«Elikadurak minbizian eragina izan dezake, baina adina da garrantzitsuena»

Juanma Gallego / 2015-11-22 / 546 hitz

Karrera bukatu zuenetik minbizia desagerrarazteko erronka izan du buruan Arkaitz Carracedo biologoak (Barakaldo, Bizkaia, 1979), eta helburu horretara bideratu zuen bere doktore tesia. Lau urte eman zituen AEB Ameriketako Estatu Batuetan, New Yorkeko eta Bostongo ikerkuntza zentroetan, eta 2010ean Euskal Herrira itzuli zen. Ordutik, CIC Biogune Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroan ari da lanean; prostata minbizia ikertzen duen talde bat zuzentzen du, hamar lagun ingurukoa.

AEBetan egon zara. Oso bestelakoa da han ikerkuntza?

Bai, bada. Ezberdintasunik handiena gaia jorratzeko ikuspuntuan dagoela esango nuke. Minbiziaren inguruko ikerkuntza aurrera eramateko apustua aspaldi egin zen han. 1970eko hamarkadan minbiziaren aurkako gerra aldarrikatu zuen Nixon presidenteak, eta inbertsio handia egin zen horren ondorioz. Arazo estrategikoa da bertan, eta laborategietan egiten den oinarrizko ikerkuntzaren eta ospitaleetan egiten den ikerkuntza klinikoaren artean lotura estuagoa da.

Zer dugu faltan hemen?

Masa kritikoa falta zaigula uste dut. Baina zorionekoak gara orain baliabide onak ditugulako. Orain dela hamar urte inbertsio handia egin zen, Jaurlaritzak bultzatuta. Hala ere, gutxi gara, eta banatuta gaude sarri. Gertutasun gehiago izan beharko genuke ideiak trukatzeko. AEBetan, esaterako, bost edo sei institututako partaideok egunero hitz egiten genuen, kafea hartzen genuen, interakzio handia sortzen zen, eta horrek ideiak sortzea ahalbidetzen zuen.

Elikadura. Zergatik ikergai hori?

Helburua minbizi zelulek nola funtzionatzen duten ulertzea da, dituzten beharrak eta gabeziak. Batez ere, zelulen elikaduran jartzen dugu arreta, baina, orokorrean, gure gorputzaren elikadura ere aztertzen dugu. Metabolismoa da ikerketaren oinarria: nola aldatzen den zelula horien elikadura minbiziaren garapenean zehar, eta tratamenduen ostean.

Zelulak nola elikatzen dira ba?

Minbizi zelula batek eta zelula arrunt batek dituzten helburuak ezberdinak dira. Minbizi zelulak ez dira elikatzen soilik bere funtzioak betetzeko. Mutazioaren ondorioz aldaketa bat izaten da, eta hortik aurrera bere helburu nagusia haztea eta birsortzea izango da. Haurdun dagoen emakume baten organismoak ere antzera jokatzen du.

Zerk sortzen du minbizia?

Gure material genetikoan izaten diren akatsek eragiten dute minbizia. Gure gorputza bere kabuz gai da izan ohi ditugun akats gehienak konpontzeko, baina mutazio horietako batzuk ez dira konpontzen, eta kontrolik gabeko zelula zatiketa sortzen da horrela. Mutazioak probabilistikoak dira, eta, beraz, zoria da faktore garrantzitsuena. Horrez gain, ingurumeneko faktoreak daude, noski. Batetik, gure gorputzak ahultasun genetiko bat izan dezake, arbasoengandik herentzian datorrena. Hortik abiatzen dira orokorrean minbizien %10 edo %15. Baina ingurumenak eragin dezake mutazio probabilitate hori gehitzea. Konposatu kimikoek, adibidez, zelulen funtzionamendua aldaraz dezakete, eta errore tasa handitu. Faktorerik garrantzitsuena, hala ere, adina da: gero eta gehiago bizi, probabilitate gehiago izango dugu horrelako mutazio bat garatzeko.

Beraz, gaitza ez da handitu mundu «kutsatu» batean bizi garelako…

Osasun arloaren garapenarekin, egun ez gara hiltzen lehen ohikoak ziren beste gaixotasunen ondorioz, eta, horregatik, minbiziaren prebalentzia handitzen dela ematen du. Egia da minbizi mota batzuk areagotzen direla ingurumenaren ondorioz, hala nola amiantoak sorrarazitakoak. Baina, adibidez, prostatako minbiziaren kasuan -gizonezkoak gehien jotzen dituen minbizia-, adina da arrisku faktorerik handiena.

Minbiziaren kontrako elikagaiak badirela entzuten da sarritan. Egia al da?

Ez, ez dago elikagai magikorik; ezta guztiz pozoitsurik ere. Elikagai isolatuek ez dute eragin drastikorik minbiziaren sorreran. Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuen inguruan atera duen txostenaren haritik, kontuan izan behar dugu bertan karzinogenesia azaltzen dela, baina elikagai horiek izango duten eragina ez dela erabatekoa izango. Tabakoaren edota alkoholaren parean jarri dira, baina hor lotura maila baino ez da zehazten, ez potentzia. Oro har, ikerketa guztiak zentzu berean doaz: elikadura orekatua izan behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.