«Helduek ez dute ideiarik gaztetxoek zer ikusten duten»

Urtzi Urkizu / 2015-12-10 / 467 hitz

Idazlea eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea da Katixa Agirre (Gasteiz, 1981). Atzerriko hainbat unibertsitatetan ibili da ikerlari gisa, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ari da lanean.

Youtube atarian bisita gehien dituzten bideoetan sexismoa agerikoa da. Zeren erakusle da?

Sexismoa gure kulturaren espresio guztietan dago. Hain da ohikoa, oharkabean pasatzen zaigula. Youtuberen kasuan, youtuberren mundua ez da helduengana iristen, bakartuta gelditu da, eta helduok ez dakigu hor zertan ari diren gaztetxoak. Atea zabaldu behar dugu jakiteko zer gertatzen ari den.

Ikus-entzunezko lan zabalduenetan dagoen sexismoak zer eragin du gazteengan?

Medioen eta gure arteko harremana ez da norabide bakarrekoa. Harremana zirkularra da. Edukiak sexistak dira, gizartea ere sexista delako, jende askoren eskema mentaletan sexismoa nagusi delako, eta medioak eta edukiak horren isla dira. Ez alderantziz. Ezin da bakarrik esan ikus-entzunezko edukiek eragina dutela, arazoa konplexuagoa da.

Nerabeen artean sakelakoen eta sare sozialen bidez partekatzen dituzten mezuak atzerakoiak al dira?

Joera dugu pentsatzeko antzinako garaiak hobeak zirela, baina ez dut uste hala denik. Feminismoak populartasuna galdu du gazte askoren artean, eta ez dute feminismoaz ezer jakin nahi. Atzera pauso bat bada hor. Feminismoak bere burua berrasmatu beharko luke, belaunaldi berrientzat ere baliagarria izateko.

Durangoko Azokan bi egunez tailerrak eman zenituen, aurrenekoan DBHko ikasleekin. Zer moduz joan zen hartu-emana?

Beldurrez joan nintzen, ez bainago ohituta halakoetara, eta gaizki hitz egiten baita DBHko ikasleen inguruan. Baina gazte jende jatorra topatu nuen, interesarekin jarraitu zuten esandako guztia, eta ekarpenak egin zituzten. Haien iritzia ezagutu beharrekoa da. Jakin behar da guretzat kaka izan daitekeena zergatik den haientzat erakargarria. Mezuak ez dira zuriak edo beltzak, gris asko daude, eta nerabeak ere kapaz dira horiek ikusteko.

Gaztetxoek modu kritikoan ikusten al dituzte edukiak?

Gazte zein heldu, gehienok ez ditugu ikus-entzunezko edukiak modu kritikoan ikusten. Arazo orokorra da. Denok uste dugu ondo ezagutzen ditugula ikus-entzunezkoak, baina ez gara konturatzen zer balio manipulatzaile izan dezaketen. Beste arazo bat da askotan ez ditugula serio hartzen, edukia zerbait banala dela diogu, eta horrek eragiten du gure defentsa kritikoak jaistea. Gazteentzat eta helduentzat balio du.

Publiko zabalarentzat izan zenuen saioan zer zalantza zituen jendeak?

Erreferentziei dagokienez, alde handia nabaritu nuen. Helduek ez zuten ideiarik gazteek ikusten dituzten edukien inguruan. Belaunaldien arteko hutsunea dago.

Hezkuntz sisteman badago lana egiteko, baina ezin da ardura guztia irakasleengan utzi, ezta?

Ez. Familiaren kontua da hau. Gaztetxoak edozein ordutan daude edukiak ikusten haien pantaila pribatuetan. Gurasoak arduratu behar dira jakiten seme-alabei zer gustatzen zaien, eta zergatik gustatzen zaien. Kuriositate sano bat beharko luke izan.

Komunikabideek zer rol jokatu behar dute ikus-entzunezkoen sexismoaren gaian?

Sexismoa betikotzen da komunikabideetan, haien egitura bera sexista delako. Goiko postuetan gizonezkoak dira nagusi, eta hori aldatu beharko litzateke. Bestetik, audientziaren arabera jokatzen dute. Audientzia kritiko bat balego, bere eskubideak erreklamatzen dituena eta gauzak exijitzen dituena, horrek eragina izango luke. Guk audientzia moduan dugun botereaz hausnartu beharko genuke, kritikoak izan, eta exijitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.