Liburuak, moda edo plazera

Bixenta Goikoetxea / 2016-04-23 / 238 hitz

Liburuaren Nazioarteko eguna dela eta irakurtzeko ohiturei buruzko galdeketa egin du Gazteen Euskal Behatokiak. 1.500 gaztek emandako erantzunen arabera 15 eta 19 urte bitarteko EAEko gazteen %54k plazeragatik irakurtzen du; eta hori gutxi balitz, hamarretik bik jarduera artistiko gisa idazten du. Kosta egiten zait sinestea.

Inguruan ditudan gazteei begira jarrita ez nuke inondik inora esango erdiek irakurtzeko berebiziko zaletasunik dutenik, eta harrigarriki datu altua iruditzen zait erantzun dutenen %54ak euren lan eta ikasketek eskatutakoaz gain azken hilabetean beste libururen bat irakurri izana.

Sentsazioa daukat, halako galderak erantzutean denok jotzen dugula gezur txikiren batzuk esatera, gure irakurzaletasun mailak handitzera; izan ondo geratzeko, izan egoa handitzeko, izan ez garen zerbaiten itxura emateko.

Bestalde, inkesta beraren arabera emakume gazteen artean ohikoagoa da denbora pasa gisa irakurtzea: neskek %60 eta mutilek %49. Eta zer esango dizuet, ziur badela plazeragatik irakurtzen duenik, baina ez dut uste ez nesken ez mutilen %60ak eta %49ak denbora pasatze hutsagatik irakurtzen duenik, horretarako badaude Internet eta telebista bezalako erreminta estimulagarriagoak.

Badirudi pesimista xamar nagoela baina idazte datuei begira jarrita ere nahiko eszeptikoa naiz. Datuek hobera egin dute itxuraz, gazteen %21ek idazten du egin behar gisa baino idazketa jarduera artistikotzat hartuta, eta daturik altuenak 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean aurki daitezke.

Ezin ukatu emaitzak onak direnik, baina ez ditut datu hauek nire inguru hurbilean aurkitzen. Gazteen bizitzak frenetiko bihurtu dira, azkarregi doaz batetik bestera, diagonalean irakurtzen dute, pantaila dute bitartekari eta gelditzen direnean telebista pizten dute, liburu bat hartu ordez. Edo ez?

Liburuak, moda edo plazera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.