«Nahi dena esatea eta ulertzea» eskainiko die AEK-k ikasle berriei

2015/09/03

Pello Zuazo/2015/09/03/231

Abian jarri dute ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina, ‘Euskara praktikoa’ lelopean. 13.000 ikaslek izena ematea espero dute.

Azken urteotan gora egin du nabarmen AEKn euskara ikasi nahi dutenen kopuruak. Adibidez, joan den ikasturtean aurrekoan baino 300 ikasle gehiago izan zituzten, eta aurten 13.000ra iristea espero dute. Horretarako, matrikulazio kanpaina jarri dute martxan, Euskara praktikoa lelopean, eta nahi duenak hilabete osoa izango du izena emateko.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak 2015-2016ko ikasturterako matrikulazio kanpainaren nondik norakoak azaldu zituen atzo Bilbon egindako agerraldi batean. Aurten ere, bigarrenez, Sara Cozar aktorea eta AEK-ko ikasle ohia izan da kanpainaren aurpegia eta aurkeztu duten iragarkiaren protagonista.

«Euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek metodo eraginkorra aurkituko dute, euskara praktikoa, eguneroko premietara egokitutakoa», azpimarratu zuen Mugikak. «AEKrekin lortuko duzue nahi duzuen guztia ulertzea, nahi duzuen guztia esatea». Horretarako «komunikazioan oinarritutako metodologia aurreratua» eskaintzen dutela azaldu zuen: euskalduntze ikastaroak maila eta ordutegi guztietan, titulu homologatuak prestatzeko ikastaroak, ikastaro trinkoak, autoikaskuntza sarean, mintzapraktika eta beste baliabide ugari. «AEKn ikasteak abantaila asko ditu. Izena eman eta hilabete gutxira EGA atera nuen», berretsi zuen Cozarrek Mugikak esandakoa.

Ikasturtea urriko lehenengo astean hasiko da AEK-k Euskal Herri osoan dituen ehun euskaltegietan baino gehiagotan. Horietako bat Altsasukoa (Nafarroa) da; eraberritu ondoren, irailaren 18an irekiko ditu ateak.

Iaz Oinarrizko hiztegia estreinatu zuten euren webgunean, eta, izan duen harrera ona ikusita, aurten, berrikuntza modura, sakelako telefonorako aplikazioa sortu dute. Oinarrizko elkarrizketetan erabiltzeko hainbat esamolde eta akuilu bildu dituzte bertan, baita euskaltegien inguruko informazio osoa ere. Doan eskura daiteke, AEKren webgunean bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude