Hemen, siux bat

Goizalde Landabaso / 2015-09-08 / 266 hitz

Euskararen kontuan gauza bik izugarri sutu egiten naute: Bermeon egiten den euskara txarra da, eta Bilbon ez da euskararik entzuten.

Kasualitatez (edo), beti euskara gutxiegi (edo bat ere ez) dakitenek esan izan didate. Azkena: Bilbon euskara Oregonen siux-aren pareko da. Oregon? Siux-a? Pepelerdokeria hori esan zuenak beharbada ez daki Oregon mapa batean kokatzen, eta, ziurrenen, ez daki Oregon ez dela Siux lurraldea eta, hortaz, errezagoa dela euskara entzutea siux hizkuntza baino. Tankaloak jakin beharko luke Bilbon euskaraz hitz egin dela, eta hitz egin izan dela (bide batez, Oregonen ere euskara entzun litekeela).

Hizkuntzalari amateurrak ulertzen duen hizkeran adi dezan: siux asko gara Bilbon. Bilboko populazioaren %20. Zenbaki absolutuetan ez dago Bilbon bezainbeste siux, hots, euskaldun duen hiri edo herririk munduan. Beharbada hor kanpoko galaxiaren batean egon liteke, baina Lur planetan, ez dago. Jakiunderako sarbidea lortu nahi duen gure adiskide maitagarria, seguruen, ez da Bilbotik pasatu joan den mendetik, eta, baletor, entzungo luke euskara hemen eta han. Edozelan ere, ondo argi gera dakion: Bilbo ez da euskara barnetegi bat, eta, hortaz, leku orotan ez du entzungo, baina belarria erne izanez gero, adituko du. Ez dakit honek poztuko duen edo ez, izan ere, bere aurreiritzi oro suntsitu beharko lituzke; baina on egingo liguke aurreiritziak bertan behera lagako bagenitu. Babalokeria eta iritzi merkeekin ez goaz inora ere ez. Euskarak gutxien behar duena, ene uste laburrean, tentelkeriak dira. Txepelkeria gutxiago eta miopiarik eta hipermetropiarik gabeko begiradak behar ditugu. Hobe zukeen gure Mieltxo Barandiaranek bostekoak luzatu eta ukabilak sakelaren barrenik barrenean gordeko balitu. Pozik aurkeztuko nizkioke nik Bilboko siux batzuk, eta aurkezten jarrita, agian, Oregongo euskaldunen bat edo beste ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude