“Beganoa naiz animaliak ez direlako gure baliabideak”

Edurne Elizondo / 2016-11-04 / 667 hitz

Bertze animalienganako errespetuak markatzen du Idoia Jimenoren bidea (Iruñea, 1977). Beganoa da; antiespezista. Adei izeneko bederatzi hilabeteko semea du, eta hari irakatsi nahi dio Denok Animaliak taldean zenean ikasi zuen lezioa: “Bertze animaliak ez dira baliabideak”.

 

Noiztik zara begano?

2005eko urritik. 16 urte nituenean, barazki jale bilakatu nintzen. Orduan, nik uste nuen hori nahikoa zela bertze animaliak ez mintzeko. Ez nintzen ohartzen arrautzen eta esnekien atzean dagoen errealitateaz. Denok Animaliak taldean sartu nintzen arte. Informazioa jasotzen hasi nintzen, gogoeta egiten. Egun batean, Grezian, hasi nintzen baso bat esne edaten, eta argi ikusi nuen hura izanen zela azkena.

Zer aldatu zen, erabaki hori hartzeko?

Espezismoaz ohartu nintzen. Orduan bilakatu nintzen begano. Bertze animaliak baztertzen eta esplotatzen ditugu. Arrautzen eta esnekien atzean ere bada esplotazioa. Ez da alderik xerra baten edo arrautza baten artean.

Denok Animaliak izan zen Iruñeko lehen talde antiespezista. Nola gogoratzen duzu talde horretan egindako lana?

Oroitzapen hagitz onak ditut, egia erran. Talde horretan jabetu nintzen errealitateaz. Begiak ireki egin nituen, nolabait erranda. Gogoan dut taldeari buruzko kartel bat ikusi nuela karrikan, eta parte hartzea erabaki nuen. Talde txikia ginen, baina egindako lan guztia biziki eskertzen dut. Karrikara atera ginen, espezismoa salatzera, eta ez da gutxi. Finean, bertze animaliek egunero sufritzen dituzten injustiziak salatzea zen gure helburua, eta horrek betetzen gintuen. Ongi ari ginela sentitzen genuen. Bidezkoa dena aldarrikatzen ari ginelako.

Taldean espezismoaz ohartu zinela erran duzu. Zein izan zen bertze urrats bat egitera bultzatu zintuena?

Nire kasuan, bertze animalien esplotazioari buruzko irudiek eragin dute neure buruan aurrera egiteko behar nuen klik hori. Sufritzen duten egoera bere gordinean erakusten duten irudi horiek nire bihotza jo dute, zuzenean. Azkenean, ikusten ez duzun hori ez da existitzen, baina, ikusten duzunean, ez dago atzera egiterik.

Uste duzu informazioa falta dela, oraindik ere?

Uste dut baietz. Baina argi dago jende anitzek informazioa baduela bere esku, eta, hala eta guztiz ere, erabakitzen du begiak ixtea, edo bertze alde batera begiratzea, ez onartzeko errealitate horren arduraren zati bat berea dela. Gertatzen dena onartzeak ekartzen duelako zure egunerokoan aldaketak egitea, eta pribilegioak bazter uztea.

Zuretzat zaila izan da?

Ez. Familian eta lagunartean, adibidez, ez dut inolako arazorik izan.

Beganismoa elikaduraren esparrutik harago doa. Zuk nola azalduko zenuke zer den?

Ni beganoa naiz argi dudalako bertze animaliak ez direla baliabideak. Ez daude hemen nik erabiltzeko. Eta horrek esparru guztiei eragiten die, animaliak erabiltzen baititugu arlo guztietan: jateko, esperimentuak egiteko, dibertitzeko, janzteko eta abar. Nik animalien erabilera oro baztertu dut nire bizitzako esparru guztietatik.

Haur baten ama zara, eta hark ere ez du animaliarik erabiltzen.

Osasuntsu izan naiz beti, begano bilakatu nintzenetik. Informazio anitz jaso dut, eta argi nuen haurdunaldian ere ez nuela zertan arazorik izan. Nutrizionista batengana joan nintzen, batez ere, nire ingurukoak lasaitzeko. Haurdun dagoen edozein emakumek hartzen dituen bitaminak hartu nituen. Ez dut inolako arazorik izan. Haurrak bederatzi hilabete ditu, eta ederki dago.

Ingurukoak lasaitu nahi zenituela erran duzu. Sentitu duzu bertzeen presioa?

Pediatrarena, bertzeak bertze. Ginekologoak ere nire erabakiaren kontra egin zuen. Nutrizionistarekin hitz egin nuen medikuok erran zidatenari buruz, eta hark nabarmendu zuen esparru horretan gabeziak badituztela. Nazioartean, Ameriketako Estatu Batuetako nutrizionisten elkartea da ospe gehien dutenetako bat, eta argi eta garbi dio erabat begetarianoa den dieta bat, ongi antolatuz gero, erabat osasungarria eta gomendagarria dela, adin tarte guztietan. Auziari buruz informazio falta handia dago.

Italian zalaparta sortu zuen ustez beganoa zen haur baten kasuak, ospitalera eraman behar izan zutelako. “Beganismoaren inposizioaren” aurka altxatu ziren hainbat politikari. Zer deritzozu?

Izan nuen auzi horren berri. Azkenean, haurrak ez zuen dieta erabat begetarianoa ere. Edozein gurasok erabakitzen du bere seme-alabek zer jaten duten. Gizarteak berezkotzat jotzen duen arautik ateratzen direnen kontra egiten dute, bakarrik, nolabait eraso egiten dietela uste dutelako. Kezka dut, adibidez, haurra ikastolara eramateko unearekin. Nik animalia guztiak errespetatzen ditut, eta semeak ere gauza bera egitea nahiko nuke.

Ez dago zure esku, ordea. Gatazka sortzen dizu semeak begano ez izatea erabakitzen ahal duela pentsatzeak?

Bai, kezkatzen nau; kolpe latza izanen litzateke niretzat. Ezin dut ziurtatu begano izanen dela. Nik norbanako guztiak errespetatzen irakatsi nahi diot semeari, eta sinetsi nahi dut hala eginen duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude