Hauzeko pagadia

Gorka Lopez / 2015-05-26 / 373 hitz

Izarbe mendiaren ipar magalak dituzte hazitoki Hauzeko pagadiek. Horietatik barrena ibiliko gara, eta luzea izango da Losko begiratokirainoko ibilaldia; litekeena da BTT bidez ere egitea.

Izarbe estazio nordikoaren eta Montori herriaren artean, bada toki horiek biak lotzen dituen errepide bat, eta, errepide horretako tarte ezinago bihurgunetsu batean, desbideratze bat dago, Lephelceko eremu inguruan; handixe abiatuko gara Loskorantz. Hogeita lau metroan-edo ibili eta gero, basoan barreneratuko gara, Izarbe gailurraren pean gutxi gorabehera.

Behin basoan sartuta, emeki-emeki egingo dugu behera desbideratze bateraino, eta handik igaroko ditugu Bitoleko sakaneko ur-lasterrak. Hori egin orduko, sakanaren bestaldetik igotzen hasiko gara, aldapa batean gora, eta langa kanadar batzuetaraino iritsiko gara; hurrengo, pista bateko bihurguneari segika, Baretosko Itzuliko bidegurutzea aurkituko dugu, Montoriko larreen pean.

Horraino eraman gaituen pistatik segituko dugu zuzenean, betiere mendebalderantz joz, eta, behin pagadiaren erdi-erdira iritsitakoan, panel iragarle batekin topo egingo dugu, eta Urdaburuko mendi lepoko basabidetik barrena ibiliko gara: hasieran, tarte zelai batean; hurrengo, beheraino eginda, bitan banatuko zaigu bidea, eta eskuinera utziko dugu Argastellyra doan basabidea, eta berriro ere beheraka hasiko gara Iguntzeko sakaneko ur emaria igarota.

Ondoren, beherantz joko dugu berriro ere, hurrengo bidebanatzeraino. Han, panel iragarle batek adieraziko digu ezkerretik jo behar dugula Chuste goi ordokiko basabiderantz, baina ez diogu jaramonik egingo, eta eskuinetik segituko dugu Urdabururantz. Hala, lehengo eskema bera berrituko dugu, baina oraingoan Lissiaguzere sakanean. Alde bakarra zera izango da: basotik irtengo gara tarte batean, eta mazela zuhaitzik gabeko batean bermatuko, eta, goraka segitu beharrean, ziztu bizian jaitsiko gara Urdaburuko lepora.

Loskoko begiratokia

Behin mendi lepoan, ezkerreko bidetik joko dugu, zeinak horra arteko ibilbide guztiko eskema bera baitarabil, baina Anthole sakanaren gainean; hala, bidegurutze bat aurkituko dugu ezkerretara, Loskorantz seinalatzen digun bide erakuslea alde batera utzita. Horra artekoak baino pendiz malkartsuagoa igaroko dugu, eta Loskoko gailurraren eremura iritsiko gara. Handik, beste mendi lepo batera irtengo gara, eta Teintureko bordarantz daraman bidea seinalatzen digun idazkun bat ikusiko dugu. Hilague gailurraren mazelatik barrena segituko dugu; beste maldaxka bat ere topatuko dugu, eta handik joko bidebanatze bateraino, eta, han, ezkerreko bidexkatik abiatuko gara.

Lehengo pista guztiak baino estuagoa, belartsuagoa eta malkartsuagoa da bide hori, baina aise egingo dugu handik beherako tartea. Hala, belardi bateraino iritsiko gara, eskuinera utziko dugu Lacurde gailurrerainoko bide pendiztsua, eta Lissiaguzere sakanera jaitsiko gara. Handik, pista bidez itzuliko gara Lephelcera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude