LED bonbilak

Oier Lakuntza / 2016-03-17 / 344 hitz

Argi dago eguzkia ezinbestekoa dela Lurrean bizitzeko, baina bere argia ez da aski. Jadanik eguna ez da eguzkiaren irteerarekin hasten eta bere sarrerarekin bukatzen. Gaur egungo bizi ereduan, gauez guztiak aurrera jarraitzen du, eta horretarako argia behar beharrezkoa da.

Dena den, ezin dugu ahaztu argia sortzeak gastu bat ere eragiten duela. Zentzu horretan, Europan 2012 urtean debekaturik gelditu ziren lehenengo bonbilla tradizionalak. Izan ere, hauen errendimendua oso txikia zen. Jasotzen zuten energiaren %5 soilik bihurtzen zuten argi, gainontzeko guztia bero gisa galduz.

Hala, gaur egun ditugun bonbillen artean, errendimendurik onena lortzen dutenak LED bonbillak dira. Ni hemen ez naiz beren funtzionamenduaz hizketan hasiko, baina kontuan hartzea komeni den ezaugarri batzuk gogoraraztea ongi etorriko zaigu. Eta horietako bat, garrantzitsuena akaso, beren bizitza luzea edo iraupena da. LED bonbilla batek, 45.000 orduko bizitza izan dezake. Konparaketa bat egin dezazuen, bonbilla tradizionalen kasuan beren iraupena 1000 ordukoa izaten zen gutxi gorabehera.

Kontsumoan ere dezente aurrezten dugu LED bonbilla batekin. Izan ere, LED bonbilla batekin, bonbilla tradizional batekin izaten genuen kontsumoaren %90 aurrezten dugu gutxi gorabehera. Alegia, 100 W-ko bonbilla tradizional batekin lortzen genuen argia, 10 Wko LED bonbilla batekin lortu dezakegu.

Hirugarren ezaugarria aipatu nahi nukeena, behin eta berriz piztu eta itzaltzeak eragiten dion desgasterik eza da. Hau hobeto uler dezazuen, ezin dugu ahaztu bonbilla fluoreszente baten kasuan, behin eta berriz piztu eta itzaltzen baldin badugu honek desgaste handi xamarra eragiten diola bonbillari, eta horren ondorioz, bere aurreikusitako bizitza dezente laburtzen da.

Honekin erlazionaturik legoke baita ere, gehienezko argitasun maila lortzeko behar duen denbora. Izan ere, interruptoreari ematen diogunean, LED bonbillak istantean bere gehienezko argitasun maila lortzen du. Fluoreszenteen kasuan aldiz, interruptoreari ematen diogunetik gehienezko argitasuna lortu arte denbora bat igarotzen da.

Eta noski, ezaugarriak aipatzen hasita, prezioa ere aipatu beharko dugu. Aurreko ezaugarri guzti horietatik ondoriozta daitekeen bezala, LED bonbillen prezioa, gainontzekoena baino apur bat handiagoa da. Dena den, beren bizitza luzeak eta izaten duten kontsumo txikiak, prezio diferentzia hori erraz konpentsatzen dutela esan daiteke.

Beraz, ikusten duzue, hasiera batean LED bonbillek garestiak diruditen arren, gero nahikoa merke ateratzen dira, bai gure poltsikorako, eta baita ikuspegi ekologiko batetik ere.

Egin klik hemen grabaketa entzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.