Iraun behar duten gauzen alde

Igor Susaeta / 2015-06-04 / 564 hitz

Aurrekoetan baino soilago idatzi du Jon Gerediagak, baina ‘Argia, lurra, zuhaitza, zerua’ poema liburuan bere betiko ezaugarriei eutsi die, eta bizirik egotearen ajeak ditu hizpide.

Idazten hasi orduko, «bigarren edo hirugarren poemarako», Jon Gerediagak (Bilbo, 1975) nahiko argi zeukan zein izen jarriko zion hurrengo poema liburuari. «Hasi nintzen pentsatzen zer den salbatu beharrekoa, zeintzuk diren iraun behar duten gauzak, inportanteenak». Eta konturatu zen izenburuan aipatzen dituenak direla garrantzitsuenak. Argia, lurra, zuhaitza, zerua (Pamiela). Horiei idatzi die, edo horiez idatzi du; «iraun behar duten gauzen alde, alegia». Naturako elementu horiek baliatu ditu «bizirik egotearen ajeez» hitz egiteko. Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen iritziz, aurreko lanetako poetikaren ezaugarriei eutsi die Gerediagak —Fitola Balba, Karpuki Tui (2004), Jainkoa Harrapatzeko Tranpa (2007) eta Zentauro-hankak (2012), horiek ere Pamielarekin argitaratutakoak—: «Bere poesiagintzan heriotzaren kontrako antidoto bat bilatu nahi du; poesia bilakatzen du denbora harrapatzeko mugarri; bizitzari zentzu bat aurkitzeko erabiltzen du». Azken liburuan ere bere obra mamitu duten gaiei heldu dien arren, besteetan baino laburrago eta soilago idatzi du Gerediagak, «bulkada bati» jarraituz.

Lurrari itsatsita jarraitzen du haren jardunak, nahiz eta «hegan dabilela irudi», Irigaraik azaldu duenez. «Argia, zerua, zuhaitza aipatzen ditu, baina horien bidez baztertu, zokoratu eta amildutakoen hotsak bere egiten ditu». Oier Guillan poeta, antzerkigile eta aktorearen esanetan, poema ugaritan errepikatzen ditu ideia, hitz eta kontzeptu berak, «baina ertz desberdinetatik erakusten ditu» —90 poema pasatxo dauzka liburuak—. Iruditzen zaio, beraz, aurreko lanetako nortasun zeinu guztiak topatu daitezkeela Argia, lurra, zuhaitza, zerua-n, «baina inoiz baino orekatuago» ematen dituela. «Poema laburrak dira, baina liburua izan zitekeen poema luze bat ere; agian, horregatik, ez dute, aurreko lanetakoek ez bezala, titulurik», adierazi zuen Guillanek atzo Donostian, Gerediaga eta Irigarairekin batera egindako aurkezpenean.

Argiari, lurrari, zuhaitzari eta zeruari erreparatu die hainbat ertzetatik, baina baita, Guillanen ustez, «errekari, harriari, suari, minari, beldurrari eta isiltasunari ere», esaterako. Argia aipatzean, Gerediagaren testuek badute kutsu espiritual bat. «Espirituala, zentzurik zabalenean, baina batez ere lurtarrenean. Izan ere, aurrekoetan topaturiko pertsona horren neurrira egiten dira liburuko gomutak, eguneroko bizitzako kezka eta galderekin konpromiso betean».

Guillanentzat, irakurleak oso gertu sentituko duen ahots bat da liburuan topatu daitekeena. «Hitzez modu ezin ederragoan adieraziz, hitzik gabe nornahik sentitu dituen hainbat gauza». Dena den, ahots horrek ez du bazter uzten pertsonen bizitzako zutabea: samina. «Erorialdia eta, nola ez, heriotza».

Natura da poemetako ezinbesteko protagonista. «Idazleak xehetasun txikienei erreparatzen die, naturaren keinu txikiena sentituz». Halere, Guillanek pentsatzen du ez duela sobera jo abstrakziora. «Naturaren kaos perfektuan edo perfekzio kaotiko horretan, kale jendearen kezkak topatzen ditu egileak, kalea ez aipatu arren». Bide batez, aurkezpenean egileak berak aitortu zuen testu gehienak Artxanda mendiaren magalean idatzitakoak direla, ilunabarrean, nahiz eta Plentziako hondartzan (Bizkaia) ondutako ale baten ondoren konturatu zen gauzak modu soilago batean esateko gogoa zeukala.

Zeruari dagokionez, Gerediagaren testuetan zerua bera ez da helburu, Guillanen hitzetan. «Zerua lurreko sentimenduak islatzen dituen ispilu erraldoi bat da». Lau elementuen indarra baliatuta, galdera dezente planteatzen ditu Gerediagak liburuan, baina, Guillanen aburuz, «ez dauka erantzunak inposatzeko grinarik». Esango luke isiltasun ozen baten mintzoa biltzen duela etengabe; «poesia idaztearen balioaz eta zentzuaz ari den aldietan, adibidez».

Paisaia baten osagaiak dira argia, lurra, zuhaitza eta zerua elkarrekin jarrita, eta, hain zuzen, paisaia baten kontenplazioak sorraz dezakeen hitzezko azalpenarekin lotzen ditu Gerediagak norbanakoaren kezkak: «Askotan, paisaia bati begiratzerakoan eta kanpoan ikusten duzun hori hitzez deskribatzerakoan, ari zara, nahi gabe, barruan dituzun min eta beldur batzuen berri ematen». Bizirik egotearen ajeak dira. Gerediagak, ordea, iraun behar duenari idatzi dio, horren alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.