Generoak

Anjel Lertxundi / 2015-03-12 / 117 hitz

Idazle alemanek erromantizismoa oparitu zioten garaiko Europari; frantsesek ilustrazioa; espainiarrek, aldiz, pikareska eta esperpentoa. «Zerbaitegatik izango da», zioen Julio Llamazaresek orain egun batzuk El País-en irakurri genion artikulu zorrotz batean. Zuzen dabil idazle leondarra, albisteen eguneroko panorama lekuko: pikareska asmatu zutenek bazekiten zerbait ustelkeriaz, esperpentoari forma eman ziotenek larrutik zekiten zer den auzo-lotsa, baina gaur lapur pikaroen ustelkeria gradu gorenera iritsi da, auzo-lotsak ez du mugarik.

Juan Benetek esaten zuen pikareskak zentzu betea zuela Cervantesen garaian, baina haren itzal luzeak orain arte iraun izanak kalte handia egin diola Espainiako narraziogintzari. Ez dakit oso ados nagoen diagnostikoarekin: egia baldin bada literatura gizarte baten ispilu dela eta esperpentua eta pikareska bezalako generoek bizirik segitzen badute, kulpa ez da generoena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude