Erbinudearen koadernoa

Imanol Mercero / 2015-02-22 / 377 hitz

  • Izenburua: Txuntxurrun berdeko animalien kontakizunak
  • Egilea: Xabier Olaso
  • Argitaletxea: Pamiela


Loa loa txuntxurrun berde…» hasten den sehaska kanta ospetsuaren hitzak erabiliaz, tradizioari keinu egiten dio obra honen izenburuak, eta ez dohainik.

Barruan aspaldikoak diruditen kontuak aurkituko ditugu, ipuinak, Txuntxurrun berdeko zuhaitz tantai baten gerizpean emanak. Eta zer aspaldikoago, animaliak hizketan zekiten garaia baino?

Sarrerako kontakizuna zenbatzeke, guztira hogeita hamar ipuin dira, animaliek kontatuak, eta salbuespenak salbu (Lo txarreko haurrarena, Txoriarena eta Amama Maritxelena ipuinetan pertsonak dira pertsonaia nagusi), denetan animaliak dira protagonista.

Sarrerako ipuin horrek hartzen du liburua batzeko lana, halatsu labur litekeena: satorra, behinola kementsu bezain eskuzabal izan zena, zahartzaroaren makurrek abailduta utzi dute, eta gaixoa negarretan itoa bizi da. Horren jakitun, esker oneko ipuin bana kontatuko diote lagunek, bihotza alai dakion, amiñi bat sikiera.

Tropa latza da: badira etxe-abereak eta badira piztiak, badira hegaztiak eta baita itsasoetako bisitariak ere, baina gehien agertzen den izakia zomorroa da. Lau ipuinetan inurria da protagonista, eta beste lautan ehunzangoak, tximeletak, arkakusoak eta zorriak.

Oro har, kontakizun umoretsuak dira, barregarriak izan gabe, harridura eta ezustekoa eragin nahi duten horietakoak. Ipuin laburrenarekin hasten da konta-saioa, eta luzeenarekin amaitzen da. Erronka bat balitz bezala.

Guztietan errepikatzen da egitura, tonua eta irudimenaren mugak urratzeko ahalegina, bi zutabetan oinarrituta: hasiera original edota bitxi bati koherentzia estuenean «zintzo» jarraitzea, eta amaierarako ezusteko bat gordetzea.

Ildoa garbi adierazten da, eta lehen hogei bat ipuinetan ez da salbuespenik. Kontaketak luzatu ahala, ordea, eboluzio bat dago. Hasierako ipuin laburrenetan esaldi bakarrean eraikitzen da testuingurua, eta azken esaldian ematen ezustekoa. Luzatu ahala, tarte handiagoa hartzen dute eraikuntza horiek, paragrafoa eta gehiago ere bai.

Eta ez bakarrik tarte handiagoa hartu, harridurarako gaitasuna galdu ere galtzen dute hiruzpalau kontakizunek —zaila da zehatz esatea muga non jarri nahi den, harridurarako zenbatean gauden emanak zehaztu ezin den bezala; nolanahi ere, makalaldia bistakoa da—. Adibide bat jartzearren: Dromedarioarena eta gameluarena kontakizunean, animalia horien konkorren jatorria azaltzen zaigu, abiapuntu originalik gabe eta amaierako ezustekoa ahaztuta. Hasieratik daki irakurleak ipuinaren amaiera zein izango den, burua nekatu gabe, narratzaileak zer gertatuko den azaltzeko lana hartzen duelako. Zorionez, halakoak gutxi begitandu zaizkit. Amaiera aldera, azken ipuinetan tonua eta ezusterako gaitasuna berreskuratzen sentitu ditut, baina lehen labur motz haiekin lortzen zen txispa erdietsi gabe.

Dudarik gabe boz gora, ozen zein xuxurla kontatzeko ezin aproposagoak, zeinahi egoeretan, helduak haurrei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude