Azterketaren azterketa

Jon Ordoñez / 2015-10-23 / 192 hitz

 

Poztekoa da euskararen inguruko gai batean Eusko Legebiltzarreko alderdiak ados jartzea. Herri hau, zoritxarrez, ez dago horrelakoetara ohituta, eta EGA berraztertzeko eta hobetzeko eskaera aho batez egin izana garrantzitsua da bere horretan. Hori esanda, baina, hobetzea zer den galdetzea saihestezina da. Atzerriko hizkuntza baten C1 mailaren parekoa da EGA, eta, batzuen ustez, maila oso jasoa da hori zenbait lanpostutan aritzeko; lautik batek gainditzen du. Gakoa, ordea, ezin da hori izan, baizik eta euskara zertarako ebaluatu nahi den eta zertarako ikasi behar den. Euskara ez baita atzerriko hizkuntza bat, ofiziala baizik, euskal herritar askoren lehen eta eguneroko hizkuntza, eta ezin da hori ahaztu lanpostu baterako eskatzen denean. Herritarren hizkuntza eskubideez ari gara.

Beharrezkoa da azterketaren azterketa egitea, baina hobetzeaz ari garenean, argitu behar da estatistikez edo hizkuntz normalizazioaz ari garen. Litekeena da euskarak beste azterketa bat behar izatea, behar eta maila desberdinetarako azterketa bat baino gehiago behar izatea. EGA gainditzen ez dutenen kopuruak zer pentsatu ematen du. Ariketa hori, ordea, ezin da izan azterketaren maila gutxitzeko, euskarazko ikasketa eta euskalduntze prozesuak hobetzeko baizik. Euskara hizkuntza gutxitu bat da, eta lanerako euskara erabili behar dutenei maila gutxituz are eta gehiago gutxituko da. Erabiltzeko baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude