku berean, isurialde atlantikotik etorritakoak. «Mosaiko interesgarria da».

Zerrenda gorria

Atlasez baliatuz, egitasmo bat prestatzen ari dira, Pirinioetako Ekologia Institutuak koordinatuko duena, klima aldaketak Pirinioetako naturan izango dituen eraginak aztertzeko eta horiei aurre egiteko estrategia bat eratzeko.

Ezinbestekoa da atlasa klima aldaketaren eragina bistaratzeko, tenperaturak igo ahala landareak bizitokiz nola aldatzen diren erakutsiko baitu. Baina, noski, horretarako, jakin behar da une batean non dauden landareok, geroan eboluzioa ikusteko. «Hasierako argazkia falta genuen», dio Aizpuruk. «Orain, behintzat, badakigu: 2014an horrela zegoen; 2020an, ikusiko dugu».

Klima aldaketa ikusteko modu bakarra glaziarren argazkiak ziren orain arte. Azken 60 urteotan Pirinioetan ia gradu bat igo da batez besteko tenperatura. «Klima aldaketa ez dator etorri, gertatzen ari da hemen», ohartarazi du Aizpuruk.

Tenperatura igo ahala, mendi magaletako landareak gero eta gorago bizi ahal izango dira. Horrek, ordea, bizitokirik gabe utziko ditu orain goi mendietan bizi direnak. «Landaredia aldatuko dela aurreikusten dugu, baina ez dugu zehazterik zer gertatuko den», dio Aizpuruk. Gertatuko diren aldaketek eragin zuzena izango dute gizakiengan: «Zer jazoko da artzaintzarekin, edo basogintzarekin, landareak aldatzen direnean?» Elurrik gabeko eski estazioak ez aipatzearren. Arazoa ez da bakarrik landareena, baizik eta ekosistema osoarena, gizakiak barne.

Naturaren babesaren ikuspegitik ere arazo larria da, Pirinioetako hirurehun espezie endemikoetako asko goi mendietan bizi direlako, giroa hotzagoa zen garaietatik han babestuta.

Joseba Garmendiak Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Departamentuan lan egiten du. Mehatxupean dauden espezieekin lanean ibiltzen da, eta hazi bankuetan. Aranzadiko landareen inguruko datu baseko 200 bat mila sarreratik 50.000 erabili dituzte atlaserako.

Lana hasteko, galdera bati erantzun behar izan diote atlasgileok: Non hasten dira Pirinioak? Katalunia aldetik argi dagoen arren, mendebaldetik zailagoa da zehaztea. Atlasa egiteko, Pirinioetako mendebaldeko muga Txingudiko badian jarri dute. Hortik, Aiako Harria, Aralar, Hernio eta Aizkorri hartu dituzte. Hego-mendebaldeko muga, Toloño mendilerroan zehaztu dute, Araban.

Atlasean, izen zientifikoaz gain, izen arrunta gehitu diete landareen fitxei. Pirinio osorako «zerrenda gorria» sortu nahi du taldeak atlasean bilduriko informazioarekin. Pirinio guztiaren ikuspegitik zein espeziek behar duten babes handiena zehaztuko du zerrendak.

Horrek ez du esan nahi, edonola ere, alboratuko direnik eskualde bakoitzak dituen babes neurriak. Esaterako, ez da babesik gabe geratuko Euskal Herriko Pirinioetan arriskuan dagoen landare bat Okzitania edo Aragoin asko dagoelako. Era berean, informazio truke honek asko erraztuko du hemen kostata zabaltzen den landareren baten haziak eskuratzea, beste eskualde batean errazago ugaltzen bada.

Zerrenda gorria egiteko orduan, atlasa erabiliko dute, baina baita beste faktore batzuk; esaterako, IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna erakundeak jarritako irizpideak. «Zerrenda gorria egiten dugunean, daukagun erronketako bat da klima aldaketaren ondorioak kontuan hartzea, hau da, zein espezie izan daitezkeen kaltetuenak», dio Garmendiak.

Atlasa Pirinioetako natura osokiro aztertu eta zabaltzen saiatuko den lantalde handi baten sorrera dela nabarmendu du Aizpuru koordinatzaileak. Atlasean oinarrituta sare bat eratzen hasi dira, administrazioak, ikertzaileak, ustiatzaileak, erabiltzaileak, mendizaleak elkartuta, Pirinioetako naturaren etorkizuna bermatzeko eta hobetzeko. Atlasa publikoa da. www.atlasflorapyrenaea.org helbidean ikus daiteke.

Landareen atlasa hasiera besterik ez da. Pirinioetako animalien katalogoa egingo dute indarrak elkartuta. Horrez gain, naturgune babestuen federazio bat sortu nahi dute, eta korridore ekologikoak. Horretan ari dira oraintxe bertan, hiru esparrutan: azpiegitura berdea, mendiko nekazaritza eta abeltzaintza eta natur turismoa. «Azkenean lortu dugu ados jartzea», dio Lorda botanikariak. «Pirinio osorako ikertzaile komunitate bat sortu dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.