Zentzua duten eztabaidak

Gorka Julio / 2015-02-19 / 275 hitz

Noizean behin, Interneteko sare sozial ezagunenen ordezko izango diren zerbitzuei buruzko albisteak agertzen dira hedabideetan. Orain ere, Quitter sarearen agerpenarekin, eztabaida mahai gainean jarri da, baina oraingoan ezberdina izan daiteke.

Twitter bezalako zerbitzuen ordezkapena bilatzen dutenak, seguruenik, honekin ere atsekabeturik sentituko dira. Diaspora eta Ello tresnekin gertatu bezala, Quitter ez da sistema zentralizatu horien ordezkoa izango, ez baitu hori helburu gisa. Alternatiba bat planteatzen du, baina ez ordezko hutsa izatea. Sare horiekin komunikatzeko mekanismoak ere baditu, adibidez.

Quitter GNUSocial (https:// gnu.io) zerbitzu bat besterik ez da. GNUSocial (lehen StatusNet) sare sozial deszentralizatuak sortzeko tresna da. Horrek zera esan nahi du, GNUSocial instantzien artean edo OStatus barne protokoloa erabiltzen duen beste edozeinekin komunika daitekeela. Posta elektronikoarekin egiten dugun bezala, gure zerbitzarian ez dagoen beste e-mail helbide batekin komunika gaitezke, zuzenean. Helburua ez da ordezko izatea, baizik eta komunitate erreal ezberdin askok bere sare sozial propioa izatea, beste sare batzuekin federatua.

Hori lortzeko, GNUSocial-ek, Twitterrekin alderatuz gero, hiru denbora-lerro erakusten ditu: jarraitzen ditugun erabiltzaileak, gure instantzian daudenak eta federatutako beste sareetakoak. Horrek beste sare batzuetan aurkitzen genuen «bakartasun» arazoarekin apurtzen du.

Sentsazio orokor bat ere badago sare sozial zentralizatu ohikoetan: eztabaida oso mugatua da edo azkar galtzen da jarioaren azkartasunean. Horren aurrean, tresna hauetan mugak bertako erabiltzaileek jartzen dituzte (karaktere kopurua, kasurako), eta eztabaida mamitsuagoa izateko aukera gehiago dago. Gurean, aspaldi BakalHau taldeak http:// status.blogsoviet.com sortu zuen. Beharbada era horretako sare gehiago sortzeko edo berau orokortzeko denbora ere iritsi da.

Blogek egile eta irakurle komunitatearen artean eztabaida interesgarriak izateko aukera ekarri ziguten. Oraingo sare sozialetan erabiltzaile askok «zentzua duten eztabaidak» faltan sumatzen dituzte. Tresna berri hauek eztabaida komunitate berriak eraikitzen hasteko beste aukera bat eskain al dezakete?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude