Baldin geroa (eta II)

Anjel Lertxundi / 2015-05-21 / 117 hitz

Eten puntuek itxi zuten atzoko nirea: «aurrera egingo duten espezieek bezala, gaurko hiztunok ere trebetasun ebolutiboa erakutsiko beharko dugu, baldin geroa…». Irakurleak aise asmatuko zuen sekuentzia osoa: baldin geroa… gurea izango bada.

Nola lortu litekeen hori inork ez daki, zeintzuk liratekeen estrategia egokienak ere ez. Baina bat baldin bagatoz euskarak erakutsitako trebetasun ebolutibo nagusia malgutasuna izan dela, badirudi malguak izaten segitu beharko dugula. Malguak euskararen errealitate sozialari dagokionez eta malguak, halaber, euskararen arkitekturari berari dagozkion egokipen eta moldaketetan ere.

Liburu-dendetan jaso berri dute Kepa Altonagaren Leizarraga bisitatzeko gonbidapena (Back to Leizarraga). Arestiren testu bat du abiapuntu: «Etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dute back to Leizarraga». Gozatu liburua, mamurtu ideiak eta on egin. Debateak merezi du, baldin geroa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.