«Umezurtz gelditu naiz amaierarekin»

Urtzi Urkizu / 2015-10-04 / 472 hitz

ETB1eko telesail beteranoak iraun duen 22 denboraldietatik hamaseitan parte hartu du Leonorren rola jokatzen Ainhoa Aierbek (Donostia, 1974).

Amaitzear da Goenkale. Zer sentimendu dituzu hori entzuten duzunean?

Guretzat telesaila aspaldi amaitu zen, aspaldi amaitu genituelako grabaketak. Azkeneko urteetan joan-etorriak egin nituen, eta hor nolabaiteko dolu bat egina nuen, nahiz Goenkale-k jarraitu. Atzerrira ikastera joan eta etxera itzultzen den gaztea bezala sentitzen nintzen. Baina esan zigutenean telesaila amaituko zela, etxe gabe eta umezurtz sentitu nintzen. Umezurtz ez bakarrik lanagatik, kaleko jendeak ere horrela sentiarazten dizulako. Tristura sentimendu bat ere badut, hain ondo funtzionatu duen telesail bat kentzeak pena ematen baitu.

Hamasei urtez egin duzu Leonorren rola. Zer balantze egiten duzu?

Oso ona; loteria tokatu zitzaidan, eta lantalde bikaina izan dut. Sartu nintzenean pertsonaia hain zen suzkoa, hain dibertigarria eta esker onekoa… Ikusleen oso gogokoa zen Leonor, nahiz eta bazterrak nahastu. Aukera ederra izan zen neure burua ezagutzera emateko. Urteek aurrera egin ahala, istorio ilunagotan zebilen pertsonaia. Emakume hura berreskuratzeko gogoa sartu izan zait tarteka.

Zertan ibiliko da Leonor azkeneko ataletan?

Arralden azaldu, eta hasierako Leonor pixka bat berreskuratuko dugu, Kubako energiarekin.

Goenkale izan dena aztertzeko garaia da. Aktore eskola izan da, eta telesailean hasitako batzuk izarrak dira gaur egun.

Eskerrak Goenkale izan den. Euskal Herrian ez da telebistako eskolarik izan. Antzerti izan zen garai batean. Baina telebista beste hizkuntza bat da. Horrenbestez, oso ondo etorri da Goenkale. Zailtasunak izan dira ekoizteko orduan, telebistan aurrenekoz sartzean ezjakinak garelako, eta gauzak ondo azaldu behar dizkigutelako. Aktore guztiok asko ikasi dugu telebista egiten.

Langile askori urtero lana izateko aukera eman dio telesailak. Grabaketak amaitu zirenetik langabezian gelditu dira dezente. Aintzat hartu al da hori?

Nire iritziz, ez da aintzat hartu. Pentsatzen da aktorearen lana hori dela: lan bat egin, amaitu, eta hurrengora, ateratzen bada. Ezjakintasun horretan bizitzea da gure patua. Horrek ez du esan nahi egoera gustatzen zaigunik.

Frantzian ez da horrela.

Baina hemen, bai; denok gaude modu horretan. Esaten dizute: «Aktoreak beti zaudete krisian». Aktore asko gelditu dira ez dakitela nondik jo. Produkzioan eta alor teknikoan ere langile asko gelditu ziren kalean.

Goenkale-k, bestalde, ikusleen fideltasuna lortu zuen lehen urteetan. Horri esker egin zuen urteetan aurrera.

Lehen urteetan oso ondo asmatu zen tramarekin. Herriko kontuak ziren, eta jendeak enpatizatu egiten zuen pertsonaia batekin ez bazen bestearekin. Oso euskal girokoa zen; euskaldunontzat zehazki pentsatua. Tramek aurrera egin ahala, adineko ikusleak ez ezik, gazteak ere kateatuz joan dira. Herriko kontuak galdu ziren arren, adineko ikusleek hor jarraitu dute, zorionez.

Urteotan ETBko ikusleak Leonorrekin lotu zaitu, baina antzerkian ere ibili zara eta bazabiltza. Ahazten al du antzerkiko ikusleak Leonor?

Leonor naiz oraindik ere. Baina antzerkian jendeak banaketa egiten du; azentua kentzeak badu eraginik. Hala ere, komedietan entzun izan ditut «Leonor!» oihukatzen zituztenak.

ETBk argi al du norabidea?

Suposatzen da erabakiak hartzen dituen jendeak badakiela zertan ari den. Baina niri kostatzen zait maiz ETBk hartzen dituen erabakiak ulertzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.