Mindura, beti

Alex Gurrutxaga / 2015-03-08 / 432 hitz

  • Izenburua: Samina
  • Egilea: Marguerite Duras
  • Itzultzailea: Xabier Artola Zubillaga
  • Argitaletxeak: Erein eta Igela (Literatura Unibertsala)

Marguerite Durasen idazle irudia: batzuek hain maitatua, beste batzuek gorrotatua. Haren bizitza eta literatura, lotuta ez ezik, nahasita ageri zaizkigu, obra eta egilea, biak bailiran fikziozko konstrukto beraren parte. Horren erakusgarri da La douleur, karga autobiografiko handikoa, Hiroshima mon amour-ekin batera, gerrari eta gerraosteari buruzko Durasen lan nagusia.

Liburuaren oinarria Mundu Gerraren amaieran idatzitako kaiera pertsonal batzuk dira. Egilea ez zen hasi testuok argitaratzen 1976ra arte, eta liburu gisa, Samina, 1985ean atera zuen. Testuaren sorreratik argitalpenera dagoen tarte luzea Gerraosteko isiltasunaren isla da, gertaera traumatikoaren eta literatur adierazpenaren arteko kinka; beharbada horrexegatik esaten du Durasek liburuaren hasieran ez omen dela oroitzen kaierak idatzi izanaz, ez duelako «inoiz jakin nola adierazi, nola kontatu garai hura bizi izan ez zutenei, zer-nolako beldurra zen hura».

Ezaugarri desberdineko sei narrazio daude liburuan, baina giroak eta tonuak lotzen ditu euren artean: atmosfera itogarria eta intriga nagusitzen dira, batez ere etengabe hondoan dagoen erresistentziaren bizimodua dela medio. Narrazio nagusia Samina da. Bertan, protagonista, lehen pertsonan idazten duen emakumea, bikotekide deportatua Alemaniatik noiz iritsiko zain dago. Testua eguneroko gisa abiatzen da, 1945eko apirilean, eta bat-batean atzera begirako kontakizun elipsiz betea bihurtzen da. Horrelako jauzi formalak daude hainbat narraziotan, eta idazketa autobiografikoak eragindako ondorio formal zatarrak eman dezakete. Hala ere, esan behar da funtzionatu egiten dutela, pertsonaien barneko tenpoari lotutako aldaketak diren neurrian.

Laztura pertsonalaren lekukotasuna emanez, holokaustoaren eta gerraren zeharkako kontakizuna azaleratzen da Samina-ko narrazio guztietan, izugarrikeriaren testigantza pertsonal eta kritikoa, singularra izanagatik ere, unibertsalaren bidea egiten duena. Durasen jarrerak ez du zalantzarik uzten: «Krimen honi eman dakiokeen erantzun bakarra, denon krimen bihurtzea da. Partekatzea». Zorrotz mintzo da egilea, bere buruaz zein gainerakoez, eta kritika gogorrik ere ez da falta.

Hizkera fragmentarioa da Durasena, errepikakorra, erritmo pertsonalarekin: zurrunbilo batean bezala egiten du aurrera, baina kontakizuna behartu gabe. Batetik, Samina edo Monsieur X testuetan, lehen idatzaldiaren indar basa ikusten da; bestetik, berriz, indar izugarria daukan estiloa da, eta oso ongi bat egiten du protagonistak transmititzen duen egoerarekin.

Liburuak itzultzailearen hitzaurre interesgarria dauka, baina narrazioak irakurtzera bazoaz, beharbada hobe sarrera saltatzea, edo bestela narrazioen ondoren irakurtzea. Izan ere, edizio kritiko baten sarrera izan gabe —kasu horretan justifikatua legoke—, gehiegi kontatuko dizu: liburuaren laburpen xehea dago —zertarako?—, formari eta estiloari buruzko azalpenak —«Deskribapenak oso bisualak dira…»—, baita irakurketa mugatzen duten iruzkinak ere —«Ez duzu liburuan intriga handirik aurkituko…»—.

Gozagarritzat du askok Durasen literatura, beste zenbaitek gustuko ez duen bezainbat; baina ze indar daukan… Haren oihartzuna hango eta hemengo idazleen ahotsetan sumatzen da oraindik. Hil baino lehentxeago aitortu zuen: «Morte, je peux encore écrire».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.