Energiaren garra pitz dadin

Ainara Arratibel / 2015-02-21 / 748 hitz

Energiaren eta elikaduraren ikuspegitik oso produktu osoak dira, baldin eta behar bezala, dagokion momentuan eta elikadura aditu baten aholkuei jarraituz hartzen badira». Iruñeko Podium Kirol Aholkularitza Zentroko Marta Morenok hitz horiekin azaldu ditu barra energetikoak hartzerako orduan kontuan hartu behar diren gomendioak eta irizpideak. Moreno kimikaria da, eta zentro horretako osagarri energetikoetan aditua. Ados dago horrekin Jesus Apellaniz, baina gogorarazi du gel energetikoak gailentzen ari zaizkiela. «Gelak eraginkorragoak dira, azkarrago asimilatzen baitira. Barren kasuan digestioa mantsoagoa da». Dena den, oraindik ere kirolari askok kontsumitzen dituzte barrak.

Morenok uste du lehen baino gehiago kontsumitzen direla. «Ez dut uste moda kontua denik, baizik eta jendeak gero eta kirol gehiago egiten duela gaur egun. Kirola egiterakoan duen garrantzia kontuan hartuta, elikadura asko zaintzen dute. Izan ere, jakitun dira kirolak eskatzen dien ahaleginari erantzuteko gehigarri energetiko bat behar dela». Barrek abantaila asko dituztela nabarmendu du. «Gure gorputzaren behar energetikoei erantzuten diete, kirola egitean elikagaien bidez bete ezin diren beharrei erantzuten diete, ase egiten dute eta osagaien aldetik orekatuak dira». Beste abantaila bat ere gehitu du Apellanizek. «Digestioa mantsoagoa izanda, gelekin baino tripetako arazo gutxiago izaten dira».

Desabantailen artean ondorengoa aipatu du: «Askotan, murtxikatzeko ez dira batere erosoak. Are gehiago jardueraren ondorioz eztarria lehortuta dagoenean. Gel energetikoen kasuan, likido eta solido artean daudenez, errazago hartzen dira». Horri lotuta beste ohar bat egin du. «Barrak plastikoa estalita daudenez, kirolariarentzat ez dira horren erosoak. Denbora gal daiteke. Batez ere txirrindulari eta korrikalariei ez zaizkie askorik gustatzen».

Baina zein, nola eta noiz hartu? Horiek izaten dira kirolari gehienen zalantzak. Morenoren arabera, ezinbestekoa da barra energetikoek dituzten osagaiak ezagutzea. «%60-75 karbohidrato, %5-12 proteina, %5-10 gantz eta %1-5 zuntz dituzte. Zaindu behar dena da azukreen eta karbohidratoen arteko oreka. Proportzioak 2:1 izan behar du. Gainera, azukreen artean ez du soilik fruktuosak egon behar. Gainontzean, urdailean arazoak izan daitezke». Bestalde, haien helburua zein den argi izan behar dela ere gaineratu du. «Energia ematea da, eta hori karbohidratoek ematen digute. Beraz, barrak zein karbohidrato mota dituen ikusi behar da. Batzuek berehala ematen dute energia, eta besteek, progresiboki. Beraz, ditugun beharren arabera aukeratu behar dugu». Gakoa hor dagoela dio Apellanizek. «Barra bati karbohidratoak kendu, eta proteina eta gantz gehiago jarriko balizkiokete, mantsoago asimilatuko litzateke». Egokiena asimilazio azkarreko karbohidratoak erabiltzea da.

Batez ere ordubetetik gorako jardueretan hartzea gomendatzen da. «Baina jardueraren intentsitatea altua bada ere, hartu behar dira, baita indar handia eskatzen duten kiroletan ere».

Hartzeko uneari dagokionez, iritziak eta irizpideak askotarikoak dira. Morenok ondorengoa aholkatu du: «Guk entrenamendua edo lehiaketa hasi baino ordubete lehenago egitea gomendatzen dugu, batez ere egindako azken otorduarekiko bi ordu eta erdi edo hiru ordu arteko aldea badago». Bat dator irizpide horrekin Apellaniz, baina kirolarien arabera ikusi behar dela gaineratu du. «Badira kirolari batzuk entrenamendua edo lehiaketa hasi aurretik barra bat hartzeak kalte egiten dienak. Hipogluzemia erreaktibo bat eragiten die, eta, azukrea behar baino gehiago jaisten zaienez, indarrik gabe hasten dira kirola egiten».

Behin kirola egiten hasita, abiatu eta ordubetera gorputzari energia emateko beharra dago. «Dena den, egiten den kirolaren intentsitatearen eta pertsonaren gastu energetikoaren arabera izaten da hori». Kirol jarduera luzeetan are beharrezkoagoa da osagarri energetikoak hartzea. «60-90 minutura iristean hartu behar da lehena, eta hortik aurrera, beharraren arabera, 40 bat minututik behin bat», zehaztu du Apellanizek. Oharra ere egin du. «Hobe da behar baino gehiago hartzea, gutxiago baino». Morenok halakoetan gelak eta barrak tartekatzea gomendatu du: «Hala, gorputzak likidoa eta solidoa hartzen du, eta ase sentsazio txiki bat izaten du». Behin proba amaituta ere har daitezke. «Batez ere intentsitate handiko proba motzak badira, amaieran bat hartzea gomendatzen da. Luzeagoen kasuan, ikusi behar da kirolariak proba nola amaitu duen, eta hurrengo egunetarako duen plangintza: lehiatzen edo entrenatzen jarraitu, atseden hartu…».

Kirola egin ez arren ere har daitezke: «Ez dago arazorik. Hamaiketakorako edo askarirako hartzen dute askok. Hori bai, neurrian egin behar da. Izan ere, energia asko dute», zehaztu du Apellanizek.

Espezializatuetan, «hobe»

Erosterakoan, kirolarien kasuan, egokiena elikadura alorreko aditu baten aholkuei jarraitzea dela adierazi dute, eta haiek esandakoari jarraituz saltoki espezializatuetan erostea. «Alergiak eta tripetako arazoak gero eta ohikoagoak izanda, hori oso garrantzitsua da. Arazorik ez dutenek edozein har dezakete, baita probetan ematen dituztenak ere. Gainontzean, ikusi egin behar da zein den onena », uste du Apellanizek. Bestalde, Morenok azaldu du supermerkatuetan ere badirela. «Baina ez dira horren aproposak kirolarientzat. Zentro espezializatuetakoek kirolarientzat egokia den osagai nahasketa bat daramate. Batez ere asko zaintzen da karbohidratoen kalitatea, eta azukre eta lurrintzaile nahiz kontserbagarri asko ez izatea».

Onartu du, halere, supermerkatukoak «erakargarriagoak» direla. «Beti daramate txokolate gehiago, eta batez ere zapore erakargarriagoak. Baina kalitatearen kaltetan izaten da hori».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude