Rankingak asteon

Garikoitz Goikoetxea / 2015-04-14/ 355 hitz

Trantzeko hiru egun pasatu dituzte aste honetan 10.000 ikaslek baino gehiagok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Selektibitatea egin dute. Nafarroan joan den astean egin zuten, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan datorren astean dute Baxoa. Egoera berezian aurten. Inoiz ez bezalako kontrakotasuna sortu da azterketa orokortuen aurka, LOMCEk Lehen Hezkuntzan ezarritako proba dela eta. Aspaldian ez bezalako protesta egin dute familiek, desobedientzia kutsutan, proba orokortuen aurka. Selektibitateaz, aldiz, ez dago hainbesteko kexurik —eragile gutxi batzuk kenduta—. Nahiz eta, adinaren faktorea aldatuta, eredu bera den.

Ikasketa prozesua baldintzatu egingo dutela, salaketa hori egin dute LOMCEren probei buruz. Urteetan frogatu du hori selektibitateak: Batxilergoa erabat baldintzatzen du. Selektibitatean zer eta nola sartuko den, horren arabera lantzen dituzte gaiak eskoletan. Ebaluazio eredu okerra ezartzea egotzi diote Espainiari, proba horiek giltzarri izango direlako; ebaluazio jarraituari segitu beharrean, iraganeko sistemaren ildoa hartu duelako. Selektibitatearen ereduak gutxi du berritik. Errebalida benetakorik bada, hori da.

Diagnostikorako probak egin dituzte maiatz-ekainean Lehen Hezkuntzan, 8 urterekin. Ez dute eraginik ikasleen espedientean, teorian behintzat. Eta harrabots handia sortu da. Kalteen artean, bi aipatu dituzte batez ere: sailkatu egingo dituztela ikasleak, eta rankingak osatuko dituztela. Selektibitatea zer den. Milaka ikasle sailkatuko dituzte orain, probako notaren arabera; irekiko edo itxiko dizkiete unibertsitateko ateak, edo emango diete aukera karrera batean hasteko edo ez. Eta, bai, rankingak egingo dituzte. Ostegunean argitaratu zituzten Nafarroako selektibitateko emaitzak. Biharamunean, rankingak zetozen, gordin-gordin, herrialdeko kazetetan: emaitzak, eskolaz eskola, izen eta guzti. Zenbat ikasle dauden matrikulatuta, zenbatek errepikatu duten, zenbatek gainditu duten selektibitatea… Batean %60k, bestean %100ek. Bestelako irizpiderik gabe. Ranking bat soilik, bere gordinean, bere hutsean, testuinguruaren daturik gabe. 8 urte ordez, 18. Horixe da aldea.

Hezkuntzaren alorrean gauza onartua da selektibitateak hutsune handiak dituela: ez da gai ikaslearen konpetentziak neurtzeko, unibertsitateko karrera bakoitzerako hautaketarik ez du egiten…

Urteen joanak normaldu du selektibitatea, ontzat jotzeraino, bizitzan gainditu beharreko ataka gisa ikusteraino —«lasai, azkenean ez da hainbesterako», esaten diete zaharragoek ikasleei—. Eta selektibitatea ontzat jota, denak errebaliden etsai dira orain.

Ez da txantxarako gaia. Irakats-prozesuaren gakoetako bat da ebaluazioa. Diagnostikoen harira sortutako ezinegona aukera egokia izan daiteke eztabaida hasteko, nolako ebaluazio eredua nahi ote den. Finean, nolako hezkuntza nahi den. Garaia heldu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.