Iturri agorrezina

Nora Arbelbide / 2015-05-26 / 1.123 hitz

Ehun urte dira aurten Piarres Larzabal sortu zenetik. Euskal antzerkigintzan eta euskal kulturan mugarri izan zen obra utzi zuen, oraindik baduena zer erran.

Ehun eta hogei bat antzerki idatzi zuen apez atipikoa izan zen Piarres Larzabal (Azkaine, Lapurdi, 1915-Ziburu, Lapurdi, 1988). Beste hamaika kontuko gizona ere izan zen: Hazparnen, zapatagintzako lehen sindikatuak sortzen lagundu zuen; iheslarien kopurua goititzearekin, Telesforo Monzon eta beste zenbait lagun bildu eta Anai Artea elkartea sortu zuen; Ziburuko Sokoako eliza eraiki zuen hainbaten laguntzarekin, eta hango lehen erretorea izan zen; neskak eta mutilak lehen aldiz taula gain berean elkartu zituen; neskei meza ematen irakasten zien gordeka; sexualitateaz hitz egiten aritu zirela gogoratzen dute batzuek; euskaltzain oso izan zen 1963az geroztik. Eta zerrenda asko luza daiteke oraindik.

Oro har, biografia berezi batetik harago, Larzabalek memoria bat ere utzi du. Eta, memoriarekin batera, zenbait giltza ere bai, gaurko balio dutenak. Euskal gizartea konprenitzeko, idazteko, antzezteko giltzak. Oraindik ere bere obrak funtzionatzen duela ohartzeko aukera eman dezake mendeurrenak.

Gorputzetik iragaten den memoriak anitzez gehiago irauten duela berresteko balio dezakeela baieztatzeko ere, Ixabel Etxeberriak gogoratzen duenez. «Jakintza handia gelditzen da hor, anitz eman baita bere antzerkia». 1950-1982, Antzerki identitarioaren paradigmak tesia idatzia du Etxeberriak Larzabalen antzerkigintzaz.

Ehun eta hogei antzerki, eta bakoitzean hogei bat rol. Haien artean, zenbait antzerki parrasta bat aldiz emanak: «Herriko bozak emana izan da 50 bat aldiz. Bordaxuri 40 aldiz. Matalas zenbat aldiz? Fenomenala da eragina. Eta zenbat jendek ikusten zuen? Ez da izan horrelako kultur mugimendurik ez lehenago, ez geroztik», zehazten du Antton Lukuk. Antzerkilari, idazle eta euskara irakaslea den Lukuk Libertitzeaz (Pamiela) liburuan Larzabalek utzi obraren giltzen ulertzeko pistak ematen ditu.

Antzerkiaren bidez gorputzaren memoria hori eragiteko xede horren kontzientzia bazuela Larzabalek, horretaz konbentzitua da Luku.

Bestela ezin dela ulertu idatzi antzerkien kopurua. Larzabal etengabe ari baitzen: mezak, bilkurak, irrati emankizunak, aldizkarietan idatziak, manifestaldiak, etxean errefuxiatuak. Erizain bezala ere etxez etxe aritzen zen pikuren egiten: «Eta halako batean gazte bat heldu zaio eta antzerki bat galdegiten dio. Honek, galdera bakarra: zenbat jokalari diren; z enbat mutiko eta zenbat neska. Hor ez da sos istorio, ez fitsik. Idatzi eta helarazten dio. Ez du atxikitzen kopiarik. Aztarna bakarra atxiki gabe helarazten dio testua gazteari. Zuk dakizularik zer den antzerki baten idaztea, zergatik eginen duzu hori? Idazten dio baitaki antzerkiak zer arrasto utziko duen. Herri eskola zaio», analizatzen du Lukuk.

Geroak baieztatu dion herri eskola. Manuel Sein Xanpun, Txomin Ezponda, Ernest Alkhat, Jean-Pierre Mendiburu. Horiek oro bertsolariak denak, eta denak antzerkilariak zirenak, ordukoak: «Horrekin ulertzen da laster. Garai hartako euskal kultura hortik ateratzen da», borobiltzen du Lukuk.

Eta oraindik balio du eskola horrek. Larzabalen obraren eraginkortasuna baieztatzen dute beren lanbidearen bidez Etxeberriak eta Lukuk. Etxeberria Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko 12 eta 13 urteko ikasleekin Angles ginelarik lantzen ari da. Obrak beti funtzionatzen duela ikusten du hor zehazki Etxeberriak: «Jokoa maite dute anitz. Da gauzak ikastea beste manera batez. Gorputzarekin, hitzekin».

Lukuk Donibane Garaziko lizeoko ikasleekin du baieztatu ahal izan fenomenoa. Larzabal mugaz muga antzerkia landu du hauekin, besteak beste. Ikasleekin Larzabalen testuen irakurtzen ari zirelarik ulermenean izan zitezkeen zenbait eragozpen laster uxatzen zituen Lukuk: «Larzabalen hitz berekin esplikatzen nien. Aldaketa bakarra, esaldia hiru zatitan moztua nuela. Erritmoa da aldatua». Eta hor, segituan, Larzabalen mundua berena egiten zuten ikasleek. Euskaraz transmititu mundu hori, oraindik erreferentziak bizirik dituela.

Larzabalen euskara hori, preseski, guztiek azpimarratzen dute: «Naturala da. Iduri du urak leundu harria. Hitz guziak dira beren lekuan. Horrek du funtzionatzen. Sentitzen duzu hori horrela dela», Lukuren hitzetan.

Eta euskaraz gain, badu talentu hori Larzabalek. Inteligentzia ikaragarria zuen Larzabalek: «Sentitzen zituen izugarri finki gauzak», Piarres Xarritonek Lukuri behin erran eta Lukuk gogoratu duenez. Gaineratu ziola: «Baina ez zian gurea bezalako inteligentzia, beste sentiberatasun… intuizio biziak eta abilezia izugarria…».

Eta batez ere, Lukuren ustez, bere testuinguruak egiten du Larzabalen obra handi: «Taula gaineko tira hori egiten ahal duzu antzerki batean, agerraldi batean, baina obra oso batean oso zail zait. Ene ustez, badira Larzabal eta badira besteak. Besteek badituzte kalitateak, ez dut deus ukatzen, baina ez da hein hori. Ez da arrakasta hori. Ez da harreman hori publikoarekin. Ez aktoreekin. Ez da erreaktibitate hori. Mementoan izate hori».

Mementokoa, betirako

Mementoan errotua erabat, beraz, eta, aldi berean epe luzeko balio hori. Nolaz hori? «Larzabalek idazten du kostuma bat non sartzen ahal baita aktore kantitate handi bat. Ematen diozu hamabi urteko haur bati, Bixoko [Xirristi Mirristin ibili Peio Berrokohirigoien] edo zahar bati, eta funtzionatzen du beti. Baita arketipo bat», Lukuk beti.

Hauen artean, emazteen rolak azpimarratzekoak izan daitezke. «Duintasun» handikoak direla nabarmentzen du Etxeberriak. Oro har, eskuzabala da Larzabal bere pertsonaiekin: «Bada pertsonaien, jende ezberdinen maitatze bat. Hori, Xarritonek erraten du dela irri egiteko ahal hori. Jendeak ikusten dituelarik, kontra baldin baditu ere, ez ditu hastiatzen. Irrigarriak zaizkio. Maite ditu pertsonaia gisa, diren bezala», aitzinatzen du Lukuk.

Arketipoak ditu, hortaz, baina, aldi berean, «pertsonaiek badute beti sakontasun handi bat», gaineratzen du Etxeberriak. Lukuren gogoeta ere bide beretik doa: «Kausitu du sinesgarria izatea baitu humanitate bat. Errealitate sinesgarri bat». Bordaxuri antzerkian, adibidez: «Shakespearetarra da nola identifikatzen garen Bordaxuriren hiltzeari, hastiatu dugularik hastapenean. Humanitate hori eternala da. Egoten da».

Larzabalek egiak zituela plazaratzen, «egungo egunean ere egiak direnak», deritzo Jean-Louis Negeluak ere. Aldudeko Larrazkeneko Loreak eta Garaziko Sokorri katolikorako antzerki taldeentzat taula zuzendaritza lanetan ari da Negelua. Eta Larzabalen antzerkiak muntatzen ditu erregularki: «Biziki etsenplu ederrak dira. Bizian zer pasatzen den zinez kontatzen dizu. Zuzen zen».

Apeza zen Larzabal, eta bazuen, alde horretatik, gizon eta emazteen egiak zuzenki entzuteko posibilitatea. Konfesionala: «Konfesatzearenak eman dio jendeen barnearen giltza. Ez dakit hain inportanta zaizkionez bekatuak», hipotesia hori aitzinatzen du Lukuk. Senperen gertatua antzerkia konfesatze batekin abiatzen da, adibidez. «Ageri da ezin dela gezurrik erran ».

Tabuak inarrosteraino. Adibidez, Etxahun antzerki lanean adulterioa nola aipatzen duen gogoratzen du Etxeberriak. Tabua izan arren. Publikoak nolabait eskertzen duena, alta: «Hori da herri antzerkiaren indarra. Martxan da. Jendeak onartzen du eta maite du», Lukuk argi du.

Injustizia non, eta hor agertuko da Larzabal, injustiziaren aurka altxatzen. Mina ere barneraino sentitua baitzuen Larzabalek. Anaia bat hil zioten FFIkoek (Barneko Frantses Indarrek) Bigarren Mundu Gerra bururatu eta. Larzabal bera erresistente izan zelarik. «Basabeltz antzerkiak teatralitate izugarria du, min horren gainean idatzia duelako», deritzo Lukuk.

«Injustizia jasaten ez zuen gizona zen». Hori Jose Manuel Pagoaga Gallastegi Peixoto-k du erraten Larzabalez, Larzabal mugaz muga antzerkiko bideoan: «Injustizia ez baduzu kasatzen, herra hazia baduzu beti. Injustizia deino ezin da bakea izan. Eta euskaldunek, beste injustizi alimale horien artetik, ez dretxo izatea gure gain izatea injustizia da beste injustizien barnean», zehazten du Lukuk. Hortik ote dea abertzaletu Larzabal? Larzabal, «abertzale, ekintzaile eta borrokalari» bezala gogoratzen baitu Etxeberriak. Eta antzerkiak horren lekuko ere baditu.

Lukurentzat, «Larzabal, Etxamendi edo Xalbador, jende horiek mugakoak dira. Denek badute zango bat han eta zango bat hemen. Euskaltasuna natural zaie. Ez dute ukan guk ukan dugun desalienatzeko bide hori. Populu kontzientzia hori duzularik natural, abertzaletasuna ebidentzia da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.