Fermin Muguruza: «Orain nire erritmoa daramat, ohikoa den musika bidetik askoz harago doana»

Ander Perez / 2016-02-28 / 1.735 hitz

‘Musika etiketa’ mugatua da Fermin Muguruzaren ibilbide eta jarduna osorik harrapatzeko. Diziplinatik diziplinarako jauzian dabil, etengabeko berrikuntzan. Musikaren ohiko eskematik «ihes» egin du: «Saiatzen naiz nire agenda nik neuk idazten».

New Orleansko kutsua hartuta itzuli zen Euskal Herrira Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963), han Nola? dokumentala eta Irun Meets New Orleans diskoa ondu ostean. Dioenez, lan horretan islatu da une honetan darion «bizipoza». Baikor mintzo da euskal musika eszenaz, eta hura dokumentatzearen alde ageri da, hurrengo belaunaldiei transmititzeko. Horretan datza, hain zuzen ere, dokumentalgintzaren indarra. Arlo horretan dabil azkenaldian, buru-belarri.

2008an kaleratu zenuen estudioko azken diskoa. Ordutik, gauza asko egin bai, baina kantu berridun diskorik ez duzu atera. Zergatik?

2008an, Asthmatic Lion Sound Systema argitaratu nuenean, aldi berean Checkpoint Rock aurkezten ari nintzen, eta, hortik aurrera, nire bizitzak aldaketa izugarria eman zuen. Al Jazeerako jendeak hamaika dokumental egiteko kontratatu ninduen, eta bi urtez ibili nintzen horretan. Azkeneko hamar urteetan, nire bizitza askoz zentratuago egon da dokumentalgintzan. Oso lan emankorra izan da. Zuloak egin nuen gero, eta ondoren No more tour bira. Eta orain, New Orleansekoa. Egin ditut kantu solte batzuk ere, eta idatzi ditut hitzak beste talde batzuentzat. Soinu banda ere egin genuen Las brujas de Zugarramurdi filmerako, eta Black is beltza ere egin nuen… Estudioko lanik ez dut egin ez nagoelako zentratuta musikak behartzen zaituen ibilbide horretan lan egiteko. Alegia, disko bat, aurkezpena, zuzenekoak… Nik hortik alde egin nuen, eta orain nire erritmoa daramat, ohikoa den bide horretatik askoz harago doana. Nire kabuz, nahi dudana egiten. Saiatzen naiz nire agenda nik neuk idazten, eta ez beste edonork.

2008 hartan, hain justu, hasia zinen begirada kameretan jartzen. Ordukoa da zure esan hau: «Etorkizunean musika ikusi egingo da». Asmatu al duzu?

Uste dut gauza gutxitan asmatu dudala horrelako profezia kaskarrak egin ditudanean, baina esango nuke horretan asmatu nuela. Ez zen dokumentalgintza bakarrik —ordurako sekulako indarra hartzen hasia zena, prozesua nolakoa zen ere jakin nahi genuelako—, baizik eta kantu bakoitza ere ikusi egiten dugula. Belaunaldi berriek, eta nik neuk, askotan kanal jakin batera jotzen dugu, Youtubera, eta han bilatzen ditugu kantak, nahiz eta bideoa ez ikusi. Askok oraindik asko gozatzen dugu kaleko musikaren kalitatearekin, bere potolotasunarekin, bere zikinkeriarekin, bere grano edo lohiarekin, baina bilakaera bat izan da, bere garaian diskotik CDra bilakaera izan zen bezala, nahiz eta digitalerako aldaketa horretan asko galdu, behintzat musika soinu baten zale garenok. Beraz, bai, hala esan nuen, eta bistan da hala dela.

Zer ikuspegi edo tresna berri eman dizu zinemak, musikari heltzeko garaian?

32 urte pasatu dira musikaren munduan hasi nintzenetik. Azken urteetan zinemagintzan egon naiz sartuta musikaren sorkuntzan bainoago, nahiz eta dokumentalgintzan jorratu dudan esparrua musikarena izan, hori delako ongi menperatzen dudana. Baina oraindik asko dut ikasteko; ikusi eta ikasi lelo famatu hura aurrera eramaten dut, bizitza formakuntza besterik ez baita, etengabekoa. Baina ohartu bazara, Kortatuk hasieratik, eta baita Eskorbutok, Hertzainak-ek eta halako taldeek ere, bideoak egiten genituen, nahi genuelako irudien bidez beste gauza batzuk adierazi. Ikus-entzunezko osagaiak sekulako indarra du, etengabekoa. Ez dugu ezer egiten ez badago bideo bidez dokumentatua. Orain dela hamabost urte, Negu Gorriak-en azkeneko kontzertua eman genuenean, dena grabatu genuen. Ez bakarrik kontzertu bat zelako, baizik eta sekulako ospakizuna zelako, eta une historiko hori grabatua izatea garrantzitsua zelako. Dokumentalgintza horrela ulertzen dut nik: interesgarria da ikustea zer testuingurutan mugitzen garen, baina batez ere datozen belaunaldiei eskaintzea herri honetan zer gauza egin diren. Jakiteko, azken finean, nola izan ginen, nolakoak garen, eta nolakoak izan gaitezkeen etorkizunean.

Guerra antzezlanean ere buru-belarri ibili zara azkenaldian. Diziplina berri bat zuretzat.

Hori zen urrunen ikusten nuena. Eskaini izan didate film edo antzerkiren batean rol txiki batzuk egitea, baina sekulako distantziarekin ikusi izan dut beti hori, eta beti ezetza eman izan diot. Kasu honetan, ordea, ezberdin ikusi nuen. Hasieran, Albert Plak deitu zidanean, zoratuta zegoela esan nion, baina gero bidali zidan proiektuaren gidoia eta mapping bat, non ni birtualki azaltzen nintzen berarekin. Horrekin oso txundituta geratu nintzen. Eta pentsatu nuen: «Esfortzu bat egin beharko dut nire 52 urte hauekin, eta eutsi beharko diot erroka honi».

Eta merezi izan du?

Bai. Lehen hilabetea oso gogorra izan zen, entseguak oso gogorrak zirelako, eta medioa ez nuelako batere menperatzen. Baina eskerrak baietz esan nuela.

Garaian garaiko joeretara egokitu eta horiek zurera ekartzea izan duzu bereizgarri. Euskal musikaren panoramak ere, oro har, egin ahal du garai berrietara egokitzeko lanik?

Euskal musikaren loraldirik izugarriena 90eko hamarkadan izan zen, hain zuzen ere, Esan Ozenki iparrorratz zela. Alegia, ez zen euskal musika bakarrik, baizik eta hor zegoela diskoetxe bat, Negu Gorriak-ekin identifikatua. Esan Ozenki-k eta Negu Gorriak-ek lortu zuten dena leherraraztea, eta sortu ziren gauzak, testuinguru sozial eta politiko baten inguruan. Gaur egun ikusten ditugun adierazpen nabarmenenak hortik abiatu ziren, Lisabö, Anari, Berri Txarrak — Berri Txarrak ez zegoen hor, baina hor dago orain Galder Izagirre—, Dut, JP Lohian… Horrenbeste gauza egon ziren hor… Orain, 2016an, sekulako musika eszena dugu berriz Euskal Herrian, hortik datorren jende askorekin. Diskoetxeei dagokienez, Bidehutsen adibidea dugu, Esan Ozenki-n zebilen zenbait jende eta espiritu horrekin.

Bada esaten duenik orain 30 urteko musika bera entzuten dela tabernetan oraindik ere. RRV hura ondare ez ezik zama ere bihurtu ez ote den, alegia.

Normala da revival-ak gutxi gorabehera 20 urte geroago etortzea; tira, hemen 30 urte geroago dugu. Baina 90eko hamarkadan, adibidez, ez zen inolako zamarik izan. Bai, tira, txantxak izaten ziren; uste dut Joseba Poncek behin txosna batean idatzi zuela «Ta zer ez da berdin? 85, 95, 2005…», esanez bezala txosnetan musika bera entzuten zela beti. Baina ez zen oztoporik izan une horretan ateratzen ari ziren talde guztiek bere protagonismoa izan zezaten. Iruditzen zait orain sekulako eszena musikala dagoela, baina talde gazteen falta sumatzen dut. Ni Kortatun 20 urterekin hasi nintzen, eta Iñigok 18 zeuzkan. Horrelako talde gazteak behar dira, diskurtso propioekin…Hor dugu ere Belako, nahiz eta euskaraz osorik ez abestu euskarazko kuota daukana. Tira, garai horietako kantak gogoraraztea oso gauza normala dela iruditzen zait; mundu guztian izaten dira halako revival-ak. Beste gauza bat da programatzaileek erosotasunera jotzea. Hori askotan ikusi izan dugu.

Zertan?

Betikoa programatzen saiatzean. Zenbaitetan ausardiaz jokatu izan da programatzerakoan, baina beste batzuetan, oso era kontserbadorean. Niri deitzen badidate jai batera joateko eta esaten badidate ea jo dezakedan duela ez dakit zenbateko kanta bat, esaten dut: «Nik ia atzo arte sortu ditut kantak, eta talde berriak daude orain; gonbidatu itzazue haiek». Inongo garraztasunik gabe esaten dut. Badugu beste adibide bat ere, EHZ. Bizi osoa daramat programatze lanetan laguntzen, eta iruditzen zait ausardiaz jokatzen dutela, talde berriak ekarriz, kanpotik. Apustu latza da hori, babeslerik gabeko festibal bat XXI. mendean. EHZk boluntarioak, merkantilismoaren kontrako edukiak, auzolana ditu. Konturatu beharko ginateke zer dugun hor, eta joan beharko ginateke hara sostengatzera.

Garai bateko musika horrek, edonola ere, pisu nabarmena izan zuen identitate kolektiboen eraikuntzan. Ereserkiak dira orduko kantu asko. Gaurko musikak sortzen al du halakorik?

Nik badut adibide grafiko bat: Angela Davisen omenez egin berri dugun kontzertua. Hor atera zen Anari, eta jo zituen bi kantu, bat garai batekoa eta bestea azken diskokoa: biak izan ziren ereserkiak. Jendeak indarrez abestu zuen, emozioz. Adibide oso potentea da ikusteko nola garen gai estilo oso ezberdinak jorratzen ditugun musikariak elkartu eta zerbait komuna sortzeko, eta emozioa mantentzeko segundo bakoitzean. Gero Mursego atera zen, inprobisatzen. Ereserkiak? Zertarako ereserkiak baldin badugu Mursego inprobisatzen, eta denak harekin txoratzen? Antzokiko kontzertua bukatu zenean, Angelak berak adierazi zigun bere hunkipena. Aipatu zigun Nina Simoneren kantu bat, «gustatuko litzaidake jakitea zer sentitzen den libre izatean» zioen hura. Eta esan zuen berak sentitu zuela hori. Denok sentitu genuen.

Nonbait esan izan duzu kronistak falta dituela euskal musikak. Garai honetaz mintzo diren kantuak, alegia.

Kronistak baino gehiago, uste dut diskurtso musikal propioak behar direla. Uste dut horregatik bulkatu dugula hainbeste Belako, nahiz eta ez izan diskurtso erabat berria. Baina haiek nortasuna erantsi diote, izugarria. Eta ez hori bakarrik: erantsi diote beren gaztetasuna, ondo pasatzeko gogoa, eta hori kutsatzen da. Hori ere bada kronika bat. Kronika bat orain, borroka armatua bukatu baina oraindik konpondu beharreko arazo asko daudenean, lehenengoa preso eta errefuxiatuena. Eta talde horiek une honetan sentitzen dutena adierazten dute. Iosu Ximunek, Belakokoak, sinatu zuen Free Otegi free them all manifestua. Ez da bakarrik musika nola adierazi, baizik eta egiten duzun gauza guztietan ere zer adierazten duzun.

Asthmatic Lion diskoko kantuak ilunak zirela esan zenuen behin, garaia ere (2008) iluna zelako. Zer-nolako kantuak egingo zenituzke gaur egun?

2008an egin nuen niretzat kanturik gogokoenen artean dagoena, Balazalak. Kanta iluna da, tristea. Gaur egun, ordea, New Orleanseko kutsua hartu dut, eta ospatu egiten dut berriro bizitza eta heriotza. Hartu dut Etxerat!-en moduko kantu bat, hemen beti izan duena presoen etxeratzearen kutsua. Beste giro bat eman diot han, jai eta brass band girokoa: etxean nahi ditugu denak, eta begira nola ospatzen dugun! Ez da Ari du hotza, ez da nik preso eta iheslarien inguruan egin ditudan kantu ilunetako bat. Nire bizipoza islatu da. Nahiz eta, era berean, hor dauden Guerra-rako gaztelaniaz egindako kantuak, oso gogorrak. Hor daude nire bi aldeak, batzuetan amodioarekin, besteetan gorrotoarekin. Alde batetik New Orleans, eta, bestetik, gerra.

Belztasunaren aldarriak pisua hartu du azkenaldian. Hor daude Iruñeko Nola? eta Atlantiko Beltza mugimendua ere…

Konexio zuzena daukat Iruñeko Nola?-rekin. Katakrak eta lehengo Hormiga Atomicako inguruarekin lotura ideologiko musikala izan dut, elkarrekiko miresmena. Musika beltza komunitatearekin dago lotua; komunitateari eskaintzen dio komunitateak ematen diona. Hor badago funtzio sozial bat, musikak bete behar duena. Alde horretatik, mestizajea garrantzitsua da. Gertatzen ari denarekin erne egotea da mestizajea, jakitea eraginak jasotzen, eta zure egiten. Lotura edo zirkulu horiek guztiak, nola joaten naizen horiek irekiz eta itxiz, hori da egiten dudanaren gauzarik interesgarriena, eta horregatik bilatzen ditut beti erreferentziak.

Beltzagoa behar luke euskal musikak? Badu musika beltzetik zer ikasia?

Gauza guztietatik dugu zer ikasia. New Orleansen miseriak ikusi nituen, baina ikusi nuen harrotasun kolektibo bat ere, eta horrek ematen dit indarra. Baina auzolanaren gauza hori guk ere badugu, komunitatearen ideia. Gauza horiek oso indartsuak dira Euskal Herrian. New Orleansekoek istorioak kontatzeko eskatzen zidaten. Esaten zidaten: «Kanta hau badakigu, partitura ikasi dugu, badakigu jotzen; orain beste zerbait nahi diogu gehitu, kantu honek merezi duen emozioa, eta horretarako ulertu nahi dugu». Ni, orduan, hitz egiten hasten nintzen, hemen bizi izan duguna eta bizi duguna kontatzen. Bi norabideko errepidea da hau. Nik ikasi dut haiengandik, eta haiek niregandik. Eta, halako batean, Ben Jaffek esan zidan: «Orain prest gaude kantu hau jotzeko». Eta kantu ezberdina zen.

Aurrez egindako kantak New Orleansera eraman eta hango musikariekin grabatu dituzu. Zer irabazi dute?

Niri, entzuten dudanean, zerbait esaten didate. Zer den hori? Momentu honetan bizitzarekiko sentitzen dudan lotura, borroka egiteko sentitzen dudan gogoa, dantza egin eta abesteko gogoa, eta horren bidez sentitzen dudan askatasuna. Hamaika gauza. Nik hori irabazi dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude