Aske izan nahi dut, ez ausart

Ana Perez eta Amaia Zubieta / 2016-11-24 / 338 hitz

Emakumezkoei eta gizonezkoei haien sozializazio prozesuan oso jarrera estereotipatuak inposatu zaizkie. Emakumeengandik espero da ahultasuna, beldurra edo segurtasun falta, beraz, babesaren beharra adieraztea. Ausardia, aldiz, ipuin tradizionaletan ikus daitekeen bezala, gizonezkoen ezaugarria da. Heroiek hainbat oztopo eta arriskuri aurre egiten diote, gehienetan bakarrik (batzuetan elementu magikoen laguntzaz).

Historian zehar, hainbat emakumek gizonen janzkera erabili behar izan dute emakumeentzat ezinezkoak liratekeen ekintzak egin ahal izateko. Gogoan ditugu, adibidez, IX. mendean 2 urtez eta 7 hilabetez Aita Santua izan zen Joan VIII.a, Joana zena; Katalina Erauso, Alferez Serora, 1592an Donostian jaioa eta soldaduz jantzita abenturaz eta peripeziaz betetako bizitza izan zuena; Mary Read, Londresko XVII. mendeko pirata, Margaret Ann Bulkey James Barry bihurtuta XIX. mendean medikuntza ikasi eta praktikatzeko; Concepción Arenal, unibertsitatera joateko gizonez jantzi behar izan zuena; etaDorothy (Billy) Tipton, saxo eta piano-jotzailea Oklahoman 1940an. Beste aldetik, gizonezko askok emozioak disimulatu behar izaten dituzte eta maskulinitateak finkatzen dituen portaerak bereganatu.

Orain, nahiz eta estereotipoak indarrean egon, gero eta ohikoagoa da emakumezkoei eskatzea eredu estereotipatutik aldentzea eta kontrako portaerak izatea, ausartak izateko gonbita eginez eta indarkeria sexistari aurre eginez. Eraso matxista salatzea eskatzen zaie, nahiz eta horrela horiek areagotu; leku ez seguruetan mugitzean sor daitezkeen arriskuei aurre egitera animatzen zaie… Aldiz, gizonen kasuan ez dago ongi ikusirik emakumezkoei atxikitzen zaizkien bizimoldeak barneratzea. Hau da, portaera maskulinizatuak ongi baloratzen dira bi sexuetan eta femeninoak, aldiz, ez.

Steilas sindikatuan, aurten, Azaroaren 25a oroitzeko eta ikastetxeetarako material didaktikoa prestatzeko, Aske izan nahi dut, ez ausart leloa aukeratu dugu, esanahi bikoitza duen leloa. Alde batetik, genero markadun estereotiporik gabeko garapen pertsonal aske bat aldarrikatu nahi dugu, eta, bestetik, ikasle guztiengan, neska eta mutil, indarkeria pairatzeko beldurrik izan gabe, pertsona oro askatasunean bizitzeko, beharrezkoak diren errespetu eta neurri sozialen kontzientzia sortu.

Bizitzaren hainbat momentutan ausardia erakustea ona izan badaiteke ere, ez litzateke ezinbestekoa izan behar egunerokoan kanpo erasoak ekiditeko defentsiban aritzea.

Pertsonen arteko harremanetan jarri nahi dugu arreta, adiskidetasunean, elkarrekiko zaintzan eta laguntzan, beharrezkoak ditugun gizarte sareetan. Era berean, esparru seguruen beharra aldarrikatzen dugu, emakumeok, ausart izan zein ez, aske bizitzeko aukera izan dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.