«Badirudi jendeak tarte luzeago batez sufritu behar duela erreakzionatu aurretik»

Jon Fernandez / 2015-12-20 / 1.092 hitz

Troika «gaizkile talde bat» delakoan dago, eta baita Rajoy ere, men egiten duen neurrian. PPren gobernuak «herritar ahulenei» kalte egiteko neurriak hartu dituela salatu du ekonomista katalanak. Gizartea lokartuta ikusi arren, geroago bada ere, aldaketa espero du Oliveresek.

«Egia da Rajoyk krisiarekin topo egin zuela, ez zuela berak sortu krisia, baina bere gobernuak eman zitzakeen arazo larrienei aurre egiteko erantzun egokiak». Balorazio pertsonaletan baino gehiago, arrazoietan oinarritu nahi du Arcadi Oliveres ekonomista eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak (Bartzelona, 1945) Mariano Rajoyren gobernuaren jardun ekonomikoa aztertzerakoan, baina sarri saihestezina zaio batetik besterako saltoa. Ahobizar barik egin dio gainbegiratua legealdiari.

Zeintzuk dira Rajoyren orban ekonomikorik ilunenak?

Herritarrentzat bi arazo nagusi daude eta egon dira legealdian: langabezia batetik, eta langabeentzako diru laguntza falta bestetik. Lan ikuspuntutik, ez da sustatu lana egin behar zen bezala. Uste dut konponbidea Europako beste hainbat herrialdetan ikusitakoa dela: lanaldia murriztu, dagoen lana banatu eta enpresa kooperatibak sustatzea, eta etxean zaintza lanetan ari direnei langile kategoria ematea. Horrek guztiak, zalantza barik, langabezia murriztuko luke, eta enplegua sortzeko balioko luke.

Langabezia datuekin paparra aterata ibili da Rajoy. 2011ko abenduan gobernura iritsi zenean baino milioi erdi langabe gutxiago daude, baina, aldi berean, biztanleria aktiboan ere milioi erdi pertsona gutxiago daude.

Horrek erakusten du langabeziak proportzio berberean jarraitzen duela. Eta sortu den enplegua gero eta prekarioagoa da, bai soldatari dagokionez, bai kontratuaren iraupenari dagokionez eta baita baldintzei dagokienez ere. Gai honi begi kritikoekin begiratzen dion edonork daki hemen egoera ez dela hobetu inola ere.

Langabe gehienek ez dute inolako diru saririk jasotzen.

Arazoa konpontzeko behar dena ez da soilik lana ez dutenek lana topatzea, funtsezkoa da baita ere lanik gabe daudenek beharrezko babes soziala izatea. Eta horretan ere gauzak ez daude ondo. Gobernuak dio dirua falta zaiola, eta areago EBk eskatzen dizkion murrizketekin: ez dituzte garatzen pentsioak edo oinarrizko errenta bezalako kontuak. Baina kontuan izan behar den puntu garrantzitsu bat da gobernuak ez duela ezer egin zerga iruzurraren kontra. Dirurik ez badago, diruaren bilketa handitu behar da.

Zergak igo ditu, eta amnistia fiskal bat ere egin du.

Amnistia fiskala egon da, bai, baina kasu askotan iruzurra bilatu ere ez da egiten. Gestha Espainiako Ogasun Ministerioko teknikoen sindikatuak zenbatu du zenbateko iruzur fiskala dagoen: urteko 90.000 milioi eurora irits daiteke. Gobernuak pentsioak pagatzeko erabiltzen duen diruaren %80 da hori. Diru hori bilduz gero, askoz gehiago egin zezakeen gobernuak. Gainera, zerga igoera absurdoak egin ditu, kulturako BEZaren igoerarena bezala, eta ez dira sartu eskandalu bat den gaian: sozietate zerga irabazien %30ekoa bada ere, Ibex35eko enpresek soilik euren irabazien %9 eta %15 artean ordaintzen dute. Dirutza ikaragarria legoke hor biltzeko, baina Rajoyren gobernuak ukitu ere ez du egin.

Lan erreformak eta pentsioenak ere haserrea piztu dute, eta eragin kaltegarriak izan dituzte askorentzat.

Ahulenen bizitzetan dute eragina. Pentsioak %0,25 handitzeak ez du zerikusirik bizitza kostuaren garestitzearekin; ahulenak itotzen ditu. Lan erreforman ere kaleratzea merkatu dute, eta kontratuak prekarizatu dituzte. Oso kaltegarriak dira bi erreformak.

Hala ere, badirudi jendea anestesiatuta dagoela. Erreforma iristen denean egiten dira protestak, baina denbora pasatu ahala baretu egiten da erantzuna, ia isiltzeraino. Gizartea hain manipulagarria al da?

Jendea erabat nahasita dago, ia ezer pentsatzeko borondate barik. Nik ulertzen dut jendea nekatu egiten dela eta sofan eseri eta telebistan jartzen diotenari begiratzen diola. Baina jartzen diotena tontotze erabateko, kolektibo eta etengabea da, dela futbolaren bidez dela Tele5ren bidez. Orain, jendea gailu elektronikoen bidez informatzen da, baina desinformazio handia dago.

Grezian eta Portugalen egon dira aldaketak gobernuetan. Espainian, aldiz, inkestek PPri ematen diote berriz garaipena.

Alde batetik, gizartearen pasibotasuna dago; bestetik, krisia gogor pairatu duen jendea baina agian dagoeneko behar adina indarrik ez daukana kontra egiteko. Badaude ahalegin batzuk: hor egon da M-15 bezalako mugimendu bat protesta egiteko, baina korrontea ez da orokortu. Uste dut jendeak, pasibotasunez, okertuta, manipulatuta, Rajoyrengan sinesten duela oraindik. Baina uste dut azkenean gauzak aldatu egingo direla, egoera jasangaitz batera iritsiko garelako ekonomia eta, batez ere, ingurumen arloan. Baina badirudi oraindik tarte luzeago batez sufritu behar duela jendeak erreakzionatu aurretik, pena bat izan arren.

Erabaki ekonomiko gogorrenetako bat bankaren erreskatearena izan da. Zer suposatu du?

Herritarren kontrako lapurreta bat da, ez besterik. Ez dago zertan bankuak erreskatatu. Espainiako Bankuak bermatzen du bezeroen dirua 100.000 eurora arte. Beraz, berme funtsak erreskata ditzala arazoak dituen bezeroak, baina ez bankuak; haien erantzuleek oraindik ez dute epaitegirik zapaldu. Azken batean, gobernuan zeudenak eta bankuak zuzentzen ari direnak berberak dira: horren prototipoa da Rodrigo Rato, gobernutik bankara igaro dena Nazioarteko Diru Funtsetik pasatuta. Itsuskeria gorena da. Ez da harritzekoa, beraz, bankuek laguntza publikoetan lehentasuna izatea gero baldintzarik bete behar izan gabe. Gainera, erreskatatu dituztenean kredituen iturria itxi dute, eta enpresa txiki eta ertain askori kalte egin.

Erabakiak Madrildik bainoago Alemaniatik datozela esaten da sarri. Ez al da Madrilen erantzukizuna arintzeko modu bat?

Erantzukizunak banatuta daude. Ez dakit Alemaniatik datozen erabakiak ala troikatik. Barkatu esateko modua, baina troika gaizkile talde bat da. Jean-Claude Junckerrek paradisu fiskal bihurtu zuen Luxenburgo, Mario Draghi orain EBZko burua da, baina lehen Goldman Sachs banku arduragabean irabazten zuen soldata, eta Christine Lagarde ere prozesatua izan da finantza delituengatik Frantzian. Politika ekonomikoa markatzen ari den jende hau gaizkile talde bat da, hizki guztiekin.

Zer erantzukizun du orduan Madrilgo gobernuak?

Rajoyk men egiten badio gaizkile talde horri, bera ere gaizkile bihurtzen da. Ez naiz konplot teorien zalea, baina agian troikaren atzean Bilderbergeko taldea egon daiteke aginduak ematen. Erantzukizunak banatuta egon arren, badago gauzak beste era batera egiteko tarte txiki bat: Portugalen aldaketa dator, Grezian ahalegindu dira, Italian ez daude Espainian bezain eskuinean. Baina Rajoyk ez ditu herritarrak ordezkatzen, herritar pribilegiatu talde txiki baten interesak baizik.

Espainiaren BPGa aurten %3,2 inguru haztea sal daiteke garaipen ekonomikotzat?

Zer mundutan gaude hazkunde ekonomikoa ontzat jotzen bada, hazkundeak planeta desegin eta ondorengo belaunaldiei bizimodu txarragoa uzten badie? Gainera, hazkundea ez da berdina denontzat: ekonomista askok frogatu dute hazkundeak ez duela ezer adierazten; hasteko, ez duelako ekonomia ondo neurtzen; fluxuak neurtzen ditu, eta ez stock-a. Baina, batez ere, ez du neurtzen errentaren banaketa. Eduki dezakezu BPG handiagoa, baina oso txarto banatuta.

Dagoeneko arrisku sariaz berbarik ere ez dela egiten ere nabarmendu du Rajoyk.

Garrantzitsuena da arrisku saria kalifikazio agentzia pribatuek ezartzen dutela: Standard&Poors, Fitch eta Moodysek. Enpresa filial espekulatzaileen interesen arabera egiten dituzte kalifikazioak. Ez ahaztu enpresa horien akziodun nagusia Warren Buffett amerikar jauntxo nazkagarria dela; gainera, esan zuen klase borroka eurak ari direla irabazten; horrek erakusten du ze jendilaje mota den. Nik ez nioke inolako jaramonik egingo kalifikazio agentziek diotenari. Madrilek herria sakrifikatzeko plan bat izan badu, eta datu makroekonomiko batzuk aldatzea lortu badu, ez da harritzekoa kalifikazioak aldatzea. Ez nioke kasurik egingo arrisku sariari, nahiz eta ezin ditugun begiak itxi, horrek zehazten duelako gobernuak zenbat gastatu behar duen zorra pagatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.