Euskaraz egindako zinemagintzaren loraldiaz

Iratxe Fresneda / 2015-09-19 / 658 hitz

Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldian, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmak esperantzaz blaitu zituen euskaldun zinemazale eta euskaltzaleen bihotzak eta buruak. Loraldiaz hitz egiten zen, hitz egiten genuen. Joan den urtean Loreak, eta, aurten, Asier Altunaren Amama Zinemaldiko lehiaketa ofizialean egoteak euskararen erabileraren normalizaziorako aurrerapauso bat dela zalantzarik ez dago. Baina, hor amaitzen da euskarazko zinemagintzaren ibilbidea? Zinemaldiaren lehiaketa ofizialean? Ez, noski (are gehiago, orain Oscar sarietan euskaraz ekoiztutako filma lehian egon litekeela jakin berri dugu).

Iritzi desberdin eta ugari irakurri eta entzun izan ditugu azken urtean euskaraz egindako zinemagintzaren loraldiaren inguruan; eta esandakoen gainetik dagoena zera da: errealitatea, poliedrikoa, baina errealitatea inposatzen zaigula. Azken horren konplexutasuna dela medio, ikuspegi anitz kontuan hartu beharko genuke azterketa zorrotza egiteko unean. Hau ez da esparrua horretarako, baina balio du mahai gainean zertxobait lagatzeko. Garrantzitsua litzateke kontuan izatea azken urteotan zenbatekoa izan den euskaraz zinema aretoetan estreinatu diren filmen kopurua (zenbat aste karteleran, zenbat zinema aretoetan, kopia kopurua, etab.); eta garrantzitsuena: zenbat ikusle gerturatu den filma hauek ikustera. Bestetik, zirkuitu komertzialetik at nolakoa den euskal zinemagintzaren baratza (eremu independentea, amateurra), hauxe baita euskaraz egindako zinemagintzaren sorlekua. Aurrekoari helduta, nahikoak ote dira zinemari ematen dizkiogun diru-babesak eta azpiegiturak (diru-laguntza publiko eta pribatuak)? Gure arreta erakarri beharko luke honek. Demagun esparru hau, euskaraz sortutako ikus-entzunezkoetan, asea dagoela (demagun), harago joanda, zer da, diruaz aparte, zinema bizirik mantentzen duena? Ikusleria, horretan amaitzen dut, beti. Badu zinemagintzak, orokorrean, film bat ikusteagatik ordaintzeko prest dagoen ikusleriarik? Munduan, Euskal Herrian… Baietz esango genuke? Eta edukitzekotan, euskaraz ekoiztutako zinema ikusten du ikusleria horrek?

Hau da batez ere nire ardura, ikusleria eta, harekin lotuta, ekoizpena, banaketa eta emanaldiak (horren barruan, azpidatzien behar estrategikoa).

Donostiako Zinemaldiaren adibideari helduta, behin baino gehiagotan euskaraz egindako zinemagintza sail zehatz batean agertzeak, Zinemiran, ez nau batere ase, batez ere programazio paralelo bat sortu izan delako eta euskara ibilbidetik atera delako, hizkuntzaren izenean, ghettoaren antzekoa sortuz. Eta bai, erakusleihoaren alde gaude. Zergatik egin den ere uler dezaket, eta, barne ekoizpenari begira, oso interesgarria izan daitekeela pentsatzen dut, noski. Baina Loreak filma sortu aurretik egon ziren euskaraz egindako kalitatezko bestelako proposamenak, hain zuzen ere, Zinemaldiaren programazioan (ez bakarrik Zinemiran) lekua izan zezaketenak. Hizkuntzak, azpidatziak horren erraz eskura izanda, ez du zertan oztopo gisa funtzionatu pelikula bat hemen edo han programatzeko orduan. Beraz, zergatik ez genituen ikusi Bertsolari eta antzeko filmak Zinemaldiaren bestelako sailetan (Zabaltegin, adibidez)?

Euskarak zinemagintza profesionalaren esparruan balio dezakeen froga badugu. Era berean, esan dezakegu badagoela Euskal Herrian zinema sortzeko sarea, bai soziala eta baita profesionala ere (bai euskaraz eta bai bestelako hizkuntza batean). Beraz, bigarren gakoa zera izango litzateke: nola saltzen, mugitzen den euskaraz egiten den zinema, hau da, salmenta eta komunikazio ereduak. Hemen azpidatzien tradizioa bidean gurutzatu egiten zait. Euskaraz egindako filmak, filmak balira bezala saldu beharko genituzke, gure artean eta munduan, eta agian ez horrenbeste euskaraz egin direlako (baita ere, uler nazazu). Koreatik datorren film bat azpidatzia ikusten baldin badugu, zergatik ez euskaraz egindakoa?

Baratzea badaukagula badakit. Eskolak, sustapenak eta diru-laguntzak (normalizaziora heldu ez bagara ere); artistak eta profesional ederrak, baina askotan pentsatzen dut barne kontsumoaren faltan gabiltzala. Zinema euskaraz programatzen denean joaten al gara zinema aretoetara? Are gehiago, zinema aretoetara joaten gara euskaldunok? Hor egon liteke eztabaidaren gako bat, baina ez bakarra. Zinemagile eta erdipurdiko programatzaile bihurtu garen askok, une batean edo bestean emaitzak ikusi eta ukitu egin ditugu. Sarritan, zenbakiak negargarriak dira, eta, batzuetan, susmoa daukat loraldia ez dela ikusleriarengan, gizartean, gertatu.

Publikorik gabe zinema ez da ezer ez. Publikoa aretoetan edota telebistako programazioetan irabazi egiten da, eta horrek kuota du izena, baratzea ongarriz elikatu. Une polita bizi izaten ari da euskaraz sortutako zinea, bai, baina belaunaldi batekin ere zerikusia izan dezake: Garaño & Goenaga, Almandoz, Oñederra, Altuna edota Alegria bezalako artistekin zerikusia badauka. Herri txikia gara, baina badago harrobirik. Lanean gabiltza, baina ez gaitezen itsutu eta jarrai dezagun sormena, azpiegiturak eta zinemagile eta artistentzat bizi-baldintza duinak lantzen. Altxorra da zinema, gizartearena, komunitate txikiena, baina zaindu eta elikatu behar da, txokolatea maitatu behar den bezala, zinema maitatu beharko genuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude