Edukiak sailkatzeko lagun berriak

Urtzi Urkizu / 2016-01-10 / 347 hitz

Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainian emititzen duten telebista operadoreek epe laburrean ikus-entzunezko edukien sailkapen berri bat izango dute, bideo jokoetan erabiltzen diren piktogrametan oinarrituta. Hala iragarri du egunotan CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak. Adinaren araberako sailkapen sinboloa laguntzeko erabiliko dituzte piktogramak.

Esate baterako, beldurra adierazteko armiarma zuri baten piktograma agertuko da pantailan. Eta indarkeria adierazteko ukabil itxi bat, hondo beltz baten gainean. Adinen araberako sailkapenak, bestalde, zazpi kategoria hauetan egingo dituzte: 1-Haurrentzat bereziki gomendatutako edukia. 2-Publiko guztientzat. 3-Ez da gomendatzen 7 urtetik beherakoentzat. 4-Ez da gomendatzen 12 urtetik beherakoentzat. 5-Ez da gomendatzen 16 urtetik beherakoentzat. 6-Ez da gomendatzen 18 urtetik beherakoentzat. 7-X edukiak. Modu horretan, aipatutako batzordeak autoregulazio kodeak jasotzen duen adin sailkapenari jarraituko dio.

Batzordeko zuzendariorde Julia Lopezek uste du pauso «handi bat» emango dela, gurasoen kontrola eraginkorra izan dadin. «Gure asmoa ez da isunak jartzen ibiltzea, baizik eta hedabideak kontzientziatzea eta konbentzitzea adingabeak babestearen garrantziaz, eta kalitatezko edukiak ematea, negozio on bat izan daitekeela».

OCTA Espainiako telebista eta ikus-entzunezko edukien behatokiko bozeramaile Valenti Gomez i Oliverrek esan du «oso ondo» dagoela saioei piktogramak jartzea. Gurasoentzat piktogramak lagungarri direla iruditzen zaio: «Baina ez dute dena konpontzen, oinarrizko arazoa herren gelditzen baita. Egokiena litzateke erakunde bat egotea, Espainiako ikus-entzunezkoen kontseilu bat, saioen edukien inguruan eztabaidatzeko».

Haren iritziz, aztertu behar da saioek jarraitzen dituzten BBCk aspaldian finkatutako telebistaren oinarrizko arauak, hau da, telebistak formatu, hezi eta entretenitu egin behar duela. Gaur egun pantailak «infinitoak» direla ere aztertu behar dela ohartarazi du. Behatokiari ondo iruditzen zaio piktogramen erabilera, baina urteak dira ikus-entzunezko kontseilu bat eskatzen ari dena.

Ikus-entzunezko kontseilu bat izateak epaile «inpartzial» bat edukitzea ekarriko lukeela nabarmendu du Gomez i Oliverrek. «Pantailek garrantzi handia dute alor pedagogikoan, eta edozein herrialde aurreratuk erakunde bat behar du aldaketak arautzeko». Nabarmendu du Kanadan eta Australian 50 urte direla lan horretan ari direla, baita Europako hainbat herrialdetan ere.

Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak isunak jartzen dizkie maiz kate pribatuei haurrentzat babestutako ordutegia urratzegatik. Ordea, Gomez i Oliverren arabera, ordutegi hori «guztiz babesik gabe» dago. «Ekoizpen etxeek aurrekontuetan sartzen dituzte isunak. Ez dago inolako kontrolik, ezta edukien inguruan eztabaidatzeko aukerarik ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.