Haluzinazio bat, hasieratik bukaerara

Pello A. Zuazo / 2016-06-08 / 700 hitz

Ehun urte bete dira Franz Kafkak bere libururik ezagunena idatzi zuela: ‘Metamorfosia’. Bernardo Atxagak haren analisia egin du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolaturiko jardunaldian. Dioenez, liburua «erraz» interpreta daiteke.

Kafkari buruz irudi okerra daukagu». Bernardo Atxagaren hitzetan, idazle austriarraren irakurlanak uste baino errazago interpreta daitezke. Milaka dira Franz Kafkaren testuei buruzko interpretazioak, eta, Atxagaren aburuz, horietako batzuk «erabat deliranteak» dira.

Asteasuko idazleak Metamorfosia eleberriaren interpretazioa egin zuen atzo Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurten 100 urte bete dira Kafkak bere libururik ezagunena idatzi zuela, eta, horregatik, hura aukeratu dute Klasikoen 9. Irakurketa Jarraitua egiteko; bihar izango da, Bilboko Arriaga Antzokian.

Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiaren arduradunak eta mintzaldiaren antolatzaileak aurkeztu zuen gonbidatua: «Fikzio egile bat, beste fikzio baten inguruan hitz egiten; horixe da Bernardo Atxagak hemen betetzen duen rola». Eta gonbidatuak, nolabait, bere presentzia justifikatu zuen: «Esango nuke zilegitasun bakar batekin natorrela hona: ez bakarrik idazle bat naizela eta idazle guztiontzat Kafka erreferentzia handia dela, baizik eta oso gaztetatik Kafkaren irakurlea izan naizela, eta, beraz, Kafka barruratu zitzaidala literaturaz ezer pentsatu baino lehen. Modu inuzentean irakurtzen nuen garaian irakurri nuen aurreneko aldiz, eta, ordutik, gogoan hartu dut eta gogoan izan dut. Hori da nire zilegitasuna, eta gaur esango ditudanek hortik daukate indarra».

Atxagaren esanetan, Metamorfosia «erraz» interpreta daiteke, eta, segur aski, Kafkaren «testu interpretagarriena» da: «Metamorfosia ez da batere bitxia. Hamaika istorio entzun ditugu non eraldaketak gertatzen diren. Andre bat sorgina omen dena eta gauean katu bihurtzen dena; txakur amorratu batek hozka egin eta txakur bihurtzen den mutikoa; apo itxuraz azaltzen diren printzeak…». Kafkaren eleberrian, goiz batean intsektu bihurturik jaikitzen da Gregor Samsa protagonista, eta ingurukoek hil egin nahiko dute. Hortxe metamorfosia. Eta hortik metamorfosi horri buruz urteetan egin izan diren milaka interpretazioak.

Horrela, bada, «bosgarren hankarik ez duenari bosgarren hankarik ez bilatzen ibiltzeko», Kafkari buruz esan izan diren hainbat kontu aletu zituen Atxagak, horietako asko zalantzan jartzeko asmoz. Eta, horrela, bere interpretazioa argudiatu zuen.

Irakurtzea, erreakzionatzea

Lehenbizi, autorea haren testuinguruan kokatu zuen, eta haren «bizitzari, inguruari, atmosferari, gizarteari eta garaiari» buruzko koordenada batzuk eman zituen. Aipatu zuen mugimendu espresionistak «kutsatu» egin zuela Kafka, eta, ildo horri jarraikiz, Edvard Munch eta Alfred Kubin margolari espresionistekin lotu zuen idazle austriarraren obra. Izan ere, Metamorfosia argitaratu zuenean, Kafkak ez zuen nahi izan intsektu irudirik agertzea liburuan, «ez azalean, ez barruan, ez eta urrutitik ikusita ere». Haren lagun batek liburuaren azala Munchen Garrasia koadroa bezala egitea proposatu zion, eta halaxe egin zuen.

Halere, Atxagaren ustez, okerra da Kafka mundu espresionistarekin behin eta berriz lotzea. Haren esanetan, egile baten bizitzaren eta idatzi duenaren artean harremanak bilatzeko orduan, «eten bat, pitzadura bat, hutsune bat» gertatzen da, eta oso zaila da lerro hori marraztea.

Liburuaren eta irakurlearen arteko harremanaz ere solastatu zen. Batzuetan lotura edo harreman hori oso zaila dela esan zuen, «zerokoa», eta Kafkaren obra, «ustez», zerotik hurbil aurkitzen dela: «Kafkak ez zuen jarri ez espazioari, ez denborari buruzko seinalerik ia. Ez gara kazetaritzako 5W-en mundu horretan mugitzen, baizik eta kontrako munduan. Horregatik, askorentzat, Kafka haluzinazio bat da hasieratik bukaeraraino». Hori dela eta, haren aburuz, irakurleak batzuetan ez du modu perfektuan eta osoan jasotzen mezu literarioa. «Irakurketa, askotan, testu baten aurrean erreakzionatzea besterik ez da. Eta norbanako bakoitzak norbere erara egiten du hori».

Hortaz, «Kafkaren interpretazio infinituak» iparrik ez daukala esan, eta metamorfosiari buruzko bere azalpena eman zuen Atxagak; horretarako, haren frantsesezko itzulpena egin zuen idazlearen analisi bat oinarri hartuta.

Ondorioztatu zuen Metamorfosia-n fantasia eta haluzinazio une bakarra dagoela, eta une hori liburuaren hasiera dela, non protagonista intsektu bihurtzen den. «Hortik aurrerako dena erabat errealista da». Ondorio berari tiraka, esan zuen obran metamorfosi bat ikusten dugula, baina ez dela intsektuarena, haren familiarena baizik. «Hasieran, modu batekoak izango dira, eta, amaieran, guztiz kontrakoak».

Protagonistaren intsektu egoera hori eskema baten moduan hartzea proposatu zuen. Izan ere, uste du eskema horrek protagonistaren tokian jartzea errazten diola irakurleari. «Gizakia ez den norbaiten edo zerbaiten azalean jartzea errazagoa gerta daiteke».

Azkenik, liburua, forma aldetik, teatro pieza bat bezala idatzita dagoela azaldu zuen. «Herri teatro zalea zen Kafka. Eta liburu honek vaudeville bat ematen du: ateak itxi, ateak zabaldu… eta pertsonaiek ere vaudeville batekoak dirudite».

Horiek arretaz aztertuta, Atxagaren aburuz, argi gelditzen da Metamorfosia nola eginda dagoen, eta zergatik eragiten duen eragiten duen erreakzioa. Halere, noski, «azken jauzia, azken interpretazioa» irakurle bakoitzarena da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.