Auzolana Ilargian

Edu Lartzanguren / 2015-11-13 / 1.128 hitz

Ilargia modan dago berriz. Gerra Hotza epeltzean, espazioa esploratzeko moduak aldatu ziren. 1950-1970 artean, Ilargira heltzeko lehia gordinean aritu ziren Ameriketako Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna, gastuei erreparatu gabe, bakoitzaren sistema ekonomiko-politikoa aurreratuena zela erakusteko munduari. Oraingoa, berriz, gerrikoak estutzeko aroa da, baina baita lankidetzarena. AEBek jomuga Marte planetan jarri dute; Errusia, berriz, Ilargiari begira dago, eta Europa, Lurraren satelitea esploratzeko ahaleginetan laguntzeko prest.

Errusiak gizakiak Ilargira bidaliko dituela esan zuen Roscosmos espazio agentziak urriaren 27an. Bidaia 2029. urtean egingo luketela adierazi dute. Lehen aldia litzateke 1970eko hamarkadatik, AEBen Apollo egitasmoak amaitu zirenetik.

Baina zergatik nahi dute errusiarrek orain astronautak Ilargira eraman? Benetako zientzia arrazoiak daude tartean? Edo herrialde bakoitzeko aire eta espazio industriak bizirik mantentzeko bide bat da?

AEBek esan dute ez dutela dirurik Martekoa eta Ilargikoa egiteko: «Bidea utzi dute zabalik, eta errusiarrek ez dute nahi txinatarrek ere eurei aurrea hartzea», esan du Jose Felix Rojas astrofisikari eta EHUko Planeta Zientzien Taldeko kideak. Europako Espazio Agentziarentzat (ESA) lanean ari diren ikasleak ditu Rojasek, eta bere taldea NASArentzat lanean ari da gaur egun. «Propagandaren presiorik gabe, orain aukera dago gauzak hotzean egiteko, bestelako helburu batzuekin», adierazi du.

Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS) gainbehera dago iragartzen ari diren egitasmoen atzetik. Lurraren orbitan dagoen estazioak arazorik gabe iraungo du 2024. urtera arte, baina hortik aurrera, konponketa lanak ikaragarri garestiak izango direla esan du ESAko Ilargia Esploratzeko Bulegoko jarduneko buru Daniel Guyomardek. «Merezi ote duen pentsatzen ari dira».

Nazioarteko Espazio Estazioa oso «negozio txarra» izan dela adierazi du Rojasek. Diru asko kostatu du, balio izan du teknologia berriak erabiltzeko, baina «oso etekin gutxi atera diote». Ilargirako lasterketa amaitu zenean, aire eta espazio industria erraldoia mantentzeko motor gisa sortu zuten. «Ipuin polit bat kontatu ziguten, jende hori lanean mantentzeko, baina sekulako kostuarekin».

Ilargiak, berriz, abantaila handiak lituzke: bidaia luzeagoak egiteko geltokia izan daiteke. Ilargiaren grabitatea Lurrarena baino sei aldiz inguru txikiagoa da, eta askoz energia gutxiago behar da handik gailuak bidaltzeko. Ilargiko poloetako kraterretan ez du inoiz eguzkirik jotzen, eta izotza dago han lurrean sartuta. Atera ahal izanez gero, sekulako abantaila litzateke espaziontzietako erregaia ur horretatik atera ahal izatea, horren pisua Lurretik eraman beharrean.

Horrez gain, eguzki izpirik heltzen ez denez, hotz handia egiten du eta aukera dago han infragorriak ikusten dituzten teleskopioak jartzeko, haiek hozteko gastua aurreztuta. Gainera, ikusten ez dugun aldean irrati-teleskopioak jarriz gero, Ilargiak berak estaliko lizkieke Lurretik ateratzen diren irrati eta telebista uhin guztiak.

Arazoen artean legoke, ordea, lurrikarak gertatzen direla satelitean. «Espazioan halakorik ez dago», esan du Rojasek.

Herrixka bat Ilargian

Udaren hasieran ESAko zuzendari nagusi bihurtu zen Johann-Dietrich Woerner. Ardura hartu eta berehala Ilargian «nazioarteko herrixka» bat eraikitzeko asmoa zuela iragarri zuen, hau da, gizakiak etengabe izango lituzkeen base bat. Woernerrek Ilargirako nahi duena Antartikako baseekin parekatu du Roger Bonnet astrofisikariak: «Zientzia estazio antzeko bat litzateke». Urte luzez ESAko Zientzia Burua izan zen Bonnet, erretreta hartu aurretik.

Errusiarrek ez badute egiten txinatarrek egingo dutela uste du. Eta horiek joaten badira estatubatuarrak ere joango direla. «Ikusiko ditugu gizakiak berriz Ilargian, Marten baino askoz lehenago».

ESAk bideoak eta ordenagailuz eginiko irudiak zabaldu ditu azaltzeko Ilargian eraiki nahi duen basea nolakoa litzatekeen (orri honetako irudi nagusia da horietako bat). Baina Guyomardek esan du animazio digitalak egon arren basea eraikitzeko «plan zehatzik» ez dagoela. Ideia bat besterik ez dela alegia, ESAko zuzendaritzak mahai gainean jarritakoa, horren inguruan beste hainbat herrialde lankidetzan jartzeko asmoz.

Izan ere, Ilargiaren esplorazioak auzolana izan beharko du. ESAk diru muga handiak ditu, nahiz eta Rosetta-Philae egitasmoak arrakasta handiz zunda bat kometa batean jarri. «Mila milioi euro baino gutxiago kostatu zuen misio hark, baina ezinezkoa da diru horrekin base bat egitea Ilargian», azaldu du Guyomardek. «Miliar asko beharko lirateke, eta, gaur, lehentasunak beste nonbait daude Europan. Arazo politikoa da».

Guztiak ados daude: Txina izango da protagonista Ilargiaren esplorazioan datozen urteotan. Baina Txina zertan dabilen ia asmatu egin behar da, ez baitute esaten zeintzuk diren euren asmoak, ez baitute informazio teknikoa zabaltzen. «Halakoak dira. Haiekin hitz egitea aski zaila da», esan du Rojasek. Arazoa AEBetan dagoela uste du, ordea, Guyomardek: «Estatubatuarrek begitan hartuak dituzte txinatarrak, euren hurrengo arerioa izango direlakoan». Errusia eta ESAren abentura horretan Txina sartzeko «lan handia» egin beharko dela esan du Guyomardek.

Gizakia Ilargira eramateko egitasmoa ez duela ulertzen adierazi du AEBetako Aire eta Espazio Museo Nazionaleko zuzendari Roger Launiusek. Argi dago errusiarrek ahalmena dutela gizakiak satelitera eramateko, baina «prest al daude dirutza gastatzeko?», esan du.

«Gerra Hotzeko espazio lasterketa gerra beste bitarteko batzuen bidez» egitea izan zela esan du Launiusek. «Izan gara Ilargian, eta errusiarrak egon dira han, eta ez genuen geure intereseko ezer topatu. Zertarako joan berriz? Ez dut azalpenik entzun».

Launius ez da eszeptikoa egitasmoa Errusiak plazaratu duelako eta bera estatubatuarra delako; AEBek gizakiak Martera bidaltzeari ere ez dio zentzurik ikusten, eta ukatu du ere horretarako egitasmo zehatza dagoela: «Zientzia egiteko, bidali ditugu zundak, robotak. Gizakiak, zergatik, zertarako?». Gizakiekin arazoa honako hau da: bizirik ekarri nahi ditugula gero Lurrera. Horrek izugarri garestitzen du dena. Gailuekin ez zaigu axola, Martera bidali ditugu misio suizidan. Datuak bidaltzen ari dira. «Asko ikasiko genuke Ilargian base bat egiten, bai, baina hori al da baliabideak hobekien erabiltzeko modua?».

Haatik, Ilargira joatearekin «amets» egiten du Bonnetek: «Gaur proposatuz gero, pentsatu gabe joango nintzateke». Azaldu duenez, geofisikari bat joan zen Apollo 17 misioan, eta minutu gutxitan aztertu eta erabaki zuen ontziaren inguruko zorutik zein puska zen interesgarriena. Gizakiek ahalmena dute hori robot edo ordenagailu batek baino askoz azkarrago egiteko. Gaineratu duenez, gastu aldetik ezin dira gaurko egitasmoak Apollo egitasmoarekin parekatu: «Egungo suziriak askoz merkeagoak dira, eta tresnak, kamerak, laborategiak eta abarrak askoz txikiagoak».

Ilargiko basea Martera joan aurretik trebatzeko proposatzen dute Rojasek eta Guyomardek: Izan jendea Ilargian bolada baterako, eta, funtzionatzen badu, orduan egin Martekoa ikasitakoarekin. Ilargira hiru eguneko bidaia da. Martera sei hilabete behar dira. «Atera eta astebetera astronauta batek apendizitisa badu? Harenak egin du, ezin baita atzera egin gaurko teknologiarekin», esan du Rojasek.

Satelitean base iraunkor bat eraikitzen bada, berehala azaleratuko da eremuaren jabegoaren arazoa. Bonnetek uste du nazioarteko itun bat ezinbestekoa dela, Antartikan bezala, Ilargian egin daitekeena mugatzeko, baina pesimista da, AEBek eta Ilargira joateko ahalmena duten herrialdeek ez dutelako sinatu Ilargiaren Ituna. «Bakarrik sinatu dute Ilargira joateko modurik ez dutenek». Hori hondamendia izango litzateke Ilargiarentzat, hango zorua nazioarteko erakunde batek koordinatu gabe zulatuko dutelako.

Etorkizunean gerta daitezkeen gatazka horiek gorabehera, Ilargirako egitasmoetan «oso giro ona» dago ESAkoen eta errusiarren artean, Guyomarden arabera. «Ohituta gaude ESAn, jatorri guztietako jendearekin lan egiten, frantses, espainiar, alemanekin, eta baita euskaldunekin ere». Besteek lan egiteko duten moduak ikusita, egunero konturatzen dira kultur ezberdintasunek aberastu egiten dutela. Era berean, ESAko zientzialariak ez du arazorik ikusten India, Brasil eta espazioaren esplorazioan hasi berri diren beste herrialdeekin lankidetzan aritzeko.

Rojasen arabera, lankidetza dago gaur, lehia gordina baino gehiago. «Antz handiagoa du Pizkundeko esplorazio misio haiekin: ontzi batean hainbat naziotako marinelak elkarrekin». Esan duenez, espazioaren esplorazioak gaur Star Wars-eko taberna ematen du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude