Eginez ikasten delako

Urtzi Urkizu / 2016-04-19 / 304 hitz

Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezkoen graduan, ikasgaiekin jardun beharrean lan sekuentziekin ari dira.

Ikasgaien sistema tradizionala atzean utzi, eta lan sekuentzia jarraituen bidezko sistema jarri du martxan ikasturte honetan MU Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Komunikazioa graduaren lehen eta bigarren mailan. Ikasketa emaitzetan oinarritzen da sistema berria, eta, horretarako, lan sekuentziak sortu eta diseinatu dituzte. Ikasleei proiektu edo erronkak aurkezten dizkiete irakasleek, eta horiei erantzuna ematen aritzen dira sekuentzia amaitu bitartean, era jarraituan.

Andres Gostin Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko koordinatzailearen ustez, hezkuntzak gaurko garaietara egokitu beharra dauka: «Gizartean gertatu diren aldaketak eta ikasleen profilak aintzat hartu behar dira. Ikus-entzunezkoen alorra asko aldatzen ari da, eta hezkuntza munduak ere egokitu egin behar du. Beste gaitasun batzuk landu behar dira, beste modu batera».

Sistema berrian «diziplinartekotasuna» sustatzen ari direla nabarmendu du Gostinek: «Irakasle bat baino gehiago ari da sekuentzia bakoitzean. Hiru edo lau astez, ikasleak sekuentzia bakarrean aritzen dira lanean, eta sekuentzia horrek jarduera edo proiektu jakin bati erantzuten dio». Adibidez, datorren astetik aurrera bigarren mailako ikasleek entretenimenduzko saio bat egin beharko dute, eta sei aste izango dituzte horretarako. «Hori egiteko, lau irakasle ariko dira: batek programaren egituraren inguruko azalpenak emango ditu; beste batek, gidoiaren ingurukoak; beste bat ikusle datuez ariko da; eta beste bat, grafismoaz eta postprodukzioaz». Beste ikasgairik ez dute izango.

Lanak Goiena telebistan

Goiena telebistan, azkeneko asteetan, laugarren mailako ikasleek egindako Ezagutzera nator saioa eman dute; atal bakoitza Debagoieneko herri batean grabatu zuten. Bigarren mailakoek egingo duten entretenimendu saioa ere Goienak emango duela espero dute irakasleek.

Eginez ikasten delako teoriarekin bat egiten du Gostinek. «Eginez ikasten da, eta egiten duzunaren inguruan hausnartuz». Soslai profesional batzuk zehaztu dituzte unibertsitatean, eta, horien arabera, ikasleek zer konpetentzia eta ikasketa emaitza garatu behar dituzten definitu. «Ahalik eta proiektu errealenak garatu ditugu, ofizioari eta lan munduari begira». Sistema berriaren jarraipena ere egiten ari dira, zer hobetu ikusteko. «Ikasleek esaten digute zentratuago daudela».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude