Unai Elorriaga: «Batzuetan hautsi egin behar da kontaera, matxetearekin askotan»

Iñigo Astiz / 2015-02-18 / 1.637 hitz

Etxeko ataritik hasi eta planeta osora hedatzen den bortizkeriaren espiral moduko bat marraztu du Unai Elorriagak ipuin, eleberri eta saiakera txatalez osatutako ‘Iazko hezurrak’ liburuan.

Minaren koordenatuak dira. Poliziak Eustakio Mendizabal Txikia tirokatu zuen tren geltokitik 1.200 metro eta 42 urtera; NATOren tropen laguntzaz bota zuten Muamar Gadafi Libiako diktadore ohia hil zuten hiriburutik 2.800 kilometro eta 14 urtera; ETAk Miguel Francisco Solaun ETAkide ohia hil zuen Sarrikobaso kaletik 900 metro eta 31 urtera; Ugandan Idi Amin jeneralak Benedicto Kiwanukar Auzitegi Goreneko presidenteari hankak eta besoak erauzi ostean sexu organoak ere moztu, ahoan sartu eta artean bizirik zela su eman zion lekutik 8.200 kilometro eta 44 urtera; bortizkeriaren funtsa harrapatu ezinari buruz mintzo da Amezti kaleko bere egongelan Unai Elorriaga idazlea (Algorta, 1972). 2015ean, Algortan (Bizkaia). Orain eta hemen. Bortizkeriaren mapa moduko bat marraztu du bere azken liburuan; egongelatik gertuen izandako atentatu eta hilketetatik hasi eta espiralean globo osora hedatzen den bortizkeriaren mapa bat. Eta generoak uztartzera jo du horretarako. Erdiz eleberri, erdiz saiakera, eta erdiz ipuin liburu den hibrido bat kaleratu du: Iazko hezurrak (Susa). Bakean dirudi egongelak, baina argi adierazten du liburuak: ez dago bake sasoirik. «Barruan hartu, eroan eta amaieran biltzen gaituen literatura hori, ni ez nago irakurlea gustura utzi eta hurrengo liburua erosteko gogoz uzten duen literatura horren alde. Nik ez dut ulertzen literatura horrela, nik ulertzen dut literatura barruan zer edo zer inarrosten duen zer modura».

Dokumentazio lan handia du liburuak. Ruandako hilketak, Ceausescuren Errumania, torturak, atentatuak… Sufritu duzu idazterakoan?

Idazterakoan sufritzeko alde asko dauzka liburuak, baina ez gara atzo jaio eta aurrez ere badakigu mundua odolez beteta dagoela. Dokumentazio lana badakigun hori egiaztatzea izan da. Zelan interes ekonomiko eta estrategikoek kontrolatzen duten mundua eta zelan edonor hiltzen duten, eta, gainera, modu ankerrean. Aztertu dut nola egin duten hori kalean. Norbanakoaren gorputzetan. Egia da gauza batzuk oso-oso latzak direla. Batez ere Ruandakoak. Aihotzarekin hiltzen zuten. Umeak hiltzen zituzten. Ume txikiak. Badira pasarte batzuk… Eliza aurrean umeak erretzen zituzten, eta justu nire umea jaio berria zen liburua prestatzen hasi nintzenean, eta horrek eraldatu egiten zaitu, baina sakonean egiaztatze lan bat izan da.

«Zergatik nahasten dituzu Ruanda eta ETA?». Torturatzaile moduko batek galdera horiek egiten dizkio azken kapituluan Irene Arrias protagonistari. Inpresioa dut zuk zeure buruari egindako galderak ere badirela.

Idazketa prozesua bera ere lantzen da galdeketa horretan, bai. Zergatik Ruanda? Zergatik ETA? Eta zergatik biak batera? Hausnarketa bat dago galderen ondoren. Gure biolentziaren inguruko planteamendu guztiak aurrez oso-oso garbi daude. A priori, denok dakigu ez gaudela indarkeriaren alde, baina halako galdera tipo batzuen aurrean ez dakizu zelan jokatu. Armadak bai, armadak ez. Zergatik Irail Beltza bai, baina Mossadekoak ez. Kontraesan asko dauzkagu barruan, baina ez ditugu azaleratzen, eta galdeketa da modu bat hori azaleratzeko. Oso argi dauzkagu ideiak, baina, ño, egon behar da hor. Hor, zer egingo zenuke hor? Nik, normalean, nobeletan ez dut tesirik egin nahi, hausnartu egin nahi dut, eta hausnarketa baten osteko berrausnartzea da galdeketa hori. Berriz kolokan jartzen da hausnartu duzun guztia. Galdeketa horretarako dago, eta galdeketara bideratuta dago liburua.

Protagonistak ez du asmatzen galderak erantzuten. Zuk ere liburu osoa bukatu, eta ezin.

Gauza askoz ere gehiago dakit orain, baina ondorioetara ez naiz heldu. Irene ere ez. Ondorio bat edo beste izan daiteke mutur batekoa edo bestekoa, baina ez dago ondorio erabatekorik.

Jakiteak ez dakar ulertzea.

Hori da.

Lehen kapituluan, bortxakeriaren inguruko lan entziklopedikoa egin duzu, eta azken kapitulua, berriz, pertsonaiaren min zehatzean zentratu duzu. Eta inpresioa dut ez entziklopedia bidezko jakintzak eta ez nor bere zauriaren ezagutzak ez dakarrela bortxaren ulermenik. Badago beti ihes egiten duen zerbait.

Bai, teorizatu ahal dugu horren inguruan, baina behin eta berriro egiaztatzen da historian hori gertatzen dela. Kontua ez da hau gaiztoa dela, berezko psikopata bat, eta horregatik hiltzen duela. Ez, ez, ez. Hemen munduko pertsonarik onena ere hiltzaile da egoera batzuetan, eta egon behar da egoera horietan, biolentzia hori jasaten eta biolentzia hori eragiten. Hor dago nazien garaiko adibidea. Oso pertsona onak, kristauak, inor ez hiltzeko promesa egindakoak, eta halako batean lan esparru batean topatu eta pertsonak hiltzen etengabe aritu zirenak. Eta munduan etengabe gertatu da hori. Akaso da zerbait genetikoa, auskalo, baina zer edo zer badagoela argi dago.

Klasiko bat da galderen artean: badago bortxa kontatzerik?

Bortxa kontatzerik badago, eta asko kontatu da, gainera. Harrapa ezin den hori kontatzea beste kontu bat da. Baina ez da hori nire asmoa. Asmo asko dauzkat liburu honekin, baina haietariko bat da denok onak garelako eta besteak gaiztoak direlako manikeismo horri itzuri egitea.

Lehen kapituluan dator esaldia: «Zein gutxi fidatzekoak literatura asko duten gaiak».

Literatura asko dagoenean, literaturaren zati bat, eta ez txikiena, izaten da propaganda literatura. Nik apur bat aurre egin nahi izaten diot horri. Zer irudipen dauka hamalau urteko gazte batek adibidez maitasunari buruz gaur egun? Urteek aurrera egin ahala konturatzen zara hori dela fartsa bat. Polita izan daitekeela ideia hori eta negar egiten dugula pelikula batzuekin, baina engainatu egiten gaituztela. Eta gerrarekin gauza bera. Koronelak ongi jantzita, jeneralak, promozio festak… Susan Sontagen semeari irakurri nion aurrekoan Europa bizi dela dena perfektua den ustean. Eta halako batean konturatzen da batzuk sartzen direla aldizkari batean kalaxnikov batekin eta hiltzen dituztela marrazkilari batzuk. Igual, mundua ez da hain perfektua. Ematen du Europak sortzen duela burbuila hori, eta AEBetan ere izango da paretsua. Ematen du dena dela bakea, dena dela elkar laguntza, eta gero Europak zer egiten duen kanpoan… Hori da inpresioa daukadana literatura askorekin eta zinema askorekin. Amaierek perfektuak izan behar dute! Hori oso kuriosoa da. Normalean, nire liburuek ez dute amaiera perfekturik, eta institutu eta ikastoletara noanean beti kexatzen zaizkit amaierengatik. Amaiera zoriontsuaren sindrome hori daukagu Europan, AEBetan eta Mendebaldean orokorrean, eta horren kontra nabil.

Narrazio linealarekiko errezeloa ere igartzen zaizu liburuetan. Akaso, horregatik da? Narrazio lineal itxiak irakurlea seduzitzeko joko bat direlako agian?

Hasiera, korapiloa eta amaiera gisako narrazioak dira seduzitzeko bide bat, eta historian zehar funtzionatu du, eta jendea erakarri du. Ni horren kontra nago apur bat. Uste dut literatura, maite dugun literatura behintzat, beste gauza bat dela. Seduzitu bai, baina beste zentzu batean seduzitzen duela. Beharbada, zentzu intelektualago batean. Barruan hartu, eroan eta amaieran biltzen gaituen literatura hori, ni ez naiz irakurlea gustura utzi eta hurrengo liburua erosteko gogoz uzten duen literaturaren aldekoa. Nik ez dut ulertzen literatura horrela, nik ulertzen dut literatura, barruan zer edo zer inarrosten duen zer moduan, eta, horretarako, batzuetan hautsi egin behar duzu kontaera, matxetearekin askotan. Nik ulertzen dut jende askok nire libururen bat hasi eta bota egiten duela. Baina horrek ere zer edo zer adierazi nahi du. Zer edo zer eragin dizu literatura horrek. Txarrerako, igual, baina zerbait.

Obedientziari buruzko gogoeta franko dago liburuan. Esango nuke irakurlea nahiago duzula desobedientea.

Uste dut desobedientziaren aldeko aldarri bat dela liburua. Ni beti izan naiz oso desobedientea etxean, kanpoan, Eta literaturan ere bai. Literaturan beti ahalegindu naiz markatutakoa eta esandakoari izkin egiten. Eta orain ere bai. Naturalena, niretzat, izango litzateke jarraitzea orain arte moduan idazle profesional izaten, baina erabaki dut ezetz, beste bide bat hartu behar dudala. Mundu guztiak esaten dit kontrakoa, baina behar bada topatuko ditut beste bide batzuk.

Liburuan badira ETAk hildakoak, GALek hildako ETAkoak, eta baita ETAk hildako ETAko kide ohiak ere. Xume kontatu dituzu denak.

Min handia daukagu, eta oso hurbil dago min hori. Liburu hau irakurriko duen batek baino gehiagok edukiko du min horretan parte handia, eta tonua topatzea izan da zaila. Nik egin nahi nuen ETAren historiaren laburpen bat, eta nahi nituen gutxi gorabehera alderdi gehienak behintzat kontatu. ETAk hil zituenak, GALek edo Batallon Vasco-Españolek hil zituen ETAkideak, eta baita ETA barruko gatazken ondoriozko hildakoak ere. Eta laburpen hori topatu nahi nuen Algortan bertan. Algortan heriotza asko egon da, eta erabaki behar nuen zer kontatu, zer ez kontatu, zeren alde egin, zeren kontra… Beti dago ekidistantziaren akusazio hori, baina uste dut idazten duen batek, pentsatzen duen batek, hori egin behar duela hain zuzen ere, ekidistantziari eutsi. Barruan sartzen bagara, ari gara kontatzen min hori guretik eta gure ingurunetik, eta hor ez goaz aurrera. Aurrera egitekotan, egingo dugu hori kanpotik ikusita eta hori neurtzen munduan. Baten batek esango dit ez naizela jarri guardia zibil baten paperean. Nola jarriko naiz? Nik ez dut bere bertsioa kontatuko. Eta ez dut ETAkide baten bertsioa kontatuko, ez naizelako ETAkide izan, eta ez dakidalako. Nire ustez, behar-beharrezkoa da kanpotik ikustea.

Planetara zabaltzen da liburua, baina oso Algortakoa da.

Bai. Kaleak hor daude, eta dena nahasten da herri berean. Eta, azken finean, horrek egiten du herria herri. Badira lotarako baino ez diren herriak. Askotan, hori esaten da Algortari buruz, baina Algortak historia eta nortasun handia dauka, eta gauza latz eta eder asko bizi izan ditu. Hori da gehien ezagutzen dudana. Beraz, ez dut hautatu Algorta Algorta delako, baizik eta Algorta nirea delako. Aingura bat behar duzu, eta gero hortik zabalduz zoaz.

Irakurri dizut funtsezko zaizkizun gauzez idatzi nahi duzula, eta ez duzula uste liburu askoz gehiago kaleratuko duzunik.

Niri iruditzen zait idazle batek asko jota idatzi behar dituela zazpi, zortzi, bederatzi liburu; gehiago ez. Gehiagorako ez dio ematen. Hortik gora, ikusten dituzu idazle asko idatzi eta idatzi eta urtean behin liburu bat kaleratzen, eta badirudi heltzen direla puntu batera ez dakitena zeri buruz idatzi eta hartzen dutela egunkari bat eta ikusten dutela albiste bat ederra eta erabakitzen dutela horri buruzko liburu bat ateratzea. Nik ez dut ikusten literatura horrela. Niretzat, literatura da oso gauza sakona, biluzi egiten zarelako, eta ematen duzulako zure onena. Orain, idazteko denborarik gabe nabil, eta sorkuntza mina daukat. Asko aldatzen ez banaiz, badakit min hori beti izango dudala, baina gauza bat da hori, eta bestea da urtero argitaratzea. Ez dut eman nahi emateagatik. Gauzak ondo sakonduta egin nahi ditut, eta niretzat oso esentzialak diren gauzei buruz. Orduan, ba, pentsatuz gero zortzi urtean behin, hamar urtean behin aterako dudala liburu bat, matematika kontua da. 40 urte ditut, eta, beraz, asko jota beste lau liburu atera ahalko ditut. Bost dauzkat orain, ba hamar egingo ditut? Zortzi? Neure burua asko aldatzen ez bada, behintzat, hala izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude