Birziklapenean, Europa atzeraka

Jon Rejado / 2015-12-02 / 718 hitz

Europako Batzordeak atzera egin du. Hondakinen birziklatzea eta berrerabiltzea handitzeko zenbait proposamen landu zituen 2014an. Ordea, iazkoaren bertsio lauso bat eztabaidatuko eta bozkatuko dute gaur. Besteak beste, hondakin organikoa sailka biltzeko derrigortasun data kendu du. Halaber, hainbat helburu apaldu ditu; batzuetan 2008an zehaztutako helburuak ere lausotu ditu.

Frans Timmermans eta Jyrki Katainene Europako Batzordeko presidenteordeek aurkeztuko dute gaur ekonomia zirkularraren aldeko EBko ekintza plana. Plan horrekin batera, gaiari dagozkion hainbat araudi aldatzeko proposamena aurkeztuko dute: produkzio irizpideak, konponketak errazteko objektuen diseinua, lehengaien erabilera… Baita hondakinen kudeaketa ere. Ordea, hondakinen kudeaketarako proposamenaren anbizioa apaldu egin da.

ZEIN DA AURREKARIA?

Egun indarrean dagoen araudia 2008an onartu zuen Europako Batzordeak. 2008ko testuak zenbait helburu eta muga zehaztu zituen. Besteak beste, Europako Batasuneko estatuek 2020. urterako udal hondakinen %50 berrerabili beharko zutela zehaztu zuen orduko zuzentarauak. Neurriak ebaluatzeko epea ere zehaztu zuen: 2014ko abenduaren 31. Are gehiago, ebaluazioaren emaitzen arabera helburuak indartu edota beste hondakinentzako helburuak ere zehazteko aukera ematen zuen.

Jose Manuel Durao Barrosoren agintaldia amaitzear zegoela, 2014ko uztailean, aurkeztu zuen ebaluazioa, eta 2008ko araudiaren helburuak eta epeak gaurkotu zituen. Zenbait epe argi markatu zituen. Proposamena aurkeztu arren, zuzentaraua onartu gabe amaitu zen Durao Barrosoren agintaldia. Jean-Claude Juncker buru duen taldeak, berriz, ez du lehentasunen artean izan 2014ko proposamena onartzea.

«Burokrazia gutxitzeko» egitasmoa baliatu zuen zenbait araudi aldaketa gelditzeko; tartean, hondakinei buruzkoa. Orain, Ekonomia Zirkularraren Aldeko EBko Ekintza Plana baliatuko du 2014ko proposamenaren bertsio moldatua aurkezteko.

ZEIN DA ABIAPUNTUA?

Europako Batzordeak 2013ko datuak baliatu ditu oinarri gisa. Urte horretan Europako Batasuneko herrialdeek 2,5 bilioi tona hondakin sortu zituzten, eta, horietatik 1,6 bilioi ez zituzten ez berrerabili, ez birziklatu. Udal hondakinei dagokienez, %43 baino ez zuten birziklatu. Birziklatu ez zenaren %54,3 zabortegietara bota zuten, eta %45,7 erraustegietan baliatu zuten erregai gisa. 2011. urteko datuekin alderatuta, errausteak gora egin du birziklatu ez diren udal hondakinen kasuan; orduan, birziklatzen ez zenaren %38 errausten zen, eta %62, zabortegietara bidali.

Datu orokorrak alde batera utzita, Europako Batzordeak txostenean zehazten du herrialdeen artean alde handiak daudela, eta, nolabait, iradokitzen du helburuak betetzeko erritmo ezberdinak ere egon beharko liratekeela hondakinen kudeaketan.

ZER LEHENTASUN DU EUROPAKO BATZORDEAK?

Ekonomia zirkularrerako planean bost lehentasun ezarri ditu: plastikoen ezaugarriak egokitzea, lehengai kritikoak, eraitsitako eraikinen hondakinen kudeaketa, biomasa, eta janari hondakinak prebenitzea. Azken puntu horri buruzko hainbat neurri txertatuko dituzte hondakinen kudeaketarako zuzentarauan. Edonola ere, ekarpen horiek indarra galdu dute 2014ko proposamenaren aldean.

Europako Batzordeak derrigortasun epe guztiak kendu ditu lehentasunezkotzat jotzen duen gai horretan. Europako Batasuneko herrialde guztiek janari hondakinak %30 edo gehiago urritu behar zituzten 2017 hasieratik 2025 amaierara arte. Gaur aurkeztuko duten araudi aldaketak ez da halako eperik zehaztu; estatuek janari hondakinak urritzeko neurriak abiarazi beharko dituztela zehazten du. Besterik ez.

HONDAKIN ORGANIKOA BEREIZI BEHARKO DA?

Estatuen esku utziko du erabaki hori. Zenbait irizpide ere ematen ditu erabaki hori hartu ahal izateko: teknikoki, ekonomikoki eta ingurumen ikuspuntutik egingarria denean organikoa bereizita biltzea; konposta egiteko «kalitate irizpideak» bermatzea… 2014ko testuarekiko aldaketa adierazgarria da hori; Durao Barrosoren taldeak 2025. urterako hondakin organikoa bereizita biltzea proposatu zuen. Horren helburua argia zen: «Bildutako hondakinen kutsadura murriztea».

Gaikako zabor bilketari derrigorrezko epea kentzearen eskutik beste zenbait aldaketa egin ditu Europako Batzordeak. Besteak beste, gai bat birziklatutzat hartzeko %10 arteko ezpurutasuna izan ahalko du. 2014ko proposamenean gehienezko ezpurutasuna %2 zen.

HELBURUAK BERBERAK DIRA HERRIALDE GUZTIENTZAT?

Helburu gehienak komunak dira, baita derrigorrezko zenbat epe ere. Ordea, udal hondakinen alorrean herrialdeen arteko aldeak markatu dituzte; are gehiago, zenbait herrialderi 2008an ezarri zizkioten helburuak ere apaldu dituzte. Jatorrizko testu horretan herrialde guztiek udal hondakinen %50 berrerabili edo birziklatu behar zituzten 2020. urterako. 2014ko proposamenean helburua handitu zuten, nabarmen: 2030. urterako udal hondakinen %70 berrerabili edo birziklatu behar zituzten herrialde guztiek. Azken proposamenean, ordea, aurreko irizpideak aldatu dituzte.

Gaur aurkeztuko duten lege multzoan herrialde gehienei udal hondakinen %65 berrerabili edo birziklatzeko helburua ezarri diete. Ordea, Estonia, Grezia, Kroazia, Letonia, Malta, Errumania eta Eslovakiari udal hondakinen kudeaketan atzeratuen daudenei helburu apalagoak proposatu dizkiete: 2030. urterako %60, eta, bitarteko pauso gisa, %50 2025. urterako. Hots, 2008an jarritako helburua betetzeko bost urte gehiago izango dituzte herrialde horiek.

Horrez gain, zabortegietara bidali ahalko diren udal hondakinen kopurua ere handitu du Europako Batzordeak azken proposamenean. Araudi berriarekin hondakinen %10 bota ahalko dira, gehienez, zabortegietan. Iazko proposamenean, gehienezko kopurua %5 zen.

Azkenik, herrialdeek helburuen betearazpen mailaren berri eman beharko dute, urtero. Hemezortzi hilabete izango dituzte datuak emateko; iazko proposamenean hamabi hilabete ziren.

ZER BIDE DU ARAUDIAK?

Europako Batzordearen proposamena estatuei jakinaraziko diete, eta Europako Parlamentura bidaliko dute eztabaidatzeko. Hortik aurrera zuzenketak aurkezteko tartea izango dute taldeek, araudia indarrean sartu aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude