Idazle poliedrikoaren ‘aupamen’-a

Hasier Rekondo / 2015-10-04 / 412 hitz

Idazlea: Karlos Linazasoro. Argitaletxea: Elkar.

Zenbat aldiz aipatu ote da ironia Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) lana iruzkintzean? (Ironiaren bideak ezin asmatuzkoak dira). Zenbatetan mugatu ote dugu haren lana aforismoaren espazio mugagabera? Zenbatetan idatzi da ironiaren harrak gorentasuna murrizten diola artelan bati? Aurreiritziak aurreiritzi, moldeak molde, generoak genero, talentua eta erudizioa oparitzeko lain ditu Tolosako idazleak. Baiki, talentuaren jabe zarenean bideak ez dira hain nekezak ez literaturan, ez bizitzan.

Esan dezadan, aurretiaz, nahiko nekeza zaidala Literatura Hiztegi Tekniko Laburra (Elkar, 2015) literatur terminoen hiztegi gisa aurkezten zaigun hau definitzea. Eta, apika, definizioen liburu baten aurrean izanagatik, gutxienekoa definitzea delako. Alta, bada, liburu honen kontrazaleko aupamen antologikoan aholkatzen den gisara, liburu bati buruzko aipamen laudoriozkoak honako baldintzak bete beharko ditu, besteak beste, «Ez du gezurrik esan edo hiperbolerik egin behar, baina bai balizko irakurleari liburua eskuratzeko gogoa piztu».

Ez dakit partidaren altuera honetara helduta, eta hiperbole zale madarikatua naizela aitortuta, balizko irakurlerik geratzen den gurean. Egungo euskal literaturak agertzen duen nobedade andanaren aurrean apika, honako adagio honekin ematen baitigu zaplaztekoa. «Paradoxa: horrenbeste liburu dago liburu dendetan, ezen jada inork ez baititu irakurtzen».

Horrela bada, bete dezadan behingoz aupamen-ak aholkatutakoa. Linazasorok bere betiko mamuak, gustuak eta erredundantziak islatzeko tresna gisa profitatu du «idazlan jantzi eta akademikoa» (kontrazala berriro, kar kar kar), Oulipo taldeak, batez ere Raymond Queneauk edota Georges Perecek, erakutsitako bideari jarraiki, esperimentazio eta joko literarioetan murgilduz. Liburuak maisuki, eta ez hain maisuki (hitz joko antzuetan galtzen denean batez ere), uztartzen ditu literatur generoak: ipuina, poesia, aforismoa, nouvelle edo nobela laburra, eta abar luze bezain desiragarri bat. «Argi zegoen ezin niola Euskaltzaindiaren hiztegiari konpetentziarik egin» aitortzen digu egileak aurkezpen oharrean. Euskaltzaindiak maisu ugari baititu. Linazasorok, ordea, talentu bakarra du.

Hiztegiak, liburuak, edo dena delakoak, une antologikoak eskaintzen ditu. Ezbairik gabe, Poetikari eskainitako atalean aurkitu ditzake literatur zale amorratuak harribitxirik preziatuenak. «Nik ez dut egia bilatzen, ez eta ezagutza, edertasuna, perfekzioa, hilezkortasuna edo ospea ere. Nik, soil-soilik, idazketaren baitan nahi nuke salbatu, neure misterioan, hizkiek paperaren azalean pizten duten argi-muinean». Harrapazan/k! Aspaldi irakurri dudan idazle baten asmoen gaineko definiziorik borobilena. Idazten dudalako naiz idazle. Puntu. Baina zerbaiten gainean idatzi behar: Herioren aurkako borroka antzuaz? Bizitzaren zentzugabekeria tautologikoaz? Egoaren barne borrokaz? Batek baleki…

Linazasorok aspaldi gordeta zituen material ugariez eraikitakoa omen da apetazko hiztegia. Ongi etorriak idazle prolifikoak oro, tamaina honetako talentuaren jabe baldin badira. Tolosarrak idatzitako hiztegi defini ezina urteko libururik onenen artean izango da, onena larregizko hiperbole bailitzateke. Nobedade itsaso zurrunbilotsuan honezkero balizko irakurlerik baldin bada, joan dadila arrapaladan liburua erostera. Edo lapurtu dezala ezinbesteko lan akademiko hau.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude