Erudikziozko sumendia

Hasier Rekondo / 2015-02-15 / 357 hitz

  • Izenburua: Sandro Boticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria
  • Egilea: Aby Warburg
  • Itzultzailea: Iraitz Urkulo
  • Argitaletxea: Sans Soleil

Gezurra dirudien arren, euskal literaturaren argitalpenen «anabasa kontrolatuan», itzulpengintzaren «urrezko aroaren» eraginezko harribitxi zirraragarriak agertzen zaizkigu noizean behin, ezleku baten harrizko horman itsatsita ager litezkeen masusten gisara. Horrela bada, Sans Soleil argitaletxeak Aby Warburg arte historialari eta ikertzailearen (Hanburgo, Alemania, 1866-1929) Sandro Botticelliren ‘Venusen jaiotza’ eta ‘Udaberria’ eman zuen argitara, Txinpartak sailean, kasik isilean, 2014. urte amaieran. XIX. mende amaierako ikerlari alemaniarraren erudiziozko testuaz gain, Ismael Manterolaren hitzaurrea eta Rafael Garcia Mahiquesen sarrera aberasgarria jasotzen ditu Sandro handiaren lanak gustuko dituen edonork irakur lezakeen lan horrek. Iraitz Urkuloren itzulpen orekatua eskergarria da oso, batez ere ikonologiaren sortzailetzat jotzen den Warburgen erlatibozko esaldi bihurriak emateko modua.

Garcia Mahiquesek Aby Warburg eta Artearen Historia izenburuko sarreran agertzen duenez, «Warburg, estiloen definizioaren inguruko arazoaren planteamendu tradizionala saihestuz, Botticelli gai mitologikoak era horretan irudikatzera bultzatu zuten arrazoiengatik interesatzera igaro zen». Saiakera labur honetan, Sandro Botticelliren airez betetako irudien arteko eta hauek sortzeko iturburu izan ziren Ovidio, Seneka edota Eneida-ren sortzaile Virgilio, Antzinatekoak aipatuz, edota Angelo Poliziano eta Giuliano Quattrocentoko idazleen arteko loturetan sakontzen du Warburgek.

Bankari judu gurasoen herentzia Kulturwissenschaftliche Bibliothek Warburg izeneko liburutegia sortzeko saldu zuen ikertzaile alemaniarraren lana hiru azpiataletan dago banatuta: Venusen jaiotza, Udaberria eta Margolanen konposizioaren sorburuak. Botticelli eta Leonardo; eranskin gisara Sandroren gaineko soslai jasoa ematen zaigu. Testu osoan zehar, erudiziozko tenorea agertzen du Warburgek, gerora haren ikasle izandako Gombrich moduko arte aditu ospetsuek bereak egingo zituzten tesiak defendatuz, ikonografiaren eta poesiaren arteko muga lausoetan zehar. Aitzin-oharrean argiro erakusten du zein xede duen Warburgek: «Venusen jaiotza eta Udaberria margolan mitologiko ezagunak garaiko literatura poetiko eta teoriko-artistikoaren baliokideekin alderatuko ditut, Quattrocentoko artistari interesatu zitzaizkion Antzinateko alderdi eta osagaiak zeintzuk izan ziren argitzeko helburuz». Hasiera batean artearen historian aditu ez denari testu lar zamatua, oharrez mukuru baitago, gerta dakiokeen arren, eta estilo «zaharkitua» astunegia delako inpresioa izan dezakeen arren, irakurketan aurrera egin ahala, testuaren bikaintasunaz jabetuko da irakurlea. Arras interesgarria da motibo piktoriko batek Warburgentzat duen garrantzia, xaloki eta xeheki aztertzen du non duten jatorri Florentziako Uffizien Galerian dauden Botticelliren irudi jainkotiarrei haizeak eragindako mugimenduen zergatiek. Urrezko aroa bere horretan izan bedi…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude