Kontra bai, osagarri ere bai

Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2015-01-17 / 593 hitz

Euskal kulturak ere eskaintza kontrakulturala kontuan hartzen duten euskarazko fanzineak beharrezko dituela azaldu dute Bilbon hainbat aldizkaritako kideek, mahainguru batean.

Lur azpikoa dagokie. Ofizialaren kategorian sartzen ez den kultura. Kontrakultura gisa ere izendatutakoa. Baina kontrak ez du aurka adierazten halabeharrez. Izan daiteke osagarri edo alternatibo. Nagusi den kulturatik kanpoko kultura, alegia. Esparru hori jaso, landu eta sortzen dute fanzineek. Bozgoragailua jartzen diote lurpekoari. Esparru zehatz batzuetatik kanpo ezagun ez badira ere, Euskal Herrian badira euskaraz egiten diren fanzineak ere. Horien guztien lana hedatzea izan zuen helburu Nontzeberri kultur atariak antolatutako solasaldiak. Izu Giroa, Pop Pilulak, Barnezine eta La Tourette fanzineetako kideak bildu zituen ostegunean, Bilboko Hika Ateneoan. Bat datoz denak: euskaraz produzitutako kontrakulturak ekarpena egiten dio euskal kulturari.

Euskaraz egiten den fanzine beteranoena da Izu Giroa. Punk eta hardcore musika estiloak ditu ardatz, eta 23 zenbaki kaleratu ditu hamahiru urteko ibilbidean. Hasierako helburua fanzinea egiteko lantaldea osatzea bazen ere, ez da erronka erraza izan. «Munduko gauzarik errazena da fanzine bat egitea, baina zailena bigarren zenbakia argitaratzea»; hala dio Gotzon Hermosilla Izu Giroa fanzineko editore eta koordinatzaileak —BERRIAko kazetaria ere bada—. Borondatezko lana eskatzen du, eta asko nekatu egiten dira. Baina kolaborazioei esker lortu du aurrera egitea fanzineak, eta punk esparruan ezaguna eta estimatua da Izu Giroa, Hermosillaren arabera. Gozatu egiten du lanarekin: «Pasioa dugun gaien inguruan idazten dugu». Hark dioenez, tabernako solasaldiak papereratzen ditu.

Duela bost urte hasi zen Iñigo Basaguren Hermosillarekin batera Izu Giroa editatzen. Baina Internet bidezko Barnezine fanzinearen sortzaile ere bada. 2014ko martxoan, paperetik sarera jauzi egiteko erabakia hartu, eta bloga sortu zuen Iker Perez de Albenizekin batera. Kultura lantzen dute, modu zabalean: «Ez diogu mugarik jartzen idazten dugunari. Euskaraz idazten dugu, baina ez dugu zertan euskal kulturari buruz aritu». Hain zuzen, hizkuntzak bultzatu zuen duela urtebete Julen Azpitarte Pop Pilulak fanzinea sortzera. «Nik neuk euskaraz gustura irakurriko nukeen zerbait egiteko gogoa nuen». Pop ikuspegia duen fanzinea da Azpitartek egiten duena. Musika, diseinua, literatura eta arkitektura gaiak lantzen ditu. Libre xamar. «Ez du egitura zehatzik; kolaboratzaile ezberdinak daude zenbaki bakoitzean, eta edozer egiteko askatasuna dugu». Hiru zenbaki kaleratu ditu orain arte.

Euskal kulturaren osagarri

Harrera ona dute euskarazko fanzineek, Hermosillaren arabera. Eta pasadizo gisa, AEBetako The Brief musika taldearekin bizi izandakoa ekarri du gogora. Izu Giroa-n taldeari eginiko elkarrizketaren kopia jarri zuten estatubatuarrek beren webgunean. «Elkarrizketa polonieraz eginda zegoela jarri zuten», adierazi du irri artean. Gozatzeko asmoz hasi zen kazetaria fanzinea egiten. Baina denbora-pasa gainditzen du egiten duten lanak. «Gerora konturatzen zara kulturaren esparruan toki bat betetzen ari zarela eta onuragarria dela».

Kontsumo kulturatik kanpo dauden esparruak lantzea beharrezkoa ikusten du Hermosillak. «Euskal kultura osasuntsua izateko beharrezkoa da kontrakultura bat egotea». Fanzineak, komikiak eta film laburrak aipatu ditu tartean. «Horien faltan, gerta liteke masa kulturarekin bat ez datozenak beste hizkuntza batzuetan egiten den kulturara pasatzea, euskarazko kulturak horrelako edukiak lantzen ez dituelako». Hermosillarekin bat egin du Azpitartek. Dioenez, munduko toki gehienetan dute fanzineak nor bere hizkuntzan irakurtzeko aukera. «Euskal kulturak edo euskal ekoizpenak duen ildo ofizialetik aldentzen diren kultur adierazpenak ere euskaraz egin daitezke». Eta horrek komunitatea sortzen duela dio Pop Pilulak-eko editoreak. Haututzat du Basagurenek hizkuntzarena: «Fanzinea euskaraz egitea hautua da. Era natural edo kontzienteago batean egin daitekeena. Baina hautua, finean».

Gaztelaniaz eta ingelesez abiatu zuten La Tourette fanzinea, duela urtebete. Euskal Herritik kanpo ikasketak egiten ari zirela hasi ziren proiektuarekin Ana Aldama eta Diego Grisales. Eta Euskal Herrira itzultzean modu naturalean hasi ziren euskaraz ere idazten. Hala adierazi du Grisalesek: «Lagunek egiten zituzten lanen erakusleihoa izatea nahi genuen». Arte eta sorkuntza lanak biltzen dituzte laukitan banatuta eta tolestuta dagoen orrialde bakarrean, eta kolaborazio bat du lauki bakoitzak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude