Mundu bat sakelakoei begira

Iker Tubia / 2016-02-26 / 840 hitz

Fokuak Bartzelonari so paratu ditu sakelako telefonoen industriak aste honetan. Edo flashak. Han izan da MWC sakelakoen nazioarteko kongresua. Astelehenean hasi, eta atzora arte, hamaika gailu aurkeztu dituzte. Sakelako modularrak, eSim txartel berriak, argazki kamera hobeak… Bidea argitzea izan dute helburu.

Euskaldun batzuk ere han izan dira. Besteak beste, Telmo Sexmilo, Wattioko arduradunetako bat. «Gure sektoreko jende guztia biltzen da lau egunetan, eta aukera ona da egun gutxitan jende pila batekin bilerak egiteko, eta gure produktuak ezagutzen ez gaituztenei erakusteko», azaldu du. Gainera, besteek egiten dutena ikusteko ere baliatzen dute aukera. «Joerak eta dagoeneko badauden produktuak ikus ditzakegu».

Ur zirkuitua.

Tenperatura jaisteko gakoa

Samsungen azkenak oihartzun handia izan du. Galaxy lerroko bi sakelakoen berri eman du: S7 eta S7 Edge. Biek ala biek urarekin funtzionatzen duten barne zirkuituak dituzte, sakelakoa eta prozesadorea hozteko. Aurrerapen handia da, gailu elektronikoen arazo handienetako bat haien prozesadoreen tenperatura izaten baita. Teknologia hori garaturik zegoen ordenagailuetarako, baina orain arte ez zen sakelakoetan erabiltzen.

«Prozesadorearen tenperatura kontrolatzeko sistema oso ona da, eta prozesadorea hozturik dagoen bitartean sakelakoa azkarrago joango da denbora osoan», azaldu du Egoitz Gonzalez (@aldakur) informatika ingeniari tekniko eta Android garatzaileak. «Geroz eta prozesadorea ahaltsuagoak ditugu, baina horiek asko berotzen dira, eta berotzean errendimendua jaisten da; eta ordenagailu eramangarrietan haizagailuek ditugu, baina sakelakoetan ez».

Prozesadore berriekin batera, Bartzelonan aurkeztu diren sakelakoek memoria zabaltzeko eta bateriak hobetzeko lan egin dute. Adibidez, Sonyren Xperia X gailuak Qualcomm Snapdragon 820 prozesadorea erabiltzen du, eta 3GBko RAM memoria du, 32GBko gordailua eta 2.700mAhko bateria —diotenez, bi egun iraun dezakeena—.

Kamera.

Ingurukoa hobe izozteko

Argazki kamera bihurtu ziren sakelakoak aspaldi, eta haiekin egiten diren irudiak ahalik eta hobeak izateko lanetan jarraitzen dute konpainia gehienek. «Orain dela urte batzuk megapixelez hitz egiten zen, geroz eta megapixel gehiago saltzen zizkiguten. Hori benetan ez zen horrela, kamera fisikoki ona ez bada berdin duelako zenbat megapixel dituen», esan du Gonzalezek. Beraz, orain, gailua hobetzeko bidea hartu dute sakelakoen egileek, lenteak eta hobetzeko. «Megapixelen gailurrera edo iritsi gara. Gehiago egin daiteke, baina ez da beharrezkoa. Hobetu behar dira tamaina horretarako ditugun lenteak», azaldu du ingeniariak.

Xiaomik Mi5 sakelakoa aurkeztu du, eta Sonyk egin dion kamera ona dela diote. Ez da Sonyren kamera duen sakelako bakarra: BQ enpresak enpresa horren alde egin baitu Aquaris X5 Plus sakelakoaren kamerarako. Baina Sonyk baditu bere sakelakoak ere, bere kamerekin. Xperia X gailuan etxeko teknologia erabili du kamera hobetzeko, eta ilunpean selfie delakoak egiteko aukera ematen duela nabarmendu dute. Samsungen S7 eta S7 edgek ere %55 argiagoak diren argazkiak egiteko aukera ematen dute, eta ilunetan irudi hobeak egin ahalko dira haiekin. LGk ere garrantzi handia eman dio argazki kameraren funtzioei.

eSim.

Txartelik ez da

Bartzelonan aurkeztu diren teknologia berrietan, esanguratsuenetako bat dira eSim txartelak. Horri esker, etorkizun hurbilean ez da SIM txartelik beharko, beharrezkoa den teknologia sakelakoan integraturik egonen delako. «Operadorez aldatzeko aukera izanen zenuke klik bakar baten bidez», azaldu du Gonzalezek. «Teknologikoki klik batean egiteko aukera ematen du, baina legeak direla medio, ezingo da egin, erabiltzailea identifikatu behar baita».

Roaming-a ere desagertuko litzateke, eta sakelako berean hainbat zenbaki izateko aukera eskainiko luke. Bada beste onura bat: «Hardware bidez okupatzen duen espazioa nano SIM txartelean baino txikiagoa da, beraz, gailu txikiagoetan sar daiteke, adibidez, smart watch batean». Gainera, edozein gailutan SIM hori izateko aukera izango da.

Gailu modularrak.

Sakelakoak zatitzeko aukera

LG enpresak bi modulu atera ditu bere G5 sakelakoari txertatzeko: LG CAM Plus eta LG Hi-Fi Plus. Teknologia horri esker, sakelakoa nahieran diseinatu daiteke: alde batetik, bateria erraz atera daiteke. Bestetik, sakelakoa kamara edo audiorako aparailu independente bihurtzeko aukera ematen du sistema horrek. «Bateria gehiago duzu, eta adibidez, kamerarako botoi fisikoak dituzu: argazkiak egiteko botoia, zoomerako gurpiltxoa…», aipatu du Egoitz Gonzalez ingeniariak. Normalean sakelakoek aukera asko eskaintzen dituzte, baina dena pantailaren bitartez egin behar da. Kasu honetan, argazkiak egiteko botoiak erabiltzeko aukera dago, horretarako diseinatu duten modulua txertaturik. Audioarekin gauza bera gertatzen da.

Errealitate birtuala.

Errealitate dira

Bolo-bolo ibili da Mark Zuckerberg Facebookeko sortzailearen irudia. Hitzaldia eman aurretik, aretoan sartu zenik ez zuen inork sumatu. Izan ere, denak errealitate birtualeko betaurrekoak jantziak zituzten. Konektaturik egotearen paradoxak, beste gauzez bai, baina inguruan dagoenaz ez jabetzea. Horrela, Facebookek eta Samsunek haien arteko hitzarmena aurkeztu dute.

Ez dira aurkeztu diren betaurreko bakarrak izan. HTC-k errealitate birtualeko betaurreko berriak aurkeztu ditu, bideo-jokoetan erabiltzekoak: Vive Pre. Harrera ona izan dutela dirudi. Bestalde, errealitate areagotuari dagokionez, Epson enpresak lan arlorako betaurrekoak aurkeztu ditu: Moverio BT-300. Esaten dutenez, merkatuko arinenak dira. «Askotan entzun dugu, eta orain hor daude», dio Gonzalezek.

Tabletak.

Bihurgarrien aroa heldu da

Huawei enpresak sakelakoen munduarekin ez du aski, eta ordenagailu eramangarrien mundura salto egin du. Huawei Matebook aurkeztu du Bartzelonan. Bi batean: tableta eta ordenagailu eramangarria da aldi berean. Windows 10ekin dabil, eta 12 hazbeteko pantaila du. Gainera, oso arina da.

Bada bihurgarrien mundura salto egin duen beste bat: Bq Aquaris M10. Ubuntu sistema eragilea duen tableta hori bihurgarria da. Teklatua eta sagua konektatzerakoan, ordenagailu batek bezala funtzionatzen du. «Trenean tableta baten gisa erabil dezakezu, eta bulegoan ordenagailu bihurtu», dio Gonzalezek. Bihurgarrien bideari ekin diotenak geroz eta gehiago dira. «Konbergentzia hori tabletetan izan da, baina laster sakelakoetan ere izango da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude